Maite Goñi. EITBko Audio eta Digitalen zuzendaria

«Audio plataforma bat sortuko dugu datozen hilabeteetan»

Ikus-entzunezkoetarako Primeran iritsiko den moduan, irrati eta audioetarako beste plataforma bat sortuko dute, Goñik iragarri duenez. «Kolaborazioak sustatuko ditugu euskalgintzarekin».

OIER ARANZABAL.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Irakasle lanetan urte luzez aritu zen Maite Goñi (Ordizia, Gipuzkoa, 1967). Iazko apirilean izendatu zuten EITBko Audio eta Digitalen zuzendari. «Balorazio ona» egin du lehen hilabeteen inguruan, «kontuan izanda kargua erantzukizun handikoa dela». Azkeneko urteetan, bideak hezkuntza mundutik urrundu du, eta gero eta gehiago komunikaziora eraman —urte askoan aritu da kolaboratzen Euskadi Irratian eta ETB1en—. «Ilusio handiz nago».

Euskadi Irratiak bere zuzendaria du, eta Radio Euskadik berea. Zein dira zure ardurak?

Irrati bakoitzak bere zuzendaria du, bai. Irrati guztiak astean hirutan elkartzen gara, eta estrategia komun bati heltzen diogu. Lankidetza sustatzeko mahai bat dago.

Une berezia bizi du sektoreak, gainera. Aldaketez betea, ezta?

Nire ardura da irratien etorkizuna eta digitalizazioa. Hortik harago, Euskadi Irratian hasi gara egitasmo batekin: gogoetan barneko jende askok parte hartu du, eta kanpoko jendea ekarri dugu begiratzeko audioaren mundua nola garatzen ari den. Sare sozialetan audioak nola dabiltzan ere begira ari gara. Hortik, konpromiso batzuk hartu ditugu. Lan ildo batzuk ere ezarri ditugu digitalizazioaren bidean.

Beste irratietara zabalduko da hori?

Bai, irrati bakoitzaren beharretara egokituko dugu gero hori. Irrati bakoitza garai eta egoera desberdinean dago.

Zein da parez pare duzun erronka nagusia?

Audio plataforma bat sortuko dugu datozen hilabeteetan. Horretan, jendeak entzun ahalko ditu EITBko irrati guztiak, zuzenean. Baita irratiak nahieran ere, baina ondo pentsatuko dugu zein eduki joango diren batera eta zeintzuk bestera. Hor sartuko da audio ekoizpen digital natibo guztia ere.

Podcastak?

Bai. Baina, plataformarekin, jada ez da izango EITB Podkast. Audio plataforma berri horretan, zabaldu bide desberdinak nahi ditugu, eta kolaborazioak sustatu euskalgintzarekin. Fikzioa, umorea, kirola... denetarik egongo da. Balioa emango diogu daukagun guztiari, eta EITBtik kanpokoei eskua zabalduko diegu.

EITB Podkast marka desagertu egingo da orduan?

Litekeena da desagertzea.

Ikus-entzunezkoen Primeran plataforma iristen denean, audio plataforma ere hor entzungo al da?

Ez, desberdinak izango dira. Aztertzen ari gara Primeran-eko teknologia bera erabiltzea audio plataformarako. Bideopodcastak ere iritsiko direnez, Primeran-eko funtzio asko baliatuko ditugu. Primeran ekain aldera iritsiko da; abenduan, Makusi haurrentzako plataforma; eta gero, audioarena.

Audiofikzioak bide bat egiten ari dira. Artxipelagoa hautagaia da Ondas sarietako bi kategoriatan. Pozik halakoekin?

Bai, oso-oso pozik gaude. Kalitate handikoa da Artxipelagoa. Ulu Media ekoiztetxekoak sekulako lana egiten ari dira. Audio plataforma berrian apustu handia egingo dugu fikzioaren alde.

Mugimendu asko dago fikzioen inguruan.

Hain justu, gertatzen ari da konpainia batzuek fikzioak podcast formatuan estreinatzea lehenbizi, eta, arrakasta baldin badute, gero telebistara egiten dute jauzi. AEBetako joera horri erreparatzen ari gatzaizkio.

Unai Iparragirre ETBko zuzendariak abenduan BERRIAn esan zuen eskaintza transmediak areagotu egingo direla etorkizunean. Zer egin daiteke alor horretan?

Horretan ere ari gara lanean. Kudeatzeko modu osoa aldatzen ari gara. Alegia, telebistako programa bat iristen denean, digitalean sartzen gara, eta ikusten dugu eduki horri begira zer estrategia landu. Aztertzen dugu, esaterako, telebistako eduki batek balio dezakeen podcast baterako. Aztertzen ari gara, bide batez, sare sozialetako zer leihotan eta nola egon behar duen.

Adimen artifiziala ere hor da.

Gero eta garrantzitsuagoa izango da, eremu guztietan. Apple Podcasten, adibidez, dagoeneko badaude adimen artifizialak irakurritako podcastak. Zorionez, euskararen munduan gero eta aurreratuago gaude.

Euskara ez da atzean geldituko alor horretan?

Ez, ikerketa mailan eta enpresetan punta-puntan gaude. Daukagun arazo bakarra datu baseak dira. Datu gehiago behar ditugu: euskarazko testuak eta ahotsak.

Komunikazio talde asko dabiltza gazteen atzetik. EITB nola iritsi daiteke gazteengana?

Beraiek dauden tokian egon behar dugu, eta beraiek nahi duten formatuetan. Garai batean, militantziagatik kontsumitzen ziren eduki batzuk, baina hori amaitu zen. Produktuak erakargarria izan behar du, eta haiek dauden dena delakoetara iritsi. Makusi plataforma berria oso garrantzitsua izango da estrategia horretan. Ohiturak sustatu nahi ditugu, baina horretarako bazka eman behar da. Gaztea irratiak ere bere proiektua du.

Zer ezaugarri ditu Gaztearen proiektu berriak?

Gaztea jada ez da irrati bat: Gaztea unibertso bat da. Espazio bat izango du formatu berriak probatzeko. Beste alde batetik, egitasmo gehiago etorriko dira aurten EITBLab laborategiaren eskutik.

Euskadi Irratia liderra da Gipuzkoan. Beste herrialdeetan hazteko aukerarik ikusten duzu?

Horren bila joan beharra daukagu. Oso lokalizatuta daude irratiak, eta esparruak gainditzeko aukera asko dauzkagu. Audio plataformak lagunduko dio Euskadi Irratiaren zabalkundeari. Bi alorretako [FM eta sarea] onena batzea da nire asmoa.

Nola irudikatzen dituzu etorkizuneko irratia eta audiogintza?

Audiogintza izango da norberak nahi duena nahi duenean entzuteko modukoa. Kontsumitzeko euskarriak aldatuko dira, baina gure asmoa da dauzkagun irratiak sendotzen jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.