Txirrindularitza

Txirrindulari probetan segurtasuna eskatzeko elkarretaratzea egin dute Eibarren

Hainbat lasterketa bertan behera utzi behar izan dituzte motorren asegururik ezagatik eta Ertzaintzaren laguntza faltarengatik

Atzoko bilkuraren une bat. ANDOAINGO TXIRRINDULARI ESKOLA
2023ko martxoaren 6a
07:51
Entzun 00:00:0000:00:00

Igande eguerdian ehunka txirrindulari bildu ziren Eibarko Untzaga enparantzan (Gipuzkoa), protesta batean. Salatu dutenez, Gipuzkoan bertan behera utzi behar izan dituzte hainbat lasterketa, ez dagoelako asegururik motorrekin laguntza ematen ari direnentzat, eta Ertzaintzak ez duelako adina behar agente jartzen segurtasuna ziurtatzeko. Besteak beste, Eibarren, Mendaron, Beasainen eta Mutrikun ezin izan dituzte probak egin, eta Asteasuko Aiztondo Klasika ere bertan behera geratu da.

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak adierazi duenez, harremanetan jarri dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, arazoa konpontzeko asmotan.

Martxoaren 11 eta 12rako aurreikusirik dauden probak bertan behera utzi dituzte, baina eutsi egingo diete 18-19ko asteburukoei, printzipioz, ordurako konponbideren bat egongo delakoan.

«Zalego onena, txirrindulari onenak eta Tourra bera ere izan nahi baditugu, funtsezkoa da oinarritik hastea, teilatutik hasi beharrean», idatzi zuen Eibarko Txirrindulari Elkarteak, atzoko protestarako deialdian.

Motorrekin segurtasun lanean aritzen direnen jarduera ez dago lanbide gisa onartuta legez, eta, horren eraginez, ezin diete seguru osorik egin. Beraz, gidariak jaso ditzaketen kalteak babestuta badaude ere, euren motorrekin eta jantziekin aritu behar dira, eta azken horiek ez daude babesturik. Salatu dutenez, azken urteotan izan dituzte ezbeharrak, eta horien ondorioak eurek ordaindu behar izan dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.