Ikus-entzunezkoak

Netflixek Kote Cabezudori buruzko dokumental saioa emango du

Disney Plus plataformak azaroan estreinatu asmo zuen 'En el nombre de ellas', baina abenduan adierazi zuten azkenean ez dutela emango. Dokumentalaren ekoizleek eta han ageri diren biktimek poza adierazi dute, «biktimen isiltasuna amaitu delako». Gorenak ez du onartu Cabezudoren azken helegitea.

'En el nombre de ellas' dokumental saioaren fotograma bat. DISNEY PLUS
Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 8a
11:58
Entzun

Azkenean lortu dute: Netflixen ikusi ahal izango da En el nombre de ellas dokumental saioa. Disney Plus plataformak azaroaren 23an estreinatu asmo zuen Kote Cabezudoren biktimen testigantzak biltzen dituen ikus-entzunezkoa, baina estreinaldia atzeratu egin zen, eta abenduan adierazi zuten azkenean ez dutela emango. Sr. Mono ekoiztetxeak ordurako aurreratu zuen, ordea: beste plataformaren batean ematekoak dira lau ataleko dokumental saioa. Netflixen izango da, uztaila baino lehen.

Albistea jakin berritan, bi gutun argitaratu dituzte: bata, dokumentalean agertzen diren zortzi biktimak; bestea, Eduardo Mendoza dokumentalaren zuzendariak eta Iñigo Perez-Tabernero ekoizle eragileak. Biktimek adierazi dutenez, jaso zezaketen albisterik onena da Neflixek emandakoa: «Espero dugu gure istorioaren bidez jende askok indarra sentituko duela isiltasuna apurtzeko». Aitortu dute prozesua zaila izan dela: «Baina, dirudienez, badago argi apur bat tunelaren amaieran... Hau hasi besterik ez da egin».

«Heldu da nahikoa dela esateko garaia. Urte asko eman ditugu isilik, lotsak eta beldurrak ez digutelako utzi oihu egiten, nahiz eta askotan egin dugun oihu isilik. Hamar urte igaro dira, baina jada ez dugu ez lotsarik ez beldurrik».

Abusuen biktima diren edo izan diren guztiei eskaini diete dokumentala, eta eskerrak eman dizkiete Sr. Mono ekoiztetxeko kideei: «Esan ziguten ez zutela amore emango gure istorioa ezagutarazi arte, eta hala izan da». Baita Netflixi ere: «Ahotsa ematea erabaki duelako, egun batean kendu ziguten hura; haiei esker, beste inork ez du berriz halakorik egingo».

Istorio luzea

Ekoizleek, berriz, azaldu dute «30 urtez hainbat emakumez —hala nola adingabeez—abusatu zuen predatzaile sexual baten istorioa» dela Cabezudorena, baita «zentzugabeki» hamar urte baino gehiago luzatu zen prozesu judizial batena ere. Horrek «biktimak berriro ere biktima» egin izana gaitzetsi dute.

Haien arabera, kontatu dutenak «ez du inor epel utziko», eta eskerrak eman dizkiote «Netflix plataforma ausartari», hura emateagatik. Gaineratu dutenez, haien ibilbide profesionaleko esperientziarik gogorrena eta zailena izan da.

Dena den, azpimarratu dute garrantzitsuena dela «biktimei erakustea isiltasuna amaitu dela». Izan ere, azken urteetan ugari izan dira Cabezudoren auziaren inguruko isiltasunari buruzko kritikak. Badaude zergatiak: argazkilariaren kontrako lehen kereila 2013ko urtarrilean jarri zuten. Modeloetako batek jarri zuen, hiru delitu leporatuta: iruzurra, sekretuak agerraraztea eta irain egitea. Apurka-apurka, gero eta andre gehiagok jo zuten auzitara. Hala ere, 2018. urteko lehen hilabeteetara joan behar da argazkilariaren kontrako salaketen gaineko lehen albisteak irakurtzeko. Ordura arte, agerikoa izan zen isiltasun mediatikoa; politikariek egindako adierazpenetan ere, ia erabatekoa izan zen mututasuna, eta biktimei babesa ematen dihardutenek maiz salatu dute hori.

