Albistea entzun

Futbola

Atezainak beltzez, Iribarren omenez

Jose Angel Iribarrek 80 urte bete berri dituela ospatzeko, Euskal Herriko eta kanpoko hainbat atezain beltzez jantzi dira asteburuan, Athleticeko atezain ohiak egiten zuen moduan.

Dimitrievski Rayoko atezaina eta Agirrezabala Athleticekoa, beltzez, atzoko partidan. /
Dimitrievski Rayoko atezaina eta Agirrezabala Athleticekoa, beltzez, atzoko partidan. / Rodrigo Jimenez/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez Garmendia -

2023ko martxoak 6 14:29

Athleticek egin zuen deialdia, eta Euskal Herriko eta atzerriko hainbat atezainek egin dute bat. Jose Angel Iribar atezain mitikoak 80 urte bete zituen joan den asteazkenean, eta, urtemuga ospatzeko, beltzez janzteko eskatu zien Athleticek beste klubetako atezainei. Izan ere, Iribarrek kolore horrekin jokatu zuen ia bi hamarkadatan Bilboko klubaren lehen taldean. Realeko eta Cadizeko atezainak izan ziren deialdiarekin bat egiten lehenak. Ostiral gauean beltzez zelairatu ziren Anoetan jokatu zen partidan.

Ledesma Cadizekoa eta Remiro Realekoa, ostiral gauean. / BERRIA

Bizkaian futbol talde guztietako atezainek gogoratu dute Iribar jantzi beltzarekin asteburu honetan. Asko izan dira #Iribar80 traola erabiliz beltzez jantzita euren atezainen argazkiak sare sozialetara igo dituzten klubak.

Joana San Andres Leioako atezaina, larunbatean Zarautzen. / Lutxo, Leioa Emakumeak

Eta beltzez jokatu zuen baita atzo arratsaldean Julen Agirrezabala Athleticeko atezainak ere Rayoren aurka; Dimitrievski Rayoko atezaina ere beltzez jantzi zen (biak, argazki nagusian). Athleticen kasuan, gainera, zelaira atera ziren 11 jokalariek jantzi zuten elastiko beltza partida hasi aurretik.

Athleticeko hasierako hamaikakoa osatu zuten jokalariak, beltzez jantzita, partida hasi aurretik. Athletic Club

Bizkaitik kanpo ere, Euskal Herriko futbol taldeek ere gogoratu nahi izan dute Iribar. Eibarreko atezainak jantzi dira beltzez asteburuan, eta hala egitekoak dira gaur gauean Osasunako eta Alaveseko atezainak ere, hurrenez hurren, Celtaren eta Vila-realen aurka.

Atezainen ekinaldia beste hainbat zelaitara zabaldu da. Beltzez jantzi dira, besteak beste, Sergio Asengo (Valladolid), Pacheco (Espanyol), Bounou (Sevilla), Oblak (Atletico Madril), Rajkovic (Mallorca), Courtois (Real Madril), Bravo (Betis), Ter Stegen (Bartzelona) eta Mamardashvili (Valentzia).

Ter Stegen Bartzelonakoa eta Mamardashvili Valentziakoa, beltzez. / Valencia CF

Espainiako Ligatik kanpo ere oihartzuna izan du Athleticen eskaerak eta Chelsea, Celtic Glasgow eta St. Pauli taldeetako atezainak ere jantzi dira beltzez. Londresko taldean Kepa Arrizabalaga Athleticeko atezain ohiak, gainera, 80 zenbakia zeraman elastiko beltza jantzi zuen argazkia sare sozialetan zabaltzeko.

Kepa Arrizabalaga Chelseako atezaina, beltzez eta 80 zenbakia soinean duela. / Chelsea

Iribar Zarauzko Makatza baserrian jaio zen 1943ko martxoaren 1ean. 19 urterekin egin zuen debuta Athleticen lehen taldean, eta hemezortzi denboralditan 614 partida jokatu zituen. Espainiako Kopa irabazi zuen 1969an eta 1973an, eta Espainiarekin Eurokopa irabazi zuen 1964an. 1979ko abenduan jokatu zuen azken partida, baina harrezkero harreman estua izan du beti Athleticekin eta klubeko ikur eta ordezkari da.

Iribar, Athleticeko lehen taldeko jokalariekin, joan den asteazkenean urtemuga ospatzen. / Athletic Club

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Pizgarri ederra da aspaldiko lagun batekin txapeldun izaten saiatzea»

Julen Etxeberria

«Gustuko tokian» daudela dio Altunak: hark eta Tolosak finala jokatuko dute igandean Bilbon, Elordiri eta Zabaletari irabazten badiete. «Txapelketa biribila» egin dutela dio, eta argi utzi du inola ere ez litzatekeela porrota izango finaletik kanpo geratzea.
Meriem Ezbida Zuazoko atezaina, atzo, entrenamendua hasi aurretik. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Buruari partida irabazi nahian

Iñigo Lasa

Zuazo eskubaloi taldea bolada txarrean da, eta Meriem Ezbida atezainak onartu du «psikologikoki nekatuta» dagoela taldea. Gaur Valladoliden jokatuko dute (19:15).

Jonas Vingegaard iaz, Euskal Herriko Itzuliko azken etapan, Arraten. ©JUAN HERRERO / EFE

Vingegaard izar nagusia Itzulian

Beñat Mujika Telleria

Frantziako Tourreko garailea Euskal Herriko errepideetan izango da. Daniel Felipe Martinez iazko txapelduna ere lehian izango da. Lasterketa apirilaren 3tik 8ra jokatuko da

Sebastian Coe World Athleticseko presidentea, iaz. ©Erik S. Lesser / EFE

Munduko Atletismo Federazioak debekatu egin die emakume transei nazioarteko lehiaketetan parte hartzea

Julen Otaegi Leonet

Emakumezkoen lehiaketak «babesteko» erabakia dela dio Sebastian Coe federazioko presidenteak; emakume transek zein sexu garapen desberdina duten kirolariak ezingo dute lehiatu nazioartean baldintza batzuk bete ezean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.