Euskara

Uliazpiko langileek esan dute hizkuntza eskakizunen aurkako epaia «akats larria» izan dela

Euskalgintzaren Kontseiluak «erabateko sostengua» erakutsi die, eta nabarmendu du sententziak kalte egiten diela langileei ez ezik erabiltzaileei ere

arantxa iraola
2023ko martxoaren 10a
16:40
Entzun

Uliazpi fundazioko langile batzordearen «gehiengoaren» izenean, ELA eta LAB sindikatuek esan dute «akats larria» dela lehengo astean erakundeko hizkuntza eskakizunen kontra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen sententzia. Epaia «bidegabea» dela esan dute, eta ez duela aintzat hartzen langile askok lanpostu bat lortzeko egin duten ahalegina.

Uliazpi fundazioaren inguruko ebazpenaren arabera, legez kanpokoa da euskararen ezagutza aintzat hartzea fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan. «Euskara normalizatzeko plana ezin da lehenetsi oinarrizko eskubideen aurrean», ebatzi du sententziak. Uliazpik 2021eko uztailean onartu zuen 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua; euskaraz jakitea —B2 titulua izatea— baldintza zen 32 postutarako, eta meritua beste bitarako.

«Uliazpi adimen desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea garatzen laguntzeko laguntzak ematen dituen erakunde bat da, eta hizkuntza eskakizunak, herritarren eskubideei erantzuteaz gain, lanpostuaren ezaugarrien ondorio dira, erabiltzaileek behar dituzten laguntzei dagokienez», adierazi dute langileen ordezkariek gaur plazaratu duten oharrean. Epaiaren funtsa arbuiagarria dela pentsatzen dute. «Enplegu publiko bat lortzeko eskubide generikoa» eta «lanpostu jakin baterako baldintzak betetzeko beharra» sententzian era okerrean nahasten direla uste dute. «Izan ere, Uliazpin komunikazioa eta, beraz, hizkuntzaren ezagutza funtsezkoa da langileek esleituak dituzten zereginak egiteko», nabarmendu dute.

Kontseiluaren babesa

«Erabateko sostengua» azaldu die Euskalgintzaren Kontseiluak langileei. Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek nabarmendu du sententzia honek hizkuntzaren «biziberritze prozesua» ez ezik «langile askoren eta erabiltzaileen eskubideak» ere urratzen dituela. «Izan ere, beren lana behar bezala egiteko tresna dutela ulertuta, asko izan dira lan eskaintza publiko horretara begira eskatutako euskara maila erdiesteko ahalegina egin duten langileak, eta, orain, ahalegin hori hutsaren hurrengo lekuan utzi du sententziak», adierazi du.

Sostengua agertzeaz gain, Kontseiluak txalotu egin nahi du Uliazpiko langileek erakutsi duten jarrera. «Izan ere, uste dugu garrantzitsua dela gero eta bortitzago datorren oldarraldi judizial honi erantzutea, euskalgintzatik ez ezik, baita kohesio eta justizia sozialaren arloan ari diren eragile eta norbanakoen aldetik ere. Muinean, bizikidetza eta parekidetasun auzi bat baita», nabarmendu du Eskisabelek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.