Hezkuntza

Zortzi urtean zuzendari direnek aukera izango dute urtebetean eskolarik ez emateko

Eusko Jaurlaritzak zuzendaritza funtzioa eskuratzeari, prestakuntza jasotzeari, ebaluatzeari eta zuzendaritza jarduna aitortzeari buruzko dekretua onartu du. Besteak beste, ordainsariak hobetuko dizkiete. Ikastetxe publikoetan izango du eragina.

Jokin Bildarraz eta Begoña Pedrosa zenbait zuzendarirekin, gaur goizean, Donostian. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2023ko martxoaren 2a
13:17
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren irudiko, zuzendaritzen jarduna ikastetxeen funtzionamendua hobetzeko «eraginik handiena duten faktoreetako bat» da. Hori horrela, erabaki dute unibertsitatez kanpoko zuzendaritza funtzioa eskuratzeari, prestakuntza jasotzeari, ebaluatzeari eta zuzendaritza jarduna aitortzeari buruzko dekretu berri bat egitea. Irailean plazaratu zen zirriborroa, asteon onartu dute gobernu kontseiluan, eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak gaur aurkeztu dute, Donostian egin duten agerraldian. Ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeen prestakuntza indartzea, zuzendaritzen funtzioa ebaluatzea eta haien jarduna aitortzea du xede dekretu berriak. Aitortza hori egiteko, besteak beste, zuzendari izateagatik jasotzen duten ordainsari ekonomikoa handituko diete, eta, gainera, behin zortzi urtean zuzendari izanda, aukera izango dute urtebetean eskolarik ez eman eta beste lan batzuk egiteko.

Dekretuaren «funtsezko» alderdietako bat zuzendaritza taldeen prestakuntza izango da, sailaren esanetan. Hala nabarmendu du Bildarratzek: «Gero eta hobeto prestatutako zuzendariak nahi ditugu». Prestakuntzak zuzendaritzako talde guztiarentzat izango dira, eta hasierako prestakuntza, eguneratzeko programak eta etengabeko prestakuntza jasoko dituzte. Gainera, lehenengoz, ezohiko bidetik izendatutako zuzendariek ere —zuzendari izateko inor borondatez aurkezten ez den eskoletan pasatzen da— prestakuntza jasoko dute. Askotariko formakuntzak egongo dira: irakasle guztiek jaso ahal izango duten aurretiazko prestakuntza, gerora hautagai izango direnei zuzenduta; zuzendari izaten hasterako jasoko den prestakuntza; eta esperientzia duten zuzendaritza taldeek eguneratzeko programak izango dituzte. Zortzi urte zuzendaritzan igarota, eguneratze programa espezifiko bat gainditu beharko dute.

Formakuntza emateaz gain, zuzendaritzen ebaluazioari ere erreparatu asmo diote. Hezkuntza ikuskaritzaren ardura izango da, eta bi motatako ebaluazioak egingo dituzte. Batetik, zuzendaritza funtzioaren jardunaren ebaluazio trebatzailea. Azaldu dutenez, etengabeko ebaluazioa izango da, agintaldi osokoa, eta zuzendaritza lana hobetzea izango da helburua. Bestetik, zuzendaritza taldearen agintaldia amaitutakoan ere ebaluatuko dituzte. Bertan emaitza positiboa edukiz gero, aukera izango dute karguan jarraitzeko.

Eta, azkenik, zuzendarien lana aitortuko dutela ziurtatu dute. Esaterako: zortzi urteko agintaldia amaituta ebaluazio positiboa jaso duten zuzendariek aukera izango dute urtebetean eskolarik ez emateko. Ikasturte hori zuzendaritza talde berriaren tutoretza lanak egiteko edo «hobekuntza profesionaleko ikastaroetarako» erabiliko dute. Horrez gain, ordainsaria ere igoko diete. Zuzendari kargua dutenek ordainsari osagarri bat jasotzen dute; zuzendaritza lanak amaitutakoan ere zati bat finkatzen diete, eta jasotzen jarraitzen dute erretiroa hartu arte. Orain arte, zuzendari lanak utzitakoan ordainsari osagarriaren %20 jasotzen jarraitzen dute zuzendaritzan lau urte pasatzen dituztenek; zortzi urte egiten dituztenek, %40; hamabi urte egiten dituztenek, %60; eta hamasei urte pasatzen dituztenek, %70. Zortzi urtean lan egiten dutenei hobetuko diete: %40koa izan ordez, %50ekoa izango da. Bestelako zenbait neurri ere badaude: besteak beste, ordutegi eta egutegi malguak izateko eskubidea aitortzen diete zuzendariei; zuzendaritza taldeko kide guztien ebaluazio positiboa irakaskuntza eta lanbide meritutzat hartuko dute; eta bigarren agintaldiaren ostean ikastetxez aldatu nahi duten zuzendariek lehentasuna izango dute eskola publiko bat aukeratzeko, deitzen diren lehenengo bi lehiaketetan.

Beste neurri batzuk

Zuzendaritza jardunerako «lagungarriak» izan daitezkeen beste proposamen batzuk ere badaude dekretuan, ohar bidez azaldu dutenez: zuzendaritzei autonomia emango diete berrikuntza proiektuak garatzeko; ikastetxeei baliabide materialak eta pertsonalak eskainiko dizkiete zeregin burokratikoak murrizteko; eta ordezkoak jarriko dituzte zuzendari lanak egin behar dituzten irakasleek ematen ez dituzten eskolak emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.