Hauteskundeak

Parlamenturako eta Iruñeko Udalerako zerrendak hautatuko ditu asteon EH Bilduk

Koalizioko militanteek larunbatera arteko epea dute aurkeztutako zerrendaren inguruan bozkatzeko.

Laura Aznal parlamentuko zerrendaburua. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2023ko otsailaren 28a
13:29
Entzun

Laura Aznal Parlamenturako zerrendaburu, eta Joseba Asiron Iruñeko Udalerako. Bi zerrendetako gainerako hautagaien berri eman du koalizioak. «Esperientzia eta Nafarroarekiko maitasuna eta ezagutza sakona» dira berritasun, bidalitako oharraren arabera.

EH Bilduren arabera, hautagaitzak aurkezteko epea otsailaren 22an amaitu zen, eta, ikusita ez dela ekarpen gehiagorik jaso, proposamen hori militanteen eskura jarriko dute, bozka dezaten. Koalizioak parekidetasunari eutsi dio bai parlamentuan eta bai zerrendetan.

Parlamentuan, Aznalen atzetik Adolfo Araiz egongo da: parlamentari izana da aurreko legealdietan, eta ezagutza sakona du ganberan jorratzen diren gai askoren inguruan. Hirugarren postuan, berritasunetako bat ageri da: Eneka Maiz, Etxarri Aranazko alkate ohia.

Ez da parlamentuko zerrendetan egongo den udal ordezkari bakarra. Udal arloari ematen dioten pisua adierazteko, Mikel Zabaleta Leitzako alkatea joango da bederatzigarren postuan, Esther Lakasta Basaburuko zinegotzia hamargarren tokian eta Oihan Mendo Garesko alkatea 11.enean.

EAko sektore kritikoko inor ez

EAko zuzendaritzako ordezkari gisa, Xebe Txoperena egongo da, laugarren postuan. Hala ere, deigarria da ikustea Nafarroako sektore kritikoak ez duela ordezkaririk: sinbolikoki hamabigarrena eskaini bazitzaion ere –lortzeko aukera gutxi baititu– , uko egin diote.

Kritikoek salatu dutenez, koalizioari hautagaia proposatzeko orduan EAko zuzendaritzak ez du aintzat hartu Nafarroako militanteen gehiengoa. Leitzan egindako batzar batean aukeratu ziren hautagaiak, otsailaren 6an, eta, zuzendaritzak ustez gehiengoa izanagatik, galdu egin zuen. Iñaki Esnal gailendu zitzaion Txoperenari.

Haatik, zuzendaritzaren arabera, EAko batzar nazionalari dagokio hautaketa egitea, «estatutuen arabera hautagaiak hautatzeko organo bakarra baita». Hala, batzar nazionalak hautatu zituen maiatzeko foru eta udal hauteskundeetarako EH Bilduri proposatu dizkion izenak, eta horien artean zegoen Txoperena.

Asteburu honetan, Carlos Garaikoetxea EAko presidente ohiak eta alderdiko 200 goi kargudun eta afiliatuk, idatzi batean, barne demokrazia, arauak eta afiliatuen iritzia aintzat ez hartzea leporatu diote Eba Blancori; EH BIiduk horren harira erakutsitako «isiltasun ozena» ere salatu dute.

Beste berritasunak

Bosgarren postuan, Javier Arza NUPeko Soziologia Departamentuko irakaslea egongo da, eta zortzigarren tokian, berriz, Nafarroa XXI egitasmoko ordezkari Irati Jimenez abokatua. Seigarren eta zazpigarren postuetan, Arantxa Izurdiaga eta Txomin Gonzalez egongo dira berriz ere.

Iruñeko Udalean, ondo ezagutzen dituen kideak izango ditu Asironek: bigarren postuan, Garbiñe Bueno; hirugarrenean, Joxe Abaurrea; laugarrenean, Maider Beloki; bosgarrenean, Endika Alonso; seigarrenean, AItziber Campos, zazpigarrenean, Borja Izagirre; eta zortzigarrenean, Zaloa Basabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.