Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzak zenbait ikasgelatako ratioak jaitsiko ditu

Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretua onartu dute gobernu kontseiluan. Ikastetxe publikoetan, ikasgelako gehienez egon daitekeen haur kopurua apaldu dute; itunpekoetan, zenbait mailatan aukera izango dute ikasle gutxiagoko gelak osatzeko.

Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz, gaur goizean, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko otsailaren 28a
13:33
Entzun

Eusko Jaurlaritzak iragarrita zeukan, eta gaur berretsi du: zenbait mailatan ikasgeletako ratioak jaitsiko dituzte. Abuztuan jarri zuten jendaurrean unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretu proiektua, eta gaur onartu dute gobernu kontseiluan. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak prentsaren aurrean xehatu ditu berrikuntza nagusiak, bilkura amaitu berritan.

«Aldaketa nagusia» ratioena dela nabarmendu du. Ikastetxe publikoei dagokienez, gutxieneko ratioak ez dituzte jaitsi; bai, ordea, ikasgelan gehienez egon daitezkeen ikasleen kopurua. Dekretuan jaso dutenez, Haur Hezkuntzako ratioak mantendu egingo dituzte: gehienez hamazortzi ikasle egongo dira lehen zikloan, eta 23 bigarren zikloan. Dena den, esan du sindikatuekin adostuta daukatela gehienez hogei izango direla bigarren zikloan eta horri eusten diotela. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, aldaketarik ez: 25 ikasle egongo dira gelako gehienez. LH Lehen Hezkuntzan eta Batxilergoan daude aldaketak: LHn, 25etik 23ra jaitsi dituzte ratioak; Batxilergoan, 30etik 27ra.

Itunpeko ikastetxeei dagokienez, berriz, ikasgelak osatzeko gutxieneko ratioetan daude aldaketak; hau da, ikasle gutxiago dituzten ikasgelak osatu ahalko dituzte: HHn eta LHn, gutxienez hamazazpi ikasle eduki behar zituzten ikasgela bakoitzean; aurrerantzean, hamahirurekin nahikoa izango dute. Gehienezko ratioetan ez da aldaketarik egongo: HHko bigarren zikloan, hamazortzi; HHko bigarren zikloan, 25; LHn, 25; DBHn, 30; eta Batxilergoan, 35.

Aldaketa ez dute egun batetik bestera egingo. Ikastetxe publikoetan, datorren ikasturtean sartuko dira indarrean 3 eta 4 urtekoen geletan; 5 urteko umeen geletan, 2024-2025eko ikasturtetik aurrera; LHn, 2023-2024ko ikasturtetik «pixkanaka» LH1en, LH3n eta LH5en; eta Batxilergoan ere «pixkanaka», lehenengo mailatik hasita.

Segregazioaren kudeaketa

Ratioena ez da izango aldaketa bakarra. Sailburuak azaldu duenez, ikasleen onarpen dekretu berriari jarraituz, dekretu honetan ere jaso dute ikasle zaurgarrientzako lekuak gorde beharko dituztela ikastetxeek. Halaber, aipatzen du diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek dutela «erantzunkidetasuna» urte barruan matrikulatzen diren ikasleak modu orekatuan eskolatzeko. «Helburua da ikastetxe batean ikasle zaurgarrien proportzioa ez handitzea bere eragin eremuko ikastetxeekin alderatuta».

Beste aldaketa bat ere badago: «Eskola maparen kontzeptu malguagoa sartzen du, eskola mapa moldagarriago bat, sortu daitezkeen aldaketa soziodemografikoen arabera aldatuko dena».

Zuzendaritzen dekretua

Beste dekretu bat ere onartu dute gaurko gobernu kontseiluan, ikastetxe publikoetako zuzendaritza eginkizunetarako sarbidea, prestakuntza, ebaluazioa, aintzatespena eta kargu uzteak arautuko dituena. Dena den, Bildarratzek ez du xehetasun gehiago eman, eta ziurtatu du etzi emango dutela haren berri, prentsaurreko batean.

BERRIAk irailean eskuratu zuen dekretu horren zirriborra. Besteak beste, aipatzen zuen zuzendari postuan zortzi urte igarotzen dituzten ikastetxe publikoetako zuzendariek urtebetean ez dutela irakaskuntzan aritu beharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.