Espetxeak

Zaballan hildako presoaren familia auziaren prozeduran aurkeztuko da

Senideek Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren jarrera kritikatu dute. Gorpua Aljeriara aberriratzeko baimen baten zain daude.

Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean. RAUBOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko martxoaren 7a
12:29
Entzun

Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiaren esku dago zurreko astean Zaballako kartzelan (Araba) hildako presoaren auzia. Orain, Maleken familiak auziaren prozeduran aurkeztea erabaki du, eta epailearen esku utziko du orain arte jasotako informazioa. Azaldu dutenez, helburua da euren senidea «zer egoeratan zegoen ikertzea» eta espetxeak «behar bezalako arduraz jokatu duen jakitea». Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak haiekin izandako jarrerak eragindako «mina» ere salatu dute: «Dolua hastea izugarri zaildu du».

Ikusi gehiago:22 urteko gizonezko preso bat hil da Zaballako espetxean

Senideek jakinarazi dute hasieratik zailak izan direla Justizia Sailarekin izandako harremanak: «Gu izan ginen laguntza bila [Eusko Jaurlaritzako] Justizia Sailarekin harremanetan jarri ginenak, eta ez alderantziz». Hala, salatu dute espetxeak zalantzan jarri zuela familiak gorpuaren kargu egitea bera, esanez Malek bakarrik zegoen etorkin adingabe bat zela. «Familiarik ez zuela esatera iritsi ziren».

Are gehiago, gaztearen beilatokia hautatzeko arazoak izan zituztela azaldu dute. Kritikatu dute administrazioak berak zehaztu izana lekua, «prezio oso handikoa», eta gehitu bertan ez zela kontuan hartu Maleken erlijioa. «Erakundeak gastuen zati bat bakarrik hartu zuen bere gain, eta ordaindu ahal genuen beilatoki batera eraman behar izan genuen gorpua». Han, polizia sekretuak bertaratu zirela salatu dute, eta familiari galdeketa egiten saiatu zirela. «[Beilatokia] hainbat zentrotatik igarotako haurrez beteta zegoen, eta inork ez zituen ezagutzen», argitu dute.

Nabarmendu dute Justizia Sailak 5.000 euro eman dizkiola familiari, zenbait orduko negoziazioaren ostean. Diru kopuru horrek, ordea, ez luke hileta gastuak ordaintzeko emango —7.000 euro—; eta, are gutxiago, ondoren gorpua aberriratzeko —beste 5.000 euro baino gehiago—.

Gorpua Aljeriara aberriratzeko prozesua «arazo burokratikoek» luzatu dute, familiaren esanetan. Senideen arabera, erakundeek Maleken pasaportea «galdu» zuten, eta lanak izan zituzten heriotza ziurtagiria eskuratzeko ere. Bi dokumentu horiek beharrezkoak dira prozesuari ekiteko. Behin horiek entregatuta, Aljeriako kontsulatuak hilotza lekualdatzeko baimena eman zain daude.

Bestalde, familiak eskerrak eman dizkie azken egunetan haiekin izan diren psikologo, itzultzaile, abokatu zein kazetariei, erakutsitako «maitasun eta errespetuagatik». Baita Gasteizko komunitate musulmanari ere, gorpua aberriratzeko diru bilketan laguntzeagatik.

Malek, 22 urteko gizonezkoa, otsailaren 28an aurkitu zuten hilda Zaballako kartzelako bere ziegan. Gizona 2020ko irailetik zegoen preso, eta ez zegoen suizidioaren prebentziorako programan, Eusko Jaurlaritzak azaldu zuenez, ez zutelako horretarako «zantzurik» ikusi. Senideek, baina, azaldu zuten aurrez ere saiatu zela bere buruaz beste egiten. «Espetxeko langileek diote ez zutela ezer detektatu; nik, ordea, zantzuak argi eta garbi ikusi nituen bisita batean: markak zituen gorputzean, biziki triste zegoen, eta droga kontsumoak izugarri egin zuen gora azken boladan», adierazi zuen Zuriñe Rodriguez senideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.