Albistea entzun

Mobilizazioak

Hainbat erakundek eta herritarrek kalera jo dute gerra geldiarazteko

Eragile batzuek Ukrainarekiko elkartasuna nabarmendu dute; beste batzuek, berriz, armak bidali izana salatu dute.

Gerrarik Ez plataformak Bilbon egindako elkarretaratzea.
Gerrarik Ez plataformak Bilbon egindako elkarretaratzea. Foku Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2023ko otsailak 24

Errusiako armada Ukrainan sartu zenetik urtebetera, kalera jo dute herritarrek eta instituzioek, gatazkan hildakoak gogoan hartzeko eta gerra buka dadin eskatzeko. Denek salatu dute «gerraren ankerkeria eta bidegabekeria», baina ñabardurak egon dira eragileen mezuetan: erakundeek deitutako mobilizazioetan elkartasuna adierazi diote Ukrainari, eta azken urtebete honetan ukrainarrei egindako harrera nabarmendu dute; Gerrarik Ez plataformak Bilbon egindakoan, berriz, alde guztietako biktimak hartu dituzte gogoan, desertoreei ere elkartasuna adierazi diete, eta Ukrainara armak bidali izana kritikatu dute.

Eusko Jaurlaritzak ekitaldi bat antolatu du Lehendakaritzaren egoitzan, Gasteizen. Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu du, eta gogor gaitzetsi du «Errusiako armadak egindako inbasioa, gerra bitartekoekin egindakoa eta inolako justifikaziorik ez duena». Esan duenez, Errusiaren erasoa «aldebakarrekoa» izan da, eta nazioarteko zuzenbidea urratzen du.

Urkulluk elkartasuna adierazi die biktimei. Gogora ekarri du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek eta herritarrek errefuxiatu ukrainarrei egindako harrera, eta gizarteak erakutsitako konpromisoa eskertu du. Sostengua adierazi dio «Europako eta nazioarteko erantzun bateratuari», eta, «aldebakarreko inbasioa amaitzeko» aldarriarekin batera, «bake justu eta iraunkorra ekarriko duten bide diplomatikoak» jorratzearen egokitasuna ere azaldu du.

Udalerrietan ere bai

Eudelek ere mobilizaziorako deia egin du, eta elkarteko kide diren udalerrietan elkarretaratzeak eta bost minutuko isilaldiak egin dituzte. Bilbokoan, bertako alkate Juan Mari Aburtok «etxeko lanak egiteko» eskatu dio nazioarteko diplomaziari, «bigarren urteurreneko mobilizaziorik egin behar ez izateko». Gasteizkoan, berriz, Gorka Urtaran alkateak esan du bakea ez dela soilik gatazka armaturik ez egotea: «Bakea balio batzuk errespetatuz lortzen da: demokrazia, askatasuna, berdintasuna, eta giza eskubideen, nazioarteko zuzenbidearen eta lurralde osotasunaren errespetua».

Bilbon, berriz, Gerrarik Ez plataformak elkarretaratzea egin du, eta EHUko katedradun izandako Pedro Ibarrak eta Steilas sindikatuko Iratxe Barastayk agiri bat irakurri dute. Gatazkak jardunbide militarren bidez konpontzeko joera kritikatu dute: «Gure agintariei eskatzen diegu gerra ez sustatzeko, elkarrizketaren bidez irtenbide bat bilatzeko. Europako herri guztien arteko bizikidetza nahi dugu». Errusiaren erasoa, NATOren «hedatzeko nahia» eta Europako gobernuen «militarismoa» kritikatu dituzte.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, atzo, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute ez dela betetzen hizkuntza gutxituen euroituna

Ion Orzaiz

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute Espainiako eta Hegoaldeko erakundeak ez direla ari betetzen hizkuntza gutxituen ituneko konpromisoak. Txostena helaraziko diete Europako adituei

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Inigo Urkulllu eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Leioako (Bizkaia) Txomin Arretxe ikastetxean. / ©Aritz Loiola, Foku

Gaur amaituko da Hezkuntza Legeari zuzenketak jartzeko epea

Irati Urdalleta Lete

Ikusteko dago EAJren eta PSE-EEren zuzenketek zer jasoko duten hizkuntza ereduei buruz. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak agerraldia egingo du, mobilizazio bat iragartzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...