Macronek abortua konstituzioan sartzeko lege proiektu bat aurkeztuko du

Frantziako Senatuak otsailean onartu zuen abortua kontsituzioan sartzea. Asanblea Nazionalak berriz bozkatu beharko du.

Emmanuel Macron Gisele Halimi abokatuaren aldeko omenaldian, gaur. MICHEL EULER / EFE
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 8a
18:17
Entzun

«Datozen hilabeteetan» abortua konstituzioan sartzeko lege proiektu bat aurkeztuko dutela iragarri berri du Emmanuel Macron Frantziako gobernuburuak. Emakumearen Nazioarteko Eguna dela medio, Gisele Halimi abokatuaren aldeko omenaldi batean eman du albistea, Halimi abortuaren borrokan ikurra izan zela baliatuta. «Emakumeek haurdunaldiaren borondatezko etenera jotzeko duten askatasuna» konstituzioan egotea garrantzitsua dela erran du, modu horretan inork ezinen duelako «atzeraezina» izanen den eskubide hori ukatu.

Iragarri zutenean Ameriketako Estatu Batuetan aborturako eskubidea bertan behera gelditzen zela, Frantziako Gobernuak zenbait neurri iragarri zituen, eta oposizioak, berriz, horien kontra egin zuen. Joan den azaroan diputatuek onartu zuten abortua eskubide gisa sartzeko konstituzioan, baina senatuak askatasun gisa sartzea onartu zuen otsailean: 166 boz alde izan zituen neurriak, eta 152 boz aurka. Ezkerreko oposizioak, baina, Macroni eskatu zion lege proiektu propio bat aurkezteko, prozesu guztia azkarrago joan zedin.

Asanblea Nazionalaren oniritzia beharrezkoa da oraindik, eta onespen horiek eta gero erreferendum bat ere egin beharko litzateke. Gobernuak bere gain hartzen badu prozesua, ez da erreferendumik egin beharko: nahikoa litzakete parlamentuko ganbaren bost zatietako hiruk Macronek egindako proposamena onartzearekin.

Frantzian 1975. urtean despenalizatu zuten abortua, Simone Veilek sustatutako lege batengatik. Azkeneko zuzenketa 2022an izan zen, zeinak epeak hamalaugarren astera arte luzatzen dituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.