Alfredo Cospito: anarkista bat heriotzaren eta italiar estatuaren zein 41 bis-aren aurkako borrokan

Xabier Cerezo Ansoleaga (Anarkista kidea) eta Eduardo Gonzalez (Euskal Herriko Mugimendu Memorialista eta Antifaxistako kidea)
2023ko martxoaren 6a
17:39
Entzun

Alfredo Cospito anarkista 2022ko urriaren 20tik ari da borrokan, maiatzetik jasaten ari den isolamendu erregimenaren aurka —41 bis eztabaidatu eta ankerra—. 140 egundik gorako baraualdiaren ondorioz Alfredok 50 kilo inguru galdu ditu, haren analisien emaitzak kezkagarriak dira, gurpildun aulkian dabil, ez du gorputzeko tenperatura erregulatzerik lortzen eta haren gorputzak jada ez ditu osagarriak onartzen… Heriotzari aurre egiten ari zaio.

Haren sailkapenaren aurka Alfredoren abokatuak aurkeztu zuen helegitea aztertu behar duten epaileek ere horretarako zehaztutako data martxoaren 7tik otsailaren 24ra aurreratu zuten. Eta Carlo Nordio Justizia ministroari eskakizun hauei irtenbide azkar bat emateko eta 41 bisaren aurkako gizagabetasun eta krudelkeria salaketak eztabaidatzeko prozesu bat irekitzeko eskatzen diotenak egunetik egunera gehiago dira. Hala ere, bai ministroak, bai epaileek, eskaerari ezekoa eman diote, Alfredori heriotza zigorra ezarriz.

Bitartean, Alfredok Milaneko Opera espetxeko medikuntza sailean atxilo jarraitzen du.

2022ko martxoan, Scripta Manent auziaren harira (2016an abiatutakoa), Anna Beniamino eta Alfredo Cospito anarkistek hurrenez hurren 16 urte eta 6 hilabeteko eta 18 urteko zigorrak jaso zituzten, egileek berek %40ko fidagarritasuna ematen dioten froga kaligrafiko batean eta haien idatzietan oinarrituta. Biei hainbat eraso egitea —nagusiena 2006eko uztailean Fossano-ko (Cuneo) Carabinierien eskolaren aurkakoa— eta FAI Federazione Anarchica Informaleko kide izatea leporatu zieten.

Fiskaltzak, Carabinieriek eta DIGOS polizia politikoak, hedabideen ezinbesteko laguntzarekin, «FAIko buruzagien» kondena saldu nahi zuten, eta horretarako nor hobeto aurretik Genovan 2012ko maiatzaren 7an Ansaldo Nucleare-ko buruzagiari hankan tiro emateagatik zigortutako anarkistak baino. Horietako batek gainera azken urteotan nazioarteko anarkista intsurrekzionalisten argitalpenetan eta eztabaidetan parte aktiboa izan zuenean! Eta horixe da Torinoko epaileek eskaini dietena.

2022ko uztailean berriz Erromako Kasazio Gorteak (apelaziorako epaitegi gorena), Scripta Manent auziko sententziaren aurka fiskalak zein defentsak aurkeztutako helegiteen gainean erabakitzeko saioan, 2006ko Fossano-ko erasoa «Estatuaren segurtasunaren aurkako sarraski» gisa (Italiako Kode Penaleko 285. artikulua) berrizendatu zuen eta auzia Torinoko epaitegira birbidali zuen, Alfredo eta Anaren zigorrak, gogortu aldera, berriro kalkulatu ditzan.

2022ko abenduaren 5ean Torinon zigorrak birkalkulatzeko saioan fiskalak Alfredorentzat ergastolo ostativoa edo biziarteko zigor zorrotza eta Anarentzat 29 urtetako zigorra eskatu zuen. Epaileek eskaera hauek Konstituzioarekin zein giza eskubideekin bateragarriak eta neurrikoak ote diren garbi ez zutenez, gaiaren inguruko galdeketa bat Auzitegi Konstituzionalera igorri dute.

2022ko maiatzaren 5ean aurreko Justizia ministroak Scripta Manent-eko zigorra eta Alfredo Cospito beste auzi batean sartu izana (Sibilla izenekoan), Alfredo 41 bis bezala ezaguna den isolamendu eta suntsitze erregimenean sartzeko baliatu zuen, eta hura Sardiniako uhartean dagoen Bancali-ko espetxera lekualdatu zuen.

Alfredo zein Anna anarkistak izateagatik, botere egituren aurkako erasoa praktikatu eta babestu dutelako, eta bereziki esperatzearen zein errepresioaren gainetik, haien printzipioei muzin egin ez dietelako jazarriak, zigortuak eta kriminalizatuak izan dira. FAIko buruzagi bezala saldu dizkigute, guztiok dakigunean… epaileak izan ezik antza denez… anarkistok buruzagirik ez dugula eta buruzagitzarik ez dugula onartzen; FAIko ideologo gisa ere seinalatu izan dituzte.

Kutsu politiko eta ideologiko garbia duten bi auziren aurrean gaude, Scripta Manent eta Sibilla; Estatuaren eta haren erakundeen zilegitasuna ezbaian jarri eta horien aurka borrokatzera ausartzen direnak zigortzera bideratutako auziak. Anarkiston printzipio ideologikoak jazarri izan dira eta iraganean anarkismoaren aurkako beste muntaietan erabilitako argudioekin, neurrira, diskurtso bat eraiki izan da.

Estatuaren oldarraldiari eskura duen arma bakarrarekin, haren gorputzarekin, gose greba mugagabe bati ekinez, aurre egin dion anarkista bat. Haren egoera salatzeko ez ezik, 41 bis isolamendu eta suntsitze erregimena eta ergastolo ostativoa (bizi arteko zigorraren aldaera zorrotzena) salatzeko ere.

Mundu zabaleko anarkisten mobilizazio eta agitazio jarraituari, Italian, sindikatuak, ikasleak, juristak, abokatuen elkargoak, ministro ohiak, presoen eskubideen babeslea eta oposizioko alderdi nagusiak batzen joan zaizkio. Alfredoren borroka eta 41 bisa egunero hedabide nagusietan daude, parlamentuko saioetan maiz agertu izan da, eta otsailaren 3an irlandar parlamentari batek Europako Parlamentura ere eraman du.

Mahai gainean, Alfredoren osasun kaxkarra eta gogo irmoa, eta 140 egun baino gehiagoko gose grebaren ostean hiltzeko arriskuaren errealitate gordina. Alfredo Cospitoren eta Anna Beniaminoren askapenaren alde mobilizatu beharra dago! Eta disidentzia politikoaren aurka erabiltzen diren 41 bisa edota Espainiako FIES+art.10 bezalako suntsitze eta isolamendu erregimenak indargabetzeko ere!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.