Osakidetza

Sindikatuek diote «adarjotzea» dela Osakidetzako mahai sektorialaren deialdi berria

ELA, LAB, SATSE, SME, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute Osasun Sailak ez duela negoziatzeko borondaterik. Osasun Sailak deitoratu egin du sindikatuen jarrera, eta esan die gaurko bileran urratsak egin behar zituztela hainbat profesionalen erretiro aktiboaren gainean.

Osakidetzako sindikatuen protesta bat, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA/ EFE
Edurne Begiristain.
2023ko martxoaren 9a
12:31
Entzun

Osakidetzak sindikatu guztiak deitu ditu gaurko mahai sektorialaren beste bilera batera, baina ELA, LAB, SATSE, SME, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute deialdia «adarjotzea» dela. Uste dute bilerara joateko baldintzarik ez dela, Osakidetzak «benetako negoziazio bati bizkarra ematen jarraitzen duelako» eta akordioak lortzeko «inolako borondaterik» ez duelako.

Duela astebete, sindikatu guztiek uko egin zioten martxoaren 1erako deitutako bilerara joateari, Osakidetzak ez ziela kasurik egiten salatzeko. Astebete igarota, Osakidetzak beste bilera batera deitu ditu gaurko, eta, bertan, gai zerrendako puntu bakar gisa, aurreko bileran aztertu beharreko gaien zerrendan sartu zituen sei puntuetako bat sartu du, gainerakoak ezabatuta.

Horregatik, SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk «adarjotzea» iritzi diote ostegun honetarako jasotako deialdiari. «Osakidetzak badaki, aurreko bilerako gai zerrendako sei puntuak ikusita, sindikatuek mahaira ez joatea erabaki bazuten, deialdi berriak emaitza bera izango duela», adierazi dute. Sindikatuek berretsi dutenez, Osakidetzako zuzendaritzak eta Osasun sailburuak aski ongi ezagutzen dituzte sindikatuek mahai sektorialaren bileretara ez joateko izan dituzten arrazoia dela negoziatzeko benetako borondaterik ez dagoela.

Osasun Sailaren erantzuna

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, ohar bidez, kexu agertu da, sindikatuak ez direlako agertu gaur deitutako bilerara. Mahai sektorialaren batzarrean bi gai jorratzekoak zirela gogoratu du: familia medikuntzako eta lehen mailako arretako pediatriako profesionalentzako erretiro aktiboa, eta Araban bizi euskarri aurreratuko anbulantzia berri bat martxan jartzeko langile kopurua.

Osasun Sailaren ustez, erretiro aktiboaren gaia jorratzea premiazkoa da, osasun sistemak duen arazo garrantzitsuena arintzen lagundu baitezake, espezialitate batzuetan espezialistarik ez izatearena, esaterako: «Erretiro aktiboari esker, erretiro adinera iristen diren familia medikuntzako eta lehen arretako pediatriako osasun langileek Osakidetzan beren eginkizunak betetzen jarraitu ahal izango dute, eta pentsioa kobratzearekin bateragarri egin ahal izango dute».Gotzone Sagarduiren sailak azaldu duenez, gaurko bileran neurri hori ezartzeko baldintzak adosten saiatzeko lehen urratsak egitea zegoen aurreikusita, eta horren jakitun zeuden sindikatuak ere. Neurria abian jartzeko epeak mugatuak direla oroitarazi die, gainera. «Oso garrantzitsua zen sindikatuek mahai sektorialean parte hartzea neurri hori martxan jarri ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.