Zahar etxeak

ELAk beste hamar greba egunera deitu du Bizkaiko zahar etxeetan

Besteak beste, lan baldintzak zahar etxe publikoetako langileekin berdintzea eskatzen ari dira

ELAko zahar etxeetako langileek iazko azaroan egindako protesta. LUIS TEJIDO / EFE
Javi West Larrañaga.
2023ko martxoaren 9a
10:21
Entzun

ELAk beste hamar greba egunera deitu du zahar etxeetan, hitzarmen berri bat eskatzeko. Patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak «bere horretan» jarraitzen dutela adierazi du ohar bidez, eta erakundeek Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egindako «zurikeria» kritikatu du. Greba egunak martxoaren 15etik 24ra egingo dituzte.

Sindikatuak ordezkaritza handiena dauka sektorean, eta orain arte 29 greba egun egin ditu Bizkaiko egoitzetan. Otsailean salatu zuten patronalarekin ez direla bildu 2021eko urritik. LABek ere lanuzteak egin izan ditu; azkenengo bider, 2017an sinatu zen hitzarmenaren eguneratzea eskatzeko.

Hainbat dira ELAren eskaerak: plantilla handitzea, lan baldintzak zahar etxe publikoetako langileekin berdintzea, ordezkapenak lehenengo egunetik egitea eta lanaldi osoko kontratu gehiago egitea. Horiez gain, soldata igotzeko ere eskatzen ari dira.

Otsailean deitoratu zutenez, enpresek %6-10 igo dizkiete tarifak egoiliarrei, argudiatuz lansarien igoerari aurre egin behar diotela, baina, ELAren arabera, langileek ez dute hobekuntzarik igarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.