Krisi demografikoa

0-3 urte arteko haurrak dituzten familientzako diru laguntzen gida

Gaurtik aurrera eska ditzakete 0-3 urte arteko haurrak dituztenek 200 euroko hileroko laguntzak.

Guraso bat eta haur bat, eskolara bidean. GUILLAUME FAUVEAU
Julen Otaegi Leonet.
2023ko otsailaren 28a
19:30
Entzun

Indarrean dira 0-3 urte arteko haurrak dituzten familientzako 200 euroko laguntzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horiez gain, 3-7 urte bitarteko haurrentzako ere aurreikusi ditu Eusko Jaurlaritzak. Hona hemen eskaerak egiteko gida eta argibideak:

Nork eskatu ditzake laguntzak?

3 urte arteko haurrak dituzten familiek eskatu ditzakete. Seme-alaba bakoitzeko 200 euroko diru laguntza emango die Jaurlaritzak hilero. Jaiotzagatik, adopzioagatik, tutoretzagatik edo adopzio aurreko bizikidetzarako zaintzaren delegazioagatik egin daiteke eskaria.

Beste laguntza mota bat ere bada. Familia ugariek hilean 100 euro jaso ahalko dituzte, hirugarren seme-alaba edo ondorengo bakoitzagatik, 3 urte betetzen dituenetik 7 urte bete arte.

Desgaitasunen bat duten haurren kasuan

Haurrak gutxienez %33 desgaitasun edo mendekotasunen bat aitortuta badu, aurreikusitako laguntzak bikoiztu egingo dira. Hau da, 0-3 urte artean hilero 400 euro jasoko dituzte; eta familia ugarien kasuan, hilero 200 euro.

Noiz eta nola egin daiteke eskaera?

Gaur ireki da laguntzak eskatzeko epea, eta 2023ko urriaren 31ra arte egongo da zabalik. Atzerako eragina dute laguntzek, 2023ko urtarrilaren 1era artekoa. Eskaera epe hartatik kanpo aurkeztuz gero —azarotik aurrera—, laguntza eskaera egiten den hilabetetik aurrera kobratuko dute familiek.

Bi modutan aurkeztu daitezke eskaerak. Batetik, elektronikoki, helbide honen bidez. Bestetik, aurrez aurre: udaletan, Correosen posta bulegoetan, edo hiru hiriburuetako Zuzenean bulegoetan —azken horietarako hitzordua hemen eskatu daiteke, edo telefono bidez (945-01 90 00)—.

Bateragarria al da orain arteko laguntzekin?

Laguntza hori bateragarria izango da egungo kenkari fiskalekin eta baita diru sarrerak bermatzeko errentak seme-alabak izateagatik jada ematen dituen diru laguntzekin ere.

Erditze edo Espainiako adopzio anizkoitzekin, zer?

Erditze anizkoitza duten eta adopzio anizkoitza egiten duten familiek aparteko diru laguntza jasoko dute, hilerokoaz gain. Kontuan hartuko da, horretarako, familia errenta estandarizatua —hemen kalkulatu daiteke—.

Eragiketa bat egin beharko da laguntza kalkulatzeko, eta bertan erabili beharko haztapen faktorea baldintzatuko du errenta estandarizatuak. 20.000 euro azpiko errentetan, haztapen faktorea 2 izango da; 20.000 eta 30.000 bitartekoetan 1,5 izango da; eta 30.000 eurotik gorakoetan 1 izango da. Hau da formula:

2.000 x (erditzean edo adopzioan izandako seme-alaba kopurua − 1) x haztapen faktorea

Adibidez: hiru haur izan dituen familia batek 25.000 euroko errenta estandarizatua du. 2.000 x 2 x 2,5 = 10.000 euro jasoko ditu familiak.

Eta nazioarteko adopzioen kasuan?

Nazioarteko adopzioek, bakarrak zein anizkoitzak izan, aparteko diru laguntza bat ere jasoko dute. Hemen ere familia errenta estandarizatua eta haur kopurua hartu behar da kontuan:

2.000 euro (lehen semeari edo alabari dagozkionak) + 1.500 euro (gainerako seme edo alaba bakoitzeko) x familia errenta estandarizatuari dagokion haztapen faktorea.

Adibidez: atzerriko bi haur adoptatu dituen familia batek 30.000 euroko errenta estandarizatua du. (2.000 + 1.500) x 1 = 3.500 euro jasoko ditu familiak.

Non kontsulta daitezke zalantzak?

Hainbat bide jarri ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila informazio gehiago lortzeko eta kontsultak egiteko.

Hileroko laguntzen webgunea
Telefonoa: 945-06 20 40
Posta elektronikoa: [email protected]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.