Albistea entzun

Honduras

Hurrengo eguneko pilula legeztatu du Hondurasek

Soilik bortxaketa kasuetan eman ahal izango dute medikuek. Hamar urtez debekatuta egon da pilula herrialdean, eta legeztatzeak abortuaren aurkako mugimenduen protestak eragin ditu.

Hondurasko presidente Xiomara Castro, artxiboko argazki batean. /
Hondurasko presidente Xiomara Castro, artxiboko argazki batean. / Gustavo Amador/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor -

2023ko martxoak 9 13:39

Hondurasko presidente Xiomara Castrok eta Osasun ministro Jose Manuel Matheuk sinatu zuten atzo hurrengo eguneko pilula legeztatzeko agindua. Baina soilik bortxaketa kasuetan banatu ahal izango dute medikuek. Osasun Ministerioko Genero Unitateko arduradun Clara Lopezek azaldu zuen zer-nolakoa izango den pilula eskuratzeko protokoloa. Haren esanetan, erietxeetan eta ospitale publikoetan banatuko da, eta emakumeek ohiko osasun azterketa igaro beharko dute pilula jaso ahal izateko, baina ez dute salaketarik jarri beharko, ezta Auzitegi Medikuen Ikerketa Zentroak bideratutako azterketarik egin beharko ere. «Ulertzen dugu oso egoera zaila dela emakumeentzat, salaketa jartzeko beldur direlako edota ez dutelako osasun azterketa sakon bat egin nahi, igarotako traumaren ostean. Emakume batek ez luke halako istorio bat asmatuko pilula bat lortzeko», adierazi zuen Lopezek.

Neurriak, baina, abortuaren aurkako mugimenduen haserrea eragin du. Izan ere, abortua erabat debekatua dago Hondurasen, eta erakunde erlijiosoek salatu dute Castrok onartutako neurriak hura ahalbidetuko lukeela. «Tamalez, Osasun ministroak larrialdiko pilula antisorgailua erabiltzea onartu du bortxaketaren aitzakian. Pilularen erabilera onartzea abortua onartzea da», salatu du Martha Lorena de Cascok, Bizitzaren Aldeko Hondurasko Batzordearen sortzaileak.

Emakumeen eskubideen aldeko erakundeak ere ez dira erabat gustura agertu neurriarekin; izan ere, ez daude ados pilula soilik bortxaketa bat izan denean baliatu ahal izatearekin. Hondurasko Nazioarteko Plana erakundeko kide Pavlova Polancok gogorarazi zuen OME Osasunaren Mundu Erakundeak hiru kasutan aholkatzen duela hurrengo eguneko pilula erabiltzea: antisorgailuak huts egiten duenean, antisorgailurik erabili ez denean, eta sexu indarkeria jasan denean. «Estatistikek egunero erakusten digute zein adinetako neskak geratzen diren haurdun; hamar urte baino gutxiagokoen kasuak ere baditugu», nabarmendu zuen Polancok. Ekintzaileak gogorarazi zuen pilula eskuratzeko modua bazela lehendik ere merkatu beltzean, baina egokiena litzatekeela hura «legez» lortu ahal izatea modu erraz eta askean.

2017an egindako ikerketa baten arabera, 18 eta 24 urte arteko emakumeen %16,02k eta gizonen %9,9k esan zuten sexu indarkeria jasan zutela adingabe zirela. Horrek esan nahiko luke egunero 26 adingabe direla sexu indarkeriaren biktima; hau da, adin txikiko bat ordubetean behin.

Duela hamar urte debekatu zuten Hondurasen hurrengo eguneko pilula. Abortatzeko balio zuela argudiatuta, 2009ko apirilean Kongresuko gehiengoak eskatu zuen hura sustatzea, erabiltzea, saltzea edo erostea bultzatu asmo zuen edozein programa edo politika debekatzeko. Baina orduan estatuburu karguan zen Jose Manuel Zelayak debekatu egin zuen 54-2009 dekretua iritziz neurriak urratu egiten zituela Hondurasko konstituzioan jasotako askatasun eta eskubideak, baita emakumeen eskubideak jasotzen zituzten nazioarteko itunak ere. Handik gutxira, ordea, indarrez kargugabetu zuten Zelaya eta urte bereko urrian gobernu berriak debekatu egin zuen hurrengo eguneko pilula, abortua ahalbidetzen zuela argudiatuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Clara Ponsati Europako diputatu agiria erakusten atxilotu duten eskuadrako mossoei, gaur, Bartzelonan . ©Quique Garcia / EFE

Clara Ponsati Bartzelonara bueltatu da, eta atxilotu egin dute

Edu Lartzanguren - Igor Susaeta

«Pablo Llarena epaileak eurodiputatua atxilotzeko agindua emana du, desobedientziarengatik epai dezaten Espainiako Auzitegi Gorenean. «Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuleraren inguruan». Defentsak 'habeas corpus' eskaera bat egin du

Humza Yousaf, atzo. ©EFE

Yousaf SNPko lider berria Eskoziako lehen ministro aukeratu dute

Igor Susaeta

Adierazi du SNPk egindako «promesei» eutsiko diela, eta «nekaezin» jarraituko duela independentziaren alde borrokatzen.

Protesta bat Manilan, iazko Giza Eskubideen Nazioartko Egunean. / ©FRANCIS R. MALASIG, EFE

Azken urtean giza eskubideen urraketak ugaritu egin direla salatu du AIk

Arantxa Elizegi Egilegor

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak urteroko txostena plazaratu du. Bertan salatu du nazioarteak oso jarrera desberdina hartzen duela gatazka gertatzen den tokiaren arabera, eta Ukraina eta Palestina jartzen ditu adibide gisara.

Israelgo Gobernuaren erreforma judizialaren kontrako manifestazio bat, atzo, parlamentuaren parean. ©Abir Sultan, EFE

Israelgo presidenteak «berehalako elkarrizketa prozesu bat» galdegin du

Gorka Berasategi Otamendi - Mikel O. Iribar

Protesta gehiago izan dira gaur goizean, lehen ministroak atzo iragarri arren erreforma judiziala etengo duela behin-behinean. Herzogen negoziazio taldea opozisioko Lapid zentristarekin eta Gantz liberalarekin biltzekoa da gaur. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...