Euskal presoak

Juan Karlos Subijana espetxera itzuli da, epaileak hirugarren gradua kenduta

Subijanak hemeretzi urte daramatza preso, eta hirugarren graduan zegoen abuztutik. Sarek manifestaziora deitu du ostegunerako.

Ainhoa Barbarinen gradu erregresioa salatzeko manifestazioa, aurreko astean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 28a
10:48
Entzun

Etxerat elkarteak jakinarazi du Juan Karlos Subijana euskal presoaren gradu erregresioa agindu duela Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak. SubijanaBasauriko kartzelara (Bizkaia) itzuli da, bigarren graduan. Sarek mobilizatzeko deia egin du: ostegunean, 19:00etan manifestazio bat egingo dute, Gasteizko Bilbo plazatik abiatuta.

Preso gasteiztarrak hemeretzi urte daramatza preso. 2021eko otsailean Euskal Herriratu zuten, Mansillatik (370 kilometrora), eta hirugarren graduan zegoen iazko abuztutik. Etxerat elkarteak «ezinegona» adierazi du, Subijanaren eskubideak urratu direlako: «Bada garaia, behingoz, euskal preso politikoei legedi arrunta aplikatzeko eta etorkizuneko elkarbizitza eraikitzen joateko».

Hilabete honetan Ainhoa Barbarin eta Asier Karrera euskal presoek ere espetxera itzuli behar izan dute, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak fiskaltzaren eskaerei men egin ostean. Etxerat-en datuen arabera, aurten lau preso itzularazi dituzte bigarren gradura. Iaz, berriz, zortzi gradu erregresio agindu zituen Auzitegi Nazionalak, eta 2021ean, beste bat.

Foro Sozialak ere ostiralean salatu zuen Auzitegi Nazionalaren jarrera «oztopatzailea», euskal presoei ohiko espetxe araudia aplikatzea «blokeatu» duelako. Foroaren datuen arabera, iaz onartutako hirugarren graduen bi herenen aurka egin zuen fiskalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.