Finantzak

Euriborra %3,534ra heldu da otsailean

300 euroren bueltan garestituko zaie hileroko kuota 150.000 euroren hipoteka berri bat orain eguneratu behar dutenei.

Tasa aldakorreko mailegua dutenek kuota handiagoa ordaindu beharko dute. J.L.CEREIJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 28a
15:34
Entzun

Udan eta udazkenean baino motelago bada ere, goranzko bidean dago oraindik ere Euriborra. Tasa aldakorreko hipoteka gehienak kalkulatzeko erabiltzen den indizea %3,534ra iritsi da otsailean. Urtarrilarekin alderatuz gero, igoera ez da oso handia —0,197 puntu—, baina bai, ordea, iazko otsailarekiko aldea: 3,87 puntu dira, 24 urteko historian Euriborrak urte batean izan duen gorakadarik handiena.

Hipoteka gehienak urtero eguneratzen direnez, urte arteko aldea da garrantzitsuena, batez ere otsaileko datuarekin egin behar dutenentzat. Garestitze handia izango dute gehienek, eta batez ere hipoteka duela gutxi kontratatu zutenek. Horrela, 150.000 euroren mailegu bat, 25 urtean itzuli beharrekoa, Euribor gehi %0,5eko tasarekin, 506 euro ordaintzen aritu dira azken urtean; eguneratzen dutenean, berriz, 794 euro izango dira.

Kopuru hori txikituko da mailegua aspaldi eskatu zutenentzat. Izan ere, Hego Euskal Herrian gehien erabiltzen den sistema frantsesa da, eta, haren arabera, hipotekaren lehen urteetan interes gehiago ordaintzen dira, eta azkenekoetan batez ere maileguan hartutako kapitala kitatzen da.

Gorako bidean

Hurrengo asteetan Euriborra gehiago igotzea espero da, gora egin behar baitute Europako Banku Zentraleko interes tasek ere, eta horiei lotuta dagoelako Euriborraren bilakaera ere. Otsailaren hasierako bileran beste puntu erdi igo zituen, %3raino, eta orduan Christine Lagarde EBZko presidenteak oso garbi utzi zuen martxoaren 16ko bileran beste puntu erdi igotzeko asmoa zutela, %3,5eraino.

Oso litekeena da azken igoera ez izatea, eta gehiago izatea maiatzaren 4ko bileran. Orduan 0,25 edo 0,50 izango ote den ez dago hain garbi, ordurako inflazioak izaten duen bilakaeraren araberakoa izango baita: prezioek beheranzko bide sendoa hasiz gero, igoera apalagoa izango da, eta handiagoa EBZk erabakitzen badu orain arteko pilula ez dela nahiko indartsua izan.

Euroguneko inflazioaren lehen datua etzi aurreratuko du Eurostatek, eta urtarrileko %8,6tik behera pixka bat izatea espero da. Edonola ere, gaur Espainiako eta Frantziako estatistika erakundeek aurreratutako datuetan igoera txiki bat ikusi da, eta horrek atezuan jarri ditu EBZko burukideak.

Gauzak horrela, baliteke Euriborra %4era iristea edo handik oso hurbil geratzea udaberrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.