BPG-a

EAEko ekonomiak pandemia aurreko hazkundea gainditu du

Urteko bigarren zatian geldialdia izan da zerbitzuen sektorean eta, neurri txikiagoan, industrian. Gastu publikoa ez da handitu, eta zenbaki gorrietan amaitu du.

Langile bat, Bilboko portuko lantegi batean. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko martxoaren 3a
14:21
Entzun

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak iragarri baino hobeto uxatu dituzte urteko bigarren erdian ekonomia izutu duten mamuak. Azken bi hiruhilekoetan motelaldia agerikoa izan bada ere, azkenean %4,4 hazi da ekonomia 2022. urtean. 2021ean baino puntu eta erdi gutxiago da hori, baina pandemia aurreko urteetan baino handiagoa. Horiek hala, EAEko BPGa osasun krisiaren aurreko egoerara itzuli da. Lurraldeka, Bizkaiak izan du hazkunderik handiena, % 4,5koa; Arabak, %4,3koa; eta Gipuzkoak, %4,2koa.

Eustatek ostiral honetan emandako datuek agerian utzi dute urteak bi zati oso ezberdin izan dituela. Lehenengo hiruhilekoan, urte arteko igoera % 5,8koa izan zen, eta bigarrenean %5ekoa, baina hirugarrenean %3,8ra jaitsi zen, eta azken hiru hilabeteetan%2,9ra.

Urteko lehen erdian ekonomia indartsu agertu zen, oraindik pandemiaren osteko errebotearen ondorioak nabari zituela. Hala, ezohiko hazkunde tasak erregistratu ziren BPGak neurtzen dituen alor gehienetan. Bigarren seihilekoa, aldiz, Ukrainako gerrak eta inflazio handiak baldintzatu zuten. Kontsumoan nabaritu zen nagusiki, eta modu nabarmenagoan administrazio publikoen gastuan: urtea zenbaki gorrietan amaitu duen aldagai bakarra da.

Sektore ekonomikoetan, zerbitzuetan izan da gorabeherarik handiena. Gainerakoetan ere izan da geldialdia urtearen bigarren zatian, industrian bereziki, baina zerbitzuetan baino txikiagoa. Dena den, urte osoari erreparatuz, pandemia aurreko mailatik gora aritu dira bai zerbitzuak, bai industria.

Enpleguan gutxiago nabaritu dira urteko gorabeherak, eta %3,1 hazi da. 2022an 30.056 lanpostu sortu ziren, lanaldi osoko baliokideak. Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako 26.000en gainetik eta pandemiaren aurreko enplegu mailak gaindituta. Zerbitzuen sektoreak sortu zituen lanpostu gehienak, 25.940; industriak 3.228 eta eraikuntzak 977.

Urte honetarako, Pedro Azpiazu buru duen Ekonomia Sailak kalkulatu du BPGa %2,1 haziko dela, eta 12.000 lanpostu inguru sortuko direla. Beste aurreikuspen batzuk baino baikorrago da. Laboral Kutxak %1,3 haztea espero du; zuhurragoa da BBVA: %0,8. Izan ere, iazko ekonomia erabat baldintzatu duten arriskuek hor jarraitzen dute: Ukrainako gerrak, energia merkatuetako tentsioak, inflazio handiak eta hari erantzuteko interes tasak handituz Banku Zentralak egindako norabide aldaketak, besteak beste.

Kontsumoa eta inbertsioak, behera

2022an sektore guztiek bilakaera positiboa izan dute, eta zerbitzuenak izan du onena. Urteko bigarren zatian geldialdia nabaritu duen arren, oro har, % 4,7ko urte arteko igoera izan du. Zerbitzuen artean, merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioaren hazkundea nabarmentzen da —hirurak batera neurtzen ditu Eustatek—: %10,7 hazi da 2022an. Gogoratu behar da pandemiak gogorren jo zuen sektoreetako bat izan zela, mugikortasun debekuengatik. Administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen adarra, berriz, %1,8 hazi da, eta gainerakoak %2,8 —atal horretan daude higiezinak, jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak—.

Zerbitzuen ondoren, industriak izan du bilakaera positiboena 2022an: %4,6. 2021arekin alderatuta, geldialdi txiki bat egon da sektore horretan, puntu eta erdi gehiago hazi zen duela bi urte. Aldiz, urte arteko igoera apalena eraikuntzan (%2) eta lehen sektorean (%0,8) jaso dira.

Baina nonbaiten nabaritu badira ekonomian iaz izandako gorabeherak, kontsumoan nabaritu dira, 2022an apaldu egin baita, urte osoan etenik gabe gora egin duen inflazioak eraginda. Kontsumoa %3 hazi da, baina 2021ean baino hiru puntu gutxiago.

Kontsumo pribatuan baino gehiago, administrazio publikoen gastuan nabaritu da jaitsiera, eta urtea zenbaki gorrietan amaitu duen aldagai bakarra izan da. % 0,4 murriztu zen: 2021ean %3,9 hazi zen.

Inbertsioetara ere iritsi da motelaldia.% 4,4 hazi ziren, baina aurreko urtean baino 1,6 puntu gutxiago. Ekipo ondasunetara diru gutxiago bideratu da: %6,9 hazkundea izan da, baina 2021ean %10,9koa izan zen. Bereziki azken hiruhilekoan gertatu da geldialdia, inflazio handiaren eraginak gehien nabaritu den epean.

Gauza bera gertatu da kanpo merkataritzan. Urteko azkenengo hiru hilabeteetan nabarmen murriztu dira esportazioak eta inportazioak, horien balio erdira gutxitu dira laugarren hiruhilekoan. Urte osoko emaitzetan, esportazioek %10,2ko hazkundea izan dute, 2021ean baino 2,5 gutxiago. Inportazioen kasuan, %11,6tik %7,5era jaitsi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.