Durangoko Plateruenaren argiak piztu dituzte

Bi urtez gaindiko etenaldiaren ostean, bueltan da Durangoko Plateruena, izen berriarekin: Plateruena Kultur Aterpea. Piztu Argiak! ekitaldiarekin ekin diote ibilbide berriari.

Durangoko Plateruena Kultur Aterpearen fatxada. @PLATERUENAKULTURATERPEA
2023ko martxoaren 3a
20:30
Entzun

Durangoko Plateruena itxi zutenetik bi urte eta erdira, piztu dituzte bertako argiak. «Piztu daitezela argiak. Poztu daitezela bihotzak. Puztu dezagula denon arten Plateruena Kultur Aterpea!». Piztu Argiak! deritzo, hain zuzen, Plateruena berriaren aurkezpen ekitaldia. Kafe antzokia izan zenaren jarraipena da oraingoa. Kultur Aterpea da orain; ostalaritza zerbitzurik ez da egongo, eta kulturgintza izango da espazio berriaren ardatza.

Leire Vargas idazle durangarrak gidatu du estreinako ekitaldia, eta eskualdeko zein Euskal Herriko sortzaileak izan dira bertan. Besteak beste, gozatu ahal izan dute Anari Alberdi musikariak Peru Magdalena idazle durangarrarekin egingo duen kolaborazioaz, eta Odei Barroso rap abeslariaren eta Aitor Bizkarra bertsolari abadiñarraren arteko kolaborazioaz. Horiez gainera, Mockers musika taldeak, Garazi Abraldes dantzariak eta Durangaldeko bertso eskolako zein Bartolome Ertzilla musika eskolako ikasleek parte hartu dute.

Berritasun batekin heldu da 2023ra Plateruena: kudeaketa publikokoa izango da, kultur mahai baten gidaritzapean. Hemeretzi parte hartzailek osatzen dute mahaia: herriko sei elkartek —Gerediaga, Berbaro, AEK, Jaizale Durangoko txistularien elkartea, Euskal Herrian Euskaraz eta Durangaldeko Berbalagunak— eta kulturgintzan interesa duten herritarrek.

Lehen, elkarte batek kudeatzen zuen Plateruena. Arazo ekonomikoak tarteko, 2020ko irailean itxi zituen ateak, eta Durangoko Udalak bere gain hartu zuen eraikinaren kudeaketa. Bi urte baino gehiagoko prozesu bat abiatu zuen, eta gaur egungo Plateruena Kultur Aterpea da horren emaitza.

Honela aurkeztu dute Plateruena Kultur Aterpea: «Bagaude bide bat egiteko desira edo gogoa dugun herritarrak. Baita bide hori egiten hasi eta jarriatzeko gogoz gaudenak ere. Bidezidorra hartuko dutenak edo aldapa gora eta behera ibiliko garenak. Batzuek bidea herriko txokoan hasi dugu, eta, besteek, urrutiko lurretan. Baina bideak bide, batzen gaituena dugu orain ortzimuga. Sorkutza eta kulturarekiko interesa dugunon topalekua. Euskara eta euskal kultura ardatz dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.