Kaledonia Berria

Kaledonia Berriko independentistak elkartuta itzuliko dira negoziazioetara

Frantziako Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroa Ozeaniako uhartedi hartan izango da bihartik igandera arte, estatus berriari buruzko aldebiko elkarrizketekin jarraitzeko.

Gerald Darmanin Frantziako Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroa —irudiaren erdian—, iragan azaroaren 28an, Noumean, bilkura batean. @GDARMANIN
ander perez zala
2023ko martxoaren 1a
14:39
Entzun

Kaledonia Berriko independentistak negoziazio mahaira itzuliko dira, eta badirudi inoiz baino indartsuago itzuliko direla. FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakaren iragan asteburuko kongresuak, behintzat, sentsazio hori helarazi du, Frantziatik ateratzearen aldekoek batasuna berreskuratzea erabaki baitzuten, uhartediaren estatus berriari buruz bihar berriz abiatuko dituzten aldebiko elkarrizketei begira. Aliantza hori osatzen duten alderdiak, horretatik kanpo daudenak, sindikatuak... Denek ondorioztatu zuten, aho batez, «oinarri komun bat» beharrezkoa zela Parisekin hitz egiteko. Esan eta egin: «burujabetza osoa» lortzea hitzartu zuten, historikoa den adostasun baten bitartez.

Gerald Darmanin Frantziako Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroa bigarrenez izango da Kaledonia Berrian, bihartik igandera arte. Bisita erabat politikoa da, batez ere negoziazioen muinean sartu nahi baitu independentistekin eta loialistekin; lehen bisita, iragan azaroaren amaierakoa, alderdi politikoak entzun eta metodo bat finkatzeko baliatu zuen, eta horren ondorio da egunotako bilera sorta, Frantziatik ateratzearen aldekoek argudiatu baitzuten elkarrizketek aldebikoak behar zutela.

Deskolonizazio prozesuko hirugarren erreferendumak, 2021eko abenduaren 12an egindakoak, hautsak harrotu zituen, eta oraindik nabari dira horren ondorioak. Independentisten boikotarengatik —koronabirusaren pandemia aitzakia hartuta—, parte hartzea %43,87koa izan zen —aurreko bietan, %83 ingurukoa—, eta horrek eragin zuen ezezkoak berriz ere irabaztea, botoen %96,5 bilduta. Subiranistek kontsulta berriz egiteko eskatu zuten, baina, Parisen ezezkoa jaso zutenez —Frantziako Estatu Kontseiluaren babesarekin—, giroa nabarmen gaiztotu zen.

Orain, espero da negoziazioek beste era bateko tonua izatea, independentistek esan baitute «bideak eta baliabideak» bilatu nahi dituztela «ikusgaitasun instituzional hobe baterako beharrezkoa den elkarrizketa eraikitzaile eta politiko bat berritzeko». Eta, hain justu, horregatik erabaki dute batasunaren alde egitea.

«Garrantzitsuena independentisten, progresisten eta nazionalisten batasuna da. Hamar egitura baino gehiago zeuden antolatzeko. Guretzat, historikoki, garrantzitsua da, eta ikusten dugu badela nahi komun bat», UC Kaledonia Batasuneko lehen idazkari nagusi Pascal Sawak azaldu modura. Antolaketari erreferentzia eginez, FLNKSk azaldu zuen mugimenduko talde bakoitzak ordezkari bat izango duela batzorde estrategiko independentistan, zeinak ardura izango duen elkarrizketetarako metodoa eta helburuak ezartzeko.

Horietarako, oraingoz, jarrera maximalista bat zehaztu dute independentistek, UCren bitartez jakinarazi zutenez: Frantziako Gobernuarekin abiatu dituzten negoziazioek «herrialdearen emantzipazioa lantzen» badute «soilik» izango dutela balioa. Eta horrek esan nahi du, haien iritziz, autodeterminazio prozesua ez dela amaitu oraindik, deskolonizazio garaia eta hiru erreferendumak arautu dituen Noumeako Akordioaren ondorengo garaia finkatzeko trantsizio epean dauden arren.

Berez, datorren ekainera arte iraun behar zuen aldi horrek, baina Parisek atea ireki zion epea luzatzeari, eta, beraz, baita adosturiko estatus berri horri buruzko kontsulta beste egun batean egiteari ere. Dena den, ikusteko dago behin betiko egutegia zein izango den, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak konstituzioaren eta erakundeen erreforma abiatu nahi baitu aurtengo udazkenean; UCren presidente Daniel Goak, berriz, datorren irailaren 24rako nahi du Parisekin ados jarri, Kaledonia Berriaren kolonizazioak egun horretan beteko baititu 170 urte.

Loialistak ere adi

Frantzian jarraitzearen aldekoei dagokienez, Parisekin abiatu dituzten negoziazioetarako eskari nagusia egutegia errespetatzea da, eta konstituzioaren erreformaren aferan «toki bat» izatea. «Eztabaidak hasi behar dira 2023an akordio bat lortzeko, eta hori 2024ko [maiatzeko] probintziako bozen aurretik onarrarazteko», argudiatu zuen atzo Kaledonia Berriko Asanbleako Loialistak talde parlamentarioko diputatu Nicolas Metzdorfek.

Bide beretik jo zuen Etorkizuna Konfiantzaz talde parlamentarioaren buru Virginie Ruffenachek, NC La 1ere telebista kateari adierazi baitzion itxaropen handia duela konstituzioaren erreforman: «Espero dugu hori 2024 hasieran egitea, gero guk gure erakundeak berritzeko eta hauteskundeak egiteko».

Boz horiei begira, elkarrizketetako eztabaidetako bat izango da hautesle erroldarekin zer egin —denera, hiru errolda desberdin daude—. Egun, Asanbleako bozetarakoa mugatua da, 41.000 herritarrek ez baitituzte betetzen haren parte izateko baldintzak —besteak beste, 1998an, Noumeako Akordioa adostu zenean, 18 urte izatea eta Kaledonia Berrian gutxienez hamar urtez bizitzea—, eta beraz, ezin dute botorik eman Asanbleako hauteskundeetan.

Loialistek esan dute estatus berriaz negoziatzean erroldak eguneratu egin beharko direla; independentistek, berriz, uste dute ezetz, orain arte bezala mantendu behar direla. Akordiorik lortu ezean, baliteke hori gatazka iturri bilakatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.