Migrazioa

Erresuma Batuak eta Frantziak 541 milioi euroko migrazio akordio bat egin dute Mantxako kanalerako

Londresek orain halako bi baino gehiago emango dio Parisi 2026ra arte; besteak beste, Dunkerquen atxilotze zentro bat finantzatzeko. Akordioak GKEen kritikak eragin ditu.

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa eta Emmanuel Macron Frantziako presidentea, gaurko agerraldian, Eliseoko jauregian. GONZALO FUENTES / EFE
ander perez zala
2023ko martxoaren 10a
17:24
Entzun

Brexit-aren, eta Boris Johnsonen eta Liz Trussen agintaldien ostean, giroa bestelakoa da Frantziaren eta Erresuma Batuaren artean. Erabateko konfiantza eraikitzeko eta sentsazio positiboak berreskuratzeko bideak egiteko dauden arren, Emmanuel Macronek eta Rishi Sunakek gaur egin duten goi bilerak eta horren osteko agerraldiak agerian utzi dute emanda dagoela jada harreman baikorra berreskuratzeko lehen pausoa, eta batzuetan hori izaten da zailena. Bi agintariek nabarmendu dute hori, irriak, begirada konplizeak eta adierazpenak tartekatu dituzten bitartean. Hori kontuan harturik, bilkurak ezin zuen itunik gabe amaitu, eta hala izan da: Sunakek jakinarazi du Mantxako kanalean legez kanpoko immigrazioari aurre egiteko funtsa orain halako bi baino gehiago emango dutela datozen hiru urteetan. 541 milioi eurokoa izango da.

Asteotako gertakariak eta adierazpenak kontuan harturik, argi geratu da migrazioaren afera Sunaken agintaldiko lehentasunetako bat izango dela. Joan den asteartean, Erresuma Batuko Barne ministro Suella Bravermanek asiloa eskatzeko baldintzak gogortzea eta paperik gabe sartzen diren migratzaileak azkarrago kanporatzea helburu duen lege proiektua eraman zuen Komunen Ganberara, eta gaur lehen ministroa Parisera joan da, Frantziako presidentearekin auzi horretaz aritzeko.

Sunakek uste du ezinbestekoa dela Frantziarekin lankidetzan aritzea. Horregatik, agerraldian jakinarazi du Erresuma Batuak funtsa handituko duela Mantxako kanaleko «barku txikien» bidezko immigrazioa gelditzeko. Zehazki, bi herrialdeek itunean jaso dutenez, aurten eta hurrengo urtean 141 milioi euro jasoko ditu Parisek; 2024 eta 2025ean, 191 milioi; eta 2025 eta 2026an, 209 milioi.

Diru hori, batez ere, Frantzia iparraldean atxilotze zentro bat eraikitzeko baliatuko dute, baita hondartzetan patruila gehiago izateko eta drone gehiago erabiltzeko ere. Gune hori, lehen informazioen arabera, Dunkerque inguruan egongo da, eta herrialde horretan geratzeko eskubiderik ez duten eta deportazioaren zain dauden migratzaileak hartzeko erabiliko dute.

«Ados jarri gara gure zaintza eta esku hartze gaitasunak handitu behar genituela», esan du Macronek Eliseoko jauregian egin duten agerraldian, eta Sunakek gehitu du «erabakigarria» zela bi herrialdeen arteko «aliantzaren oinarriak berriz indartzea». Erresuma Batuko lehen ministroaren adierazpen horrek badu beste irakurketa bat ere, Frantziarekin duen harremana bideratuta, EB Europako Batasunaren konfiantza berreskuratzeko beste pauso bat eman baitu, joan den otsail amaieran Europako Batzordearekin Windsor Esparru Hitzarmena adostu ondoren.

Gaur jakinarazitako neurrien lehen zantzuak Sunakek berak eman zituen iragan azaroaren 14an —Erresuma Batuko lehen ministro kargua hartu eta bi astera—, esan zuenean funtsa handitu beharra zegoela. Egun horretan, Bravermanek eta Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninek beste akordio bat sinatu zuten, eta, horren bidez, erabaki zuten patruila gehiago bidaltzea Mantxako kanalera, migraziorako itsasoko bide hori «ez-bideragarri» bilakatzeko.

45.756 lagun, iaz

Londresen datuen arabera, nabarmen igo da, azken hiru urteetan, Frantziatik Erresuma Batura heldu diren migratzaileen kopurua. 45.756 lagun izan ziren iaz; 21.000 inguru 2021ean; eta 8.417 2020an. Hala, egun, 160.000 asilo eskatzaile baino gehiago daude erantzunaren zain herrialde horretan.

Hori bai, Macronek argudiatu du, gaur, bi herrialdeen arteko lankidetzak «30.000 gurutzatze eta 500 bat pertsonen trafiko sare eragotzi» dituela urteotan: «Aldebiko esparru hau berritzeak esan nahi du norabide honetan jarraitu nahi dugula, modu oso zehatzean, eta jakitun garela zein den partekatzen dugun erantzukizuna».

Espero zitekeen modura, Erresuma Batuaren eta Frantziaren akordioak GKE gobernuz kanpoko erakundeen kritikak eragin ditu. Gurutze Gorriak, esaterako, esan du neurria «nazioarteko legedien kontrakoa» dela, «oso garestia» eta «eraginik gabea». Bide beretik, Amnesty Internationalek adierazi du ituna «bihotzik gabekoa» dela, eta oroitarazi du asilo eskaria «giza eskubide bat» dela, eta ez «komenigarritasun politikoagatik kendu daitekeen zerbait».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.