Ikus-entzunezkoak

Ikus-entzunezkoetan etapa berri bat abiatuko dutela iragarri dute EITBk eta Eikenek

Metadatuei buruzko proiektu aitzindari bat garatu nahi dutela iragarri, eta aliantzen aldeko aldarria egin dute bi erakundeek, Donostian. Lucia Rekalde Europako Batasuneko Hedabide Politikako zuzendari laguntzaileak esan du datuak «petrolioa» direla.

Donostiako ekitaldiaren parte hartzaileak. ANDONI CANELLADA
urtzi urkizu
2023ko martxoaren 10a
16:03
Entzun

Euskal ikus-entzunezkoen sektoreko garai berrietarako atea irekitzeko ekitaldia. Modu horretan definitu dute Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen eta Eduki Digitalen Klusterrak eta EITBk gaur Donostiako Tabakaleran egin duten aurkezpena. «EAEko ikus-entzunezkoei» dagokiela dio informazio ofizialak. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eta Aletxu Etxebarria Eikeneko presidenteak aurrera begirako hainbat ildo plazaratu dituzte —hasierako euskarazko agur laburraren ostean, azalpen guztiak gaztelaniaz eman dituzte—.

Aldekoak EITB 2030 estrategiaren berri eman du, eta zera nabarmendu: «Euskadiko eta euskarazko ikus-entzunezko edukien bermea izan behar dugu kontsumo eta euskarri digital berrien aurrean. Gure hedabideak indartu behar ditugu gizartearen erreferente izateko informazioaren eta zerbitzu publikoaren alorretan, eta gazteekin konektatu behar dugu: mundura irekitzen den Euskadiko leihoa izan, eta EITBren proiektuaren jasangarritasuna bermatu».

EITBko zuzendari nagusiak zortzi erronka nagusi aurkeztu ditu: «Lehiakortasun ekonomikoaren lehentasunezko sektorea izatea; sektorearen estrategia komuna; enpresen tamaina eta gaitasuna handitzea; finantzaketa hobetzea; kanpoko merkatura ateratzea; giza baliabide aurreratuetarako sarbidea hobetzea; kanpoko plataformekin eta taldeekin aliantzak finkatzea, eta enpresen traktore izatea».

Udan, Primeran
Gaztelania hutsean, Aldekoak zera esan du: «Hizkuntza ez da hesi bat».Hainbat egitasmoren berri eman du EITBko zuzendari nagusiak: adibidez, Primeran plataformaren beta bertsioak hilabete eta erdi barru ikusiko du argia. Udan «suabe» abiaraziko da. Eta irailean «abiadura bizia» hartuko du. Aretoko pantaila batean irakurri ahal izan da zer izango den Primeran: «Euskal eta euskarazko edukien erakusgarri, kalitatezko eskaintza askotarikoa bermatzeko asmoz sortutako plataforma digital bat, eta euskal munduari zabalik dagoen leiho digitala».Edukien artean, filmak, telesailak, streaming saioak edo ekitaldien zuzeneko emankizunak, haurrentzako edukiak, dokumentalak eta programak egongo dira. Euskarazko edukien 1.500 ordu baino gehiago egongo dira. Astero eduki berriak gehituko dituzte zerbitzuan.

Ondotik iritsiko da Makusi, euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma, 0 eta 12 urte arteko haurrentzat prestatua. Azpitaldeak sortuko dituzte, adinaren arabera eskaintza hobeto egokitzeko. Batez ere, marrazki bizidunak, filmak eta telesailak eskainiko ditu.

Duela egun batzuk Maite Goñi EITBko Audio eta Digitaleko zuzendariak BERRIAn iragarri zuen moduan, audio plataforma bat ere iritsiko da hilabete batzuk barru. Guau! Gure Audioa izena jarriko diote zerbitzu horri. Euskarazko audio edukien erreferentziazko gune bihurtzea edukiko du helburutzat, eta erabiltzaile esperientzia egokia eskaintzea. Besteak beste, podcastak, irratietako edukiak, beste eragile batzuen audioak eta musika egongo dira eskura.

Informazio zerbitzu bat ere bai: Orain
Hemendik gutxira, halaber, beste egitasmo bat abiaraziko du EITBk: Orain. Informazio edukiak eskaintzeko zerbitzu bat izango da, bereziki 40 urte baino gutxiagoko herritarrentzat diseinatua. Whatsapp aplikazioan hasiko du bidea, udan.

Aldekoak nabarmendu dituen edukien artean, ETB2ko Akelarre saioaren transmedia proiektua dago —saioak kritika ugari jaso ditu sare sozialetan, baina uda arte jarraituko du, gutxienez—.

Donostiako Miramon Faktoria ekoizpen zentroa sortzeko 20 milioi euroko inbertsioa egingo du EITBk, eta obrak 2024-2025 urteetan egiteko asmoa dute.

«Datuak petrolioa dira»
Ikus-entzunezko Edukietarako Europako Datu Partzuergoa sortzeko egitasmoan parte hartuko du EITBk, Europako Irrati-Telebisten Batasunarekin batera. Multimedia datuen gaia garrantzitsutzat jo du Aldekoak, eta prestakuntza ikastaroak egingo dituzte profesionalentzat.

Bide beretik, datuak «petrolioa» direla adierazi du Lucia Rekalde Europako Batasuneko Hedabide Politikako zuzendari laguntzaile eta Ikus-entzunezko Industriari eta Hedabideei Laguntzeko Programen Unitateko buruak. Edukien marketinean gehiago inbertitu behar dela nabarmendu du.

Eikeneko presidente Aletxu Etxebarriak 2023-2024 urteetarako ekintza plana aurkeztu du, eta sei lan ildo hauek nabarmendu: «Gizartean eragina izango duten eduki berritzaileak sortzea; ikus-entzunezko metadatuei buruzko proiektu aitzindari bat garatzea; azpiegitura digital berriei buruzko ekoizpen birtuala sustatzea; egiteko komertzialak bultzatzea eta nazioarteko foro eta proiektuetan parte hartzea; sektoreko soslaien gaikuntza garatzea; eta eduki jasangarrien kudeaketa». Etxebarriak garrantzitsutzat jo du 2020an klusterra Jakintza Industrien eta Teknologia Aplikatuen Elkartean sartu izana. «Etapa berri honetan, bultzada bat etorriko da EITBren eskutik», gaineratu du Etxebarriak.

Ekitaldian parte hartu dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak ere. Oihane Mateos EITBko kazetariak egin ditu aurkezle lanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.