Euskararen aurkako erasoak

Uliazpiko langileek protesta egin dute «epai euskarafoboaren» aurka

'Defenda ditzagun hizkuntza eskubideak' lelopean bildu dira fundazioaren egoitza nagusiaren aurrean, ELA eta LAB sindikatuek deituta.

Langileak, gaur Uliazpiren egoitza nagusiaren arrean eginiko elkarretaratzean, Donostian. BERRIA
gurutze izagirre intxauspe
2023ko martxoaren 2a
10:09
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzo emaniko «epai euskarafoboa» salatzeko elkarretaratzea egin dute Uliazpi fundazioko langileek gaur, Donostiako Jose Maria Sert plazan, fundazioaren egoitza nagusiaren parean, LABek eta ELAk deituta. Uliazpi Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko erakunde publiko bat da. Era guztietako desgaitasun neurologikoak edo fisikoak dituzten herritarrekin eta haien senideekin egiten du lan.

Fundazioak 34 zaintzaile kontratatzeko oposizioa antolatu du, eta euskarazko B2 titulua ezinbestekoa zen horietako 32 postutan, eta meritua beste bitan. Baina betekizuna bertan behera utzi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, enplegu publikoa eskuratzeko eskubidea urratzen duelakoan.

Uliazpiko langileentzat «kolpe latza» izan da epaia, iruditzen zaielako hutsean uzten duela azken urteetan egindako lana. Jon Txasko LABeko ordezkariak azaldu du beren lanean oso garrantzitsua dela ama hizkuntza zaintzea, «askok zailtasunak dituztelako beste hizkuntza bat bereganatzeko»; artatzen dituzten pertsona asko dira euskaldunak, eta haien familiak ere bai: «Euskarazko zerbitzua ez ematea diskriminatzailea da haientzat». Artatzen dituztenekin lan egiteko ezinbesteko tresna da komunikazioa, Txaskoren esanetan, eta «ama hizkuntzan ezin jardun izanak asko mugatu dezake lana».

Raul Garro ELAko ordezkaria da, eta zaintzaile lanak egiten ditu Uliazpin: «Gipuzkoako herrietako pertsona asko euskaraz bizi dira, euskaraz jarduten dute, eta guk zerbitzua euskaraz eman behar dugu». Eta zeresan handia dute lana egiten dutenen beharrak ere: «Komunikazioa berez zaila da, desgaitasunen bat dutenak etortzen direlako gurera, eta, euskara buruan eta bihotzean dutelarik etortzen badira, gaztelania sartzeak komunikazioa zailtzen du».

Epai honek badu beste adar bat: lan eskaintza publikoetan egin beharreko hizkuntza eskakizunarena. Txasko: «Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako arautegian oinarritzen gara euskararen eskakizuna zehazteko. Jende askok egin ditu azterketak, ikasi dute euskara, eta izugarrizko ezustekoa izan da orain epai hau jasotzea». Garrok ere kezka agertu du datozen oposizioei begira. «Oposizio asko etortzekoak dira, ez bakarrik Uliazpin; ate joka dauzkagu beste asko, baina arriskuan ikusten dugu hizkuntza eskubideen alde egin den lan guztia». Azaldu du bazirela lankideak 34 urtez Uliazpin lanean ari zirenak eta plaza lortu berri dutenak. Orain kezkatuta daude, epai honek beren plaza airean jar dezakeelako. Kezka horren adierazgarri izan zen elkarretaratzera Gipuzkoa osoko langileak batu izana. Zizurkil, Bergara, Eibar eta Hondarribian ere baditu egoitzak Uliazpik.

Nerea Amenabar Uliazpiko langilearentzat ere kolpe handia izan da epaia, lan giroa euskalduna dutelako eta horrela izaten segitzea nahi dutelako. Bestalde, gogoan hartu ditu B2 maila prestatzeko lan handia egin duten lankideak: «Lankide askok esfortzu handia egin dute euskaraz ikasteko, azterketak gainditzeko, euskaraz arreta emateko. Eta orain dena difuminatuta geratu da».

Mirian Pinto da horietako bat: «B2a atera nuen. Eta nire lanean ikusi dut beharrezkoa dela, guregana datozen pertsonak eta haien familiak euskaldunak direlako. Euskaraz jakin behar dugu». Bestalde, kezka du bere lanpostuaren inguruan. Bergaran egiten zuen lana, eta Donostian lortu berri du postua, «eta orain, epai honekin, atera berri dudan plaza airean dago».

«Oldarraldi judiziala»

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak oso larritzat jo du epaia, lehen eta bigarren mailako herritarrak ezartzen dituelako, eta, haren hitzetan, «aldundiaren eginbeharra da guztien eskubideak bermatzea». «Aldundiak esfortzu handia egin du azken urteetan hizkuntz eskubideetan urratsak egiteko, eta ezin da atzera egin. Muturreraino eramango dugu», adierazi du Olanok Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, eta berretsi du helegitea jarriko dutela.

Unai Urruzuno EH Bilduko eledunak uste du euskararen aurkako «oldarraldi judizial oso larri baten aurrean gaudela». Horrekin lotu du EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia. Haren irudiko, epaiak auzitan jartzen ditu hizkuntza eskubideak: «Ez gaude herri eleaniztun batean, gizarte diglosiko batean gaude, eta batzuen nahia da diglosia hori mantentzea, euskara bigarren mailako hizkuntza gisa mantentzea». Gogorarazi du hizkuntza eskubideak zenbait epaileren eskuetan daudela, eta, haren ustez, horrek erakusten du «zenbateko autogobernua daukagun». Horregatik eskatu du gogoeta sakon bat, epaile batzuk «ideologia bat» ezartzen ari direlako herritarren eskubideak bermatu beharrean. Herri gisa erabakiak hartzeko bidea urratzera ere deitu du Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.

Gazte Euskaltzaleen Sareak ere salatu du epaia sarean. «Euskara ez da aurrera joango, aurrera eraman behar da, eta euskara jomugan duen administrazio batekin behintzat, ezin da. Aski da. Aski da euskaldunak zapaltzaile gisa saltzearekin. Aski da gure eskubideen aldeko borroka inposizio gisa kontatzearekin. Hau ez da justizia». Horregatik deitu du kontzientziak piztera, «ahalduntzera eta saretzearen bitartez euskararen borrokari bultzada ematera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.