BIELORRUSIA

Iazko Bakearen Nobel saridunari hamar urteko espetxe zigorra ezarri diote

Ales Bialiatski eta beste hiru ekintzaile zigortu ditu Minskeko auzitegiak, kontrabandoan aritzea eta ordena publikoaren aurkako erasoak finantzatzea egotzita, besteak beste. Guztiek ukatu egin dituzte beren aurkako kargu guztiak.

Ales Bialiatski izko 2022ko Bakearen Nobel sariduna, Minsken, artxiboko irudi batean. TATYANA ZENKOVICH / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 3a
13:50
Entzun

Minskeko auzitegi batek hamar urteko kartzela zigorra ezarri dio Ales Bialiatskiri, Bielorrusiako giza eskubideen defendatzaile ezagun eta 2022ko Bakearen Nobel saridunari, GKE gobernuz kanpoko Viasna erakundeak jakinarazi duenez. Marina Zapasnik epaileak Bialiatski eta beste hiru ekintzaile zigortu ditu: Valiantsin Stefanovitx —FIDH Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioko presidenteordea—, Vladimir Labkovitx —Viasnako abokatua— eta Dimitri Soloviov —GKEko giza eskubideen defendatzailea—. Talde antolatu bateko kide izatea, kontrabandoan aritzea, eta ordena publikoaren aurkako eraso larriak egiten dituzten ekintza kolektiboak finantzatzea egotzi die.

Fiskaltzak hamabi urteko espetxe zigorra eskatu zuen Bialiatskirentzat, 2021eko uztailetik kartzelan baitzegoen. Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenko buru duen gobernuaren aurkako protestak finantzatzea eta zergak saihestea ere leporatzen zioten. Stefanovitxi, berriz, bederatzi urteko zigorra ezarri diote; Soloviovi, zortzi urtekoa, eta Labkovitxi, zazpi urtekoa. Fiskalaren arabera, 2013 eta 2020 artean, «identifikatu ez diren beste pertsona batzuekin batera», sare bat osatu zuten, eta, horri esker, 350.000 euro inguru baino gehiago irabazi zituzten.

Akusazioaren arabera, atzerriko enpresa baten hainbat funtsetatik dirua kobratu zuten, eta, gero, beste pertsona batzuen laguntzarekin, Lituaniatik gutxienez 201.000 euro mugitu zituzten legez kanpo. Auziaren arabera, «ordena publikoaren aurkako eraso larriak egiten dituzten ekintza kolektiboetan parte hartzeko prestatu zituzten herritarrak, eta ekintza horiek finantzatu eta laguntza materiala eman zuten, giza eskubideen aldeko erakundeen aterkipean».

Ikertzaileek adierazi dutenez, Bialiatskik eta haren lankideek ez zuten ogasunean izena eman, eta ez zituzten beharrezko dokumentuak aurkeztu agintarien aurrean. Hala, 43.000 euro inguru ordaintzea saihesteaz akusatu dituzte. Hala ere, lau zigortuek ukatu egin dituzte beren aurkako kargu guztiak. Epaiari helegitea jartzeko aukera dute.

«Motibazio politikoak»

Joan den urtarrilaren 13an, Bialiatskik adierazi zuenez —Viasnak preso politikotzat jotzen du—, «ekintzaileen aurkako auzi penalak motibazio politikoak ditu». Salatu zuenez, 2020ko hauteskunde kanpainaren ondoren, «Bielorrusiako agintarien erabaki politikoa izan zen zibilak zanpatzea eta suntsitzea, herriaren ahotsa entzun beharrean».

Auzi saioaren bezperan, giza eskubideen aldeko nazioarteko 21 erakundek, besteak beste Amnesty Internationalek, Freedom Housek, FIDHk, Human Rights Watchek eta Helsinkiko Batzordeak komunikatu bateratu bat kaleratu zuten, ekintzaileak askatzeko eta haien aurkako kargu guztiak bertan behera uzteko eskatuz. «Hilabete baino gehiagoko epaiketa bidegabearen eta urte eta erdi baino gehiagoko atxiloketa arbitrarioaren ondoren, justiziarako itxaropen txikia dago», adierazi zuten.

Ikusi gehiago: Bielorrusiako, Errusiako eta Ukrainako giza eskubideen aldeko ekintzaileek jaso dute Bakearen Nobel saria

Bialiatskiri 2022an eman zioten Bakearen Nobel saria, baita Memorial Errusiako GKEari eta Ukrainako Askatasun Zibileko Zentroari ere, «gerra krimenen, giza eskubideen urraketen eta boterearen gehiegikerien aurka egindako ahalegin bereziagatik». Bielorrusiako Gobernuak egun horretan bertan kritikatu zuen Bialiatskik irabazi izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.