Albistea entzun

Diru politika

EBZk %3ra igo ditu interesak, eta martxoan %3,5era iristeko asmoa du

Eurogunea atzeraldian ez sartzeak eta inflazioa jaisteak ez du banku zentrala iragarritako bidetik atera. Interes tasak mugatik «urrun» daudela esan du Lagardek

Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur.
Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur. FRIEDEMANN VOGEL / Efe Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko otsailak 2 11:09

Euroguneko azken datu ekonomikoak uste baino txukunagoak izan dira, baina horrek ez du Europako Banku Zentrala bere bidetik aterako. Energiaren eta Ukrainaren gerraren eskutik kontrolpetik ihes egin dion inflazioa jaistea du helburu, %2ra epe erdian, eta horretarako uztailean hasitako tratamendua —interes tasak igotzea— funtzionatzen ari dela uste duenez, pilula gehiago ematea erabaki du: beste puntu erdiz handitu ditu bere interes tasak, eta martxoaren 16ko bileran gauza bera egiteko «asmoa» duela aurreratu du. Hortik aurrera zer egingo duen? Datuek esango dute.

Gaurko erabakiarekin, interes tasa ofiziala %2,5etik %3ra pasatu da, eta maila horretan izango da hurrengo hilabete erdian. Kopuru hori ordaindu behar diote euroguneko bankuek EBZtik haren dirua hartu nahi badute. Aitzitik, sobran daukaten likidezia EBZn utzi nahi badute, %2,5 eman beharko diote, orain arte baino puntu erdi gehiago; gordailu tasa deritzo horri, eta adituek gero eta gehiago erreparatzen diote.

Gaurko bileran interes tasak puntu erdia handituko zuela gauza jakina zen, abendukoan modu oso garbian iradoki zuelako, eta martxokoa ere «telegrafiatuta» dagoela onartu du Christine Lagarde EBZko presidenteak. Adierazpen horrek talka egiten du bankuan «bileraz bilera» jokatuko duela dioen aldarrikapenarekin, baina Lagardek beren jokaera zuritu du: «Ez da %100 ziurra martxoan 0,5 puntu igoko ditugunik, baina hori egiteko asmo oso sendoa daukagu, eta uneotan ez dut ikusten bide hori ez jarraitzeko aukerarik».

«Oso urrun gaude»

EBZ noraino iritsiko den galderei zeharka erantzun die Lagardek: «Beharrezkoa dena egingo dugu %2ko inflazioa lortzeko. Oso urrun gaude oraindik». Ez da hori Mendebaldeko beste bi banku zentral nagusien iritzia; AEBetako Erreserba Federalak %4,75era handitu ditu interes tasak, eta Ingalaterrako Bankuak %4ra, baina biek iradoki dute goia jotzetik gertu daudela.

EBZn, berriz, interes tasak oraingoan eta hurrengoan 0,5 puntu igotzeko erabakiak «oso adostasun zabala» izan duela azaldu du Lagardek, baina pentsatzekoa da martxoan, inflazioak behera egiten jarraitzen badu, berriro piztuko dela belatzen eta usoen arteko lehia historikoa: inflazioa kosta ahala kosta ito behar dela diotenak dira belatzak, eta hazkunde ekonomikoa bera itotzeko arriskuari erreparatzen diotenak, berriz, usoak.

Alde horretatik, iragarpen beltzenak ez dira bete, euroguneko ekonomia ez zelako atzeraldian sartu 2022ko azken hiruhilekoan. Eurostatek asteartean kaleratutako datuen arabera, %0,1 hazi zen 2022ko hirugarren hiruhilekotik laugarrenera.

Inflazioa, behera

Aldi berean, inflazioak beherako bidea hartu du, energia merkatu egin delako azken hilabeteetan eta, Lagarderen esanetan, «diru politikak funtzionatzen duelako». Urrian %10,6ra iritsi zen eurogunean, euroa diru denetik inoiz ikusiko gabeko kopuru batera. Orduz geroztik, apaltzen ari da: abenduan %9,2ra jaitsi zen, eta urtarrilean uste baino beherago egin du, %8,5eraino.

Kopuru handia da oraindik ere, eta bi kopuru kezkagarri ditu atzean. Herritarrentzat, eta batez ere diru sarrera apalak dituztenentzat, elikagaiak duela urtebete baino %14 garestiago daude —%13,8, abenduan—. Bankari zentralentzat, berriz, kezkagarriagoa da azpiko inflazioarena (%5,2); elikagai freskoak eta energia alde batera uzten dituen indize horrek erakusten du zein neurriraino dagoen inflazioa ekonomiaren sustraietaraino sartuta. EBZren asmoa da interes tasak azpiko inflazioaren mailara heltzea, hartara jarduera ekonomikoa murrizteko neurrira iristeko—uneotan, maileguen interes erreala negatiboa da, inflazioaren azpitik daudelako—. «Maila murriztaile batera iritsi behar dugu», azpimarratu du Lagardek.

Euroaren eremuko gobernuei mezu bat igorri die EBZk: buka ditzatela lehenbailehen herritarrak eta enpresak energia garestitik babesteko neurriak, halakorik ez egiteak epe erdira inflazioa handituko duelako.

Euriborra, %3,5eko bidean

EBZk interes tasak handitzeak ondorio zuzena du herritarren eta enpresen artean, maileguak garestitzea baitakar. Indizerik ezagunena, Euriborra, %3,446ra iritsi da gaur. Horren ondorioz, tasa aldakorreko hipoteka mailegua orain berritu behar dutenek gehiago ordaindu beharko diote bankuari. Igoera berrehun eurotik gorakoa da hilero mailegu berria dutenentzat —indarraldiaren lehen urteetan interes handiagoak ordaintzen dira—, baina txikiagoa da hipotekaren zati bat dagoeneko itzuli dutenentzat —batez ere, maileguan hartutako dirua ordaintzen dute—.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nupes ezkerreko koalizioko diputatuak gobernuaren eta haren errtretaren erreformaren aurkako kartelekin, atzo, Frantziako Asanblean. ©TERESA SUAREZ / EFE

Erretreten erreforma onartuta geratu da, Frantziako Gobernuak zentsura mozioa doi-doi gainditu ostean

Iker Aranburu

Erreforma geratzeko azken saioak huts egin du, baina gehiago ahuldu du Frantziako Gobernuaren kapital politikoa.

Credit Suisseren akzioen azken egunetako bilakaera erakusten duen grafikoa, atzo, Zuricheko burtsan. ©E. L. / EFE

Banku zentralek merkatuak lasaitu dituzte elkarri likidezia ziurtatuz

Imanol Magro Eizmendi

Credit Suissek porrot egin ostean adostu dute akordioa, eta banku gehienek kolpea saihestu dute

Burgen Kingek inoizko moto eskari handiena egin zion iaz. ©Nuuk

Nuuk enpresaren kapitalean sartu da Eusko Jaurlaritza

Aitor Biain

Hiru milioi euroko inbertsioa egin du, Ezten arrisku kapitaleko funtsaren bitartez.

Budapesten martxan dauden CAFek egindako tranbiak. ©CAF

CAFek 100 milioi euroko bi kontratu erdietsi ditu Hungarian eta Espainian

Aitor Biain

Budapesterako 31 tranbia egingo ditu, eta sei Sevillako Alcala de Guadairarako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.