'Puta zikinak' liburuaren ale guztiei «eraso» diete Baionako liburu denda batean

«Talde integrista eta transfobo batek» eraso diela salatu du Katakrak argitaletxeak, eta «marra gorria» zeharkatu dutela.

Katakrak liburu dendaren ataria. KATAKRAK
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 10a
15:01
Entzun

Iazko azaroan argitaratu zuen Katakrak argitaletxeak Puta zikinak. Sexu langileen eskubideen aldeko borroka liburua; Amaia Astobiza itzultzaileak ekarri du euskarara —elkarrizketa egin zion BERRIAk urtarrilean—. Juno Mac eta Molly Smith dira liburuaren egileak, prostituzioan aritutako bi andre. Katakrakek salatu du Puta zikinak-en ale guztiei «eraso» diela «talde integrista eta transfobo batek» Baionako liburu denda batean. Otsailaren amaiera aldera gertatu zen erasoa: «Ale bakar bat ere ez zen osorik eta txukun geratu».

Katakrak ez da isilik geratu, eta adierazi du gertakariak «historiako garai ilunenak» ekarri dituela gogora. Hain zuzen, 30eko eta 40ko hamarkadak, liburuak erretzen ziren garaia. «Liburuak hondatzea, dendariak, editoreak eta egileak beldurtzeko asmoz, hori beste zerbait da, garai autoritario, sektario eta erasokorren adierazgarri».

Euskararen kontrako jazarpentzat ere jo duliburu dendan jazotakoa: «[Lapurdin] euskarazko liburuei toki egiten dion liburu denda bakarretako bateko liburuei erasotzea euskaldunoi erasotzea da».

Ikusi gehiago:Irati Majueloren 'Puta zikinak'-en kritika

Astobiza itzultzaileak ere gertatutakoa txarretsi du sare sozialetan: «Erasoak eraso, puta zikinek beren bizitzak eta eskubideak defendatzen jarraituko dute, eta guk borroka horiek lau haizeetara zabaltzen eta justizia soziala aldarrikatzen segituko dugu».

Feminismoaren barruko «arrakalari» heldu dio Katakrakek ere, eta Puta zikinak liburuak «bazterreko» esperientzia guztiak barnean hartzen dituela azaldu. «Aldeetako batek uste du feminismoan badela jendea sobran: prostitutak, migranteak, pertsona transak. Beste aldeak uste du ezetz». Talde «integrista eta transfobo» bati egotzi dio argitaletxeak erasoa.

Argitaletxea ez ezik, Katakrak ere bada liburu denda eta zentro soziala. Feminismoaren bestelako ikuspegiei tartea eman dietela azaldu dute: «Puta zikinak liburua argitaratu dugu, baina debeku legeen bidez prostituten bizitzak kaltetzearen alde dauden liburuen aurkezpenak ere egin dira gurean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.