Cabezudoren helegitea

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 28 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion Cabezudori. Jada lau urte bete zituen behin-behineko espetxealdian, hura libre uzteko eskeak egin ditu defentsak, baina ez dira onartu. Hamazazpi andrek jarritako salaketak aztertu ziren epaiketan; preskribatuta zeuden beste hainbatenak. Bortxaketa delitu bat, sexu abusuen beste bat, haur pornografiako sei eta bi iruzur delitu jo zituzten azkenean frogatutzat. Beste 217 delitu ere egotzi zizkioten, baina horietaz absolbitu zuten sententzian.

Egotzitakoen larritasuna agerian geratu zen epaiketan; fiskalaren jarreran, bereziki. Epaiketaren hasieran, 121 urteko kartzela zigorra eskatu zuen; epaiketa hasi eta hiru astera, 250 urtekoa. Auzibide gehiago ere badaude irekiak Cabezudoren aurka, eta zigor gehiago. Bi aldeek helegitea jarria zuten epaiaren kontra, eta Espainiako Auzitegi Gorenak gaur bertan eman du azken albistea: ez du onartu Cabezudok aurkeztutako helegitea. Ondorioz, 28 urte eta bi hilabeteko zigorra berretsi du. Cabezudoren defentsak soilik baietz da baietz legea baliatu nahi zuen zigorra murrizteko.

Zeukan itzalaz baliatuta

Argazkilari ezaguna izana da Cabezudo; modaren eta erotismoaren arloan sona izan zuen garai batean, Donostian eta inguruetan bereziki, eta modelo gehienen salaketek antzeko patroia erakutsi dute beti; zeukan itzalaz baliatuta, mendean hartzen zituen modelo gazteak argazki estudioan, eta, gero, haiei ateratako irudiak nahieran erabiltzen zituen. Biktimen lekukotasunek aparteko tokia dute dokumentalean. Besteak beste, akusatuak neska adingabeei eginiko sexu erasoak salatu dituzte.

Auzibideari buruzko isiltasuna ez da erabatekoa izan, ordea. Biktimak hainbat hedabidetan mintzatu dira, eta kasuaren berri ere eman da. Iazko martxoan hasi zen argazkilariaren kontrako auzibide nagusiko epaiketa, eta hartan ere, esaterako, hedabide asko izan ziren, eta luze eta zabal eman zen epaiketaren berri. Salaketa partikularrak propio eskatuta, ateak itxita egin ziren hainbat auzi saio: justu, biktimek hitz egin zuten saioak izan ziren horiek, eta haien ahotsa bakarrik entzuteko biderik ere ezin izan zen erabili, baina, gainerakoan, zabal erreparatu zitzaion epaiketari, eta oihartzuna izan zuen hedabideetan.

Gaiaren gaineko «isiltasun instituzionala» ere salatu izan dute biktimei babesa ematen ari direnek, eta, hor ere, 2018ra arte deus ez; urte hartako ekainean hitzartu zuen Donostiako Udalak biktimei «elkartasuna» erakusteko adierazpen bat. Udalak berretsi egin zuen argazkilariaren kontrako sententzia atera zenean.

Kote Cabezudoren auzia ulertzeko zenbait mugarri:

2013
Urtarrilaren 13a. Donostiako epaitegiak Cabezudoren kontrako lehen kereila jaso zuen.

2018
Maiatzaren 4a. Argazkilaria kartzelan sartu zuten, behin-behineko espetxealdian.

2022
Martxoaren 7a. Cabezudoren kontrako auzibide nagusiaren epaiketa hasi zen. Fiskalak 121 urteko kartzela zigorra eskatu zuen; akusazio partikularrak, berriz, 2.338 urtekoa.
Martxoaren 31. Fiskaltzak zigor eskaria handitzea erabaki zuen: 250 urteko kartzela zigorra eskatu zuen.
Ekainaren 27a. 28 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten Cabezudori.
Azaroaren 7a. Disney Plusek iragarri zuen Sr. Mono ekoiztetxeak auziari buruz egindako En el nombre de ellas lana estreinatuko zuela: azaroaren 23an estreinatzekoak ziren.
Abenduaren 12a. Disney Plusek atzera egin zuen, eta eskubideak itzuli zizkion Sr. Mono ekoiztetxeari. «Kote Cabezudoren biktimen alde gaude, eta uste dugu haien historia kontatu egin behar dela», esan zuen plataformak. «Baina desadostasunak egon dira ekoiztetxearekin, eta akordio bat lortu dugu eskubideak haiei bueltatzeko».

2023
Martxoaren 7a. Netflixek iragarri du En el nombre de ellas emango duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.