Makroekonomia

Uste baino gutxiago jaitsi da inflazioa eurogunean, %8,5eraino

Azpiko inflazioa hiru hamarren handitu da, %5,6raino, eta EBZk interes tasak gehiago handitzeko arrazoiak indartu ditu.

Barazkiak salgai Berlingo azoka batean. FILIP SINGER/ EFE
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 2a
15:57
Entzun

Interes tasek gehiago igo behar dutela dioten mezuei erregaia bota diete inflazioari buruzko azken datuek. Eurostaten arabera, euroguneko hogei herrialdeetan hamarren bat baizik ez da jaitsi inflazioa otsailean, %8,5eraino.

Analisten espektatibetatik oso urrun geratu da beherakada; Reutersek galdekatutako ekonomistek %8,2 espero zuten, eta %8,3, berriz, Bloombergi erantzun ziotenek.

Urte arteko inflazioak urrian jo zuten goia eurogunean, %10,6an. Orduz gero pare bat puntu apaldu da, baina azken datuak erakusten du jaitsiera askok uste zutena baino motelagoa izango dela.

Are gehiago, gorabeheratsua izan daiteke: otsailean pixka bat igo zen Alemanian, Frantzian, Espainian eta euroguneko beste zazpi herrialdetan, eta jaitsiera orokorra Italian, Belgikan eta beste batzuetan izandako jaitsiera nahiko handiaren ondorio da.

Azpiko inflazioa

EBZko gobernu kontseilua bi aste barru elkartuko da, eta gaur jakinarazitako datuak sendotu egingo du interes tasak beste puntu erdi igotzeko asmoa, %3,5raino. Are gehiago kontuan hartuta azpiko inflazioak ez duela goranzko bidea eteteko itxurarik. Otsailean beste hiru hamarren hazi da, %5,6raino.

Christine Lagarde EBZko presidenteak uste du martxoan gehiago apalduko dela inflazioa, baina hala ere ezinbestekotzat jo du tasak gehiago igotzea, elikagaien garestitzeak inflazioa motelago apalduko duelako.

Eurostaten arabera, azken urtean %15 garestitu dira elikagaiak, alkohola eta tabakoa eurogunean. Energia %13,7 garestiago dago, baina datu hori apalena da 2021eko ekainaz geroztik. Zerbitzuen inflazioa %4,4tik %4,8ra igaro da azken hilabetean, eta horren ondorio da azpiko inflazioaren igoera, indize horren ia bi heren baitira zerbitzuak. Soldaten igoeraren eragina ikusi dute hor adituek; azken urtean batez beste %5 handitu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.