Grezia

Gutxienez 36 lagun hil eta 130 zauritu dira Grezian, bi trenek elkar jota

Ospitaleratuta daude 66 zauritu; haietatik sei, zainketa intentsiboetako unitatean. Merkantzia trena zen bata, eta bidaiariena bestea. Parez pare jo dute elkar, giza akats baten ondorioz.

Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 1a
08:10
Entzun

Tren istripu larria gertatu da bart Grezian: errailez nahastu da bidaiarien tren bat, eta parez pare jo du merkantzien tren bat. Errailetik atera dira zenbait bagoi, eta su hartu dute haietatik hiruk. Suhiltzaileek helarazi duten azken eguneraketaren arabera, 36 lagun hil dira gutxienez, eta zaurituta daude 130. Ospitaleratuta daude 66, haietatik sei ZIU zainketa intentsiboetako unitatean. Lanean jarraitzen dute erreskate zerbitzuek, eta litekeena da hildakoen kopuruak gora egitea datozen orduetan.

Istripua izan duten trenak, gaur goizean.ACHILLEAS CHIRAS / EFE

Denera, bi trenen artean, 366 bidaiari zituzten (346 bidaiari eta hogei tripulatzaile), Hellenic Train enpresak jakinarazi duenez. Salonicatik Larisara zihoan bidaiarien trena, eta istripua Tempe izeneko herritik hurbil gertatu da, Atenas hiriburutik 300 kilometro iparraldera. 23:00ak aldera jo dute elkar bi trenek, eta berehala bertaratu dira hara larrialdi zerbitzuak: tartean, 40 anbulantzia eta 150 suhiltzaile. Polizia eta armada ere lanean dabiltza.

Lehen zantzuen arabera, giza akats batek eragin du istripua, baina xehetasunak ikertzen ari dira. Abiadura handian zihoazen bi trenak, eta istripuan bertan hil dira bien gidariak eta tripulatzaileak. Arduradunek adierazi dutenez, lehen hiru bagoiak 1.200 eta 1.500 gradu arteko tenperaturetara heldu dira.

Bestalde, Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak iragarri du hiru dolu egun dekretatu dituztela, gaurtik ostiralera arte. Bertan behera geratu dira ospakizun publiko guztiak.

Errailetik atera dira zenbait bagoi, eta su hartu dute horietatik hiruk.ACHILLEAS CHIRAS / EFE

Kostas Geridunias Greziako tren gidarien elkarteko presidenteak, berriz, ERT telebista katean salatu du «oso egoera txarrean» dagoela herrialdeko trenbide sarea: «Ezerk ez du funtzionatzen, dena eskuz egiten da. Semaforoak ere ez daude behar bezala. Funtzionatuko balute, gidariek ikusiko lituzkete gorri daudenean, eta garaiz geratuko lirateke», adierazi du.

Istripua gertatu eta ordu batzuetara, atxilotu egin dute Larisako tren geltokiko burua; fiskaltzak zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delitua egozten dio. Tokiko hedabideen arabera, atxilotuak adierazi du errailez aldatzeko agindua eman ziola trenari, baina sistemak ez ziola jaramonik egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.