Musika

Pavement taldea kartelburua izango da BBK Live jaialdian

Roisin Murphy, Perfume Genius, Arca, Young Fathers, Desire, Neo Pistea eta Judeline ere batu dira Bilboko musika festibalaren programaziora. Uztailaren 6tik 8ra egingo dute jaialdia, ohi bezala, Kobetamendin.

Pavement taldea, iaz, Bartzelonako Primavera Sound jaialdian. ALEJANDRO GARCIA / EFE
mikel lizarralde
2023ko martxoaren 1a
12:29
Entzun

Pavement, 1990eko hamarkadako rock independentearen ikur nagusietako bat, Bilboko BBK Live jaialdian izango da aurten, uztailaren 7an, zehazki. Antolatzaileek iragarri dutenez, AEBetako taldea kartelburua izango da egun horretan.

1989an sortu zuten Pavement Stocktonen (AEB), eta, hamar urteko ibilbidean, bost disko luze argitaratu zituen taldeak. Slanted and Enchanted (1992) eta Crooked Rain, Crooked Rain (1994) diskoekin pop eta rock independentearen ordezkari garrantzitsuenetakoa bilakatu zen, eta mundu osoko taldeetan izan zuen eragina. Noise-poparen eta lo-fi soinuaren aztarnak zituzten bandaren lehenengo kantuek, baina, poliki-poliki, molde klasikoagoa zuten abestiak ere konposatuz joan zen Stephen Malkmus kantariak gidatzen zuen taldea. Wowee Zowee (1995), Brighten the Corners (1997) eta Terror Twilight (1999) horren erakusle izan ziren.

Orduz geroztik, noizbehinka elkartu dira, eta aurten Bilbon izango dira.

Pavementez gain, programaziora batu diren beste artista batzuen izenak ere iragarri ditu BBK Livek: Roisin Murphy, Perfume Genius, Arca, Young Fathers, Desire, Neo Pistea eta Judeline.

Ostegunez hasiko da BBK Live, eta lehenengo egun horretan Florence + The Machine, The Chemical Brothers, Arca, Fever Ray, M83, Bengo eta Delaporte ariko dira, besteak beste.

Bigarren egunean, Pavementez gain, honako hauek igoko dira Kobetamendiko oholtzetara, beste batzuen artean: Phoenix, The Blaze, Jamie XX, The Murder Capital eta Rudiger.

Larunbatean, azkenik, Artctic Monkeys kartelburuarekin batera, Idles, Love of Lesbian, Perfume Genius, Eneritz Furyak, Merina Gris eta Young Fathers izango dira jaialdian, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.