Etxebizitza

Etxeen prezioak azken hamabost urteotako igoerarik handiena izan zuen iaz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %6,4 garestitu dira; Nafarroan, berriz, %7,3. Batez besteko inflazioaren azpiko igoerak dira.  

Babes ofizialko etxebizitzak, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 8a
11:41
Entzun

Etxeen prezioak koska bat egin zuen gora iaz Hego Euskal Herrian. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, batez beste 2021. urtean baino %6,4 garestiago salerosi ziren 2022. urtean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Are handiagoa izan da igoera Nafarroan: %7,3koa.

2007an etxebizitzen burbuila lehertu zenetik izandako prezio igoerarik handienak dira bata zein bestea. Berez, 2007-2014 aldian merkatu egin ziren, eta ez gutxi: %39,2 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %45,8 Nafarroan.

2015ean hasi ziren berriro garestitzen, baina 2007ko mailatik nahiko urrun daude oraindik: %33 garestitu dira EAEn, eta %24,6 Nafarroan.

2022. urtean salerositako etxebizitzetan ez da alde handirik bizitegi berrien eta bigarren eskukoen artean. Horrela, Nafarroan %6,9 garestitu ziren etxebizitza berriak, eta %7,4 bigarren eskukoak. Beste hiru lurraldeetan, berriz, %6,7 berriak, eta %6,3 besteak.

Inflazioaren azpitik

Edonola ere, etxebizitzen garestitzea inflazioaren azpikoa izan da. Urteko batez besteko prezioak dira INEk aipatutakoak, eta batez besteko inflazioa %8,2koa izan zen iaz Hego Euskal Herrian.

Prezioen igoerak ez zuen eten etxebizitzaren merkatua. INEren behin-behineko datuen arabera, iaz 30.330 etxe salerosi ziren Hego Euskal Herrian: aurreko urtean baino 2.097 gehiago (+%7,4). 2007. urteaz geroztik izandako kopururik handiena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.