Musika

Wayne Shorter saxo jotzaile ezaguna hil da

XX. mendeko bigarren parteko jazz musikari laudatuenetakoa izan da. Jazz Messengers eta Weather Report taldeetako kide izan zen, eta Miles Davisen boskotean ere aritu zen.

Wayne Shorter, 2017an, azkenekoz Donostian jo zuenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
mikel lizarralde
2023ko martxoaren 2a
18:28
Entzun

Wayne Shorter, jazzaren azken 60 urteetako ordezkari nagusietakoa, gaur zendu da, 89 urterekin. Haren managerrak baieztatu dio albistea The New York Times egunkariari.

Shorter AEBetan sortu diren jazz talde aurreratuenetako parte izan zen. 1950eko hamarkadaren amaieran, Art Blakey bateria jotzaileak gidatzen zuen The Jazz Messengers taldean sartu zen, eta hard-bop estiloan sakondu zuen banda ugari harekin. Ondoren, 1964tik hamarkada amaiera arte, Miles Davis tronpetistaren boskoteko parte ezinbesteko izan zen, eta bere garaian disko iraultzaileak izan zirenak grabatu zituen, Bitches Brew (1969), besteak beste. 1970eko urteetan, berriz, eta Davisekin egindako lanaren jarraipen gisa, jazz fusioaren talde esanguratsuenetakoa sortu zuen Joe Zawinul teklatu jotzailearekin: Weather Report. Talde horrekin, munduko musiken oihartzunak jaso zituen.

Nolanahi ere, bakarkako bidea ere egin zuen Shorterrek, eta, 1959tik 2014ra bitartean, 25etik disko argitaratu zituen. Era berean, beste hainbat jazz musikarirekin egindako grabazioez gain (Donald Byrd, Freddie Hubbard, Lee Morgan, McCoy Tyner), folkaren edo rockaren eremuko kantariekin egindakoak ere kaleratu zituen. Hain zuzen ere, Joni Mitchellen hurbileko kolaboratzailea izan zen hamar diskotan —besteak beste, Mingus (1978), Dog Eat Dog (1985) eta Both Sides Now (2000) lanetan parte hartu zuen—, eta Carlos Santana gitarristarekin ere behin baino gehiagotan lan egin zuen.

Euskal Herrian ere behin baino gehiagotan izan zen Shorter. 2008an, esaterako, Gasteizko Jazzaldian aritu zen Danilo Perez, John Patitucci eta Brian Bladek osatutako laukoteko buru zela eta hiru urte geroago Miles Davisen omenezko kontzertu batean parte hartu zuen bertan Herbie Hancock eta Marcus Millerrekin.2012an Getxo Jazzen jo zuen, eta Donostiako Jazzaldian ere izan zuten saxo jotzailearen musikaz gozatzeko aukera. 2007an Donostiako Jazzaldiaren saria eman zioten, eta hamar urte geroago Kursaalean jotzeko itzuli zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.