Albistea entzun

Migrazioa

Frantziak eta Erresuma Batuak patruila gehiago bidaliko dituzte Mantxako kanalera, migrazioa kontrolatzeko

Parisek eta Londresek sinaturiko akordioak aurreikusten du ontzien kopurua 200dik 300era igotzea, bi herrialdeen arteko itsasoko bidea «ez-bideragarri» bilakatzeko.

Suella Braverman Erresuma Batuko Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, gaur, Parisen, ituna sinatzen
Suella Braverman Erresuma Batuko Barne ministroa eta Gerald Darmanin Frantziakoa, gaur, Parisen, ituna sinatzen THOMAS SAMSON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2022ko azaroak 14 15:30

Aurten, 40.000 lagunek baino gehiagok igaro dute Mantxako kanala ontzi txikietan, Frantziatik Erresuma Batura. Iaz, 28.526 izan ziren, eta, duela bi urte, 8.404. Kopuru horiek agerian utzi dute geroz eta migratzaile gehiagok egiten dutela itsasoko bide hori, eta Parisek zein Londresek erabaki dute orain arteko lankidetza are gehiago indartzea. Horren ondorio da bi gobernuek gaur sinatu duten akordioa: kontroletarako patruilak 200dik 300era igoko dituzte, horretan parte hartuko duten polizien kopurua %40 handituko dute eta Erresuma Batuak operazio horiek finantzatzeko diru gehiago emango dio Frantziari, 63 milioi eurotik 72,2 milioi euro ingurura igoko baitu funtsa.

Parisek eta Londresek adosturikoaren arabera, lehen aldiz, Erresuma Batuko agenteek ere parte hartuko dute Mantxako kanaleko kontroletan —oro har, Frantziako hondartzetan egingo dira—, eta, horietan, are gehiago baliatuko dira teknologiaz; esaterako, droneak eta zaintzarako kamerak erabilita. Helburua argia da, itunean jasota dagoenez: migrazio bide hori «ez-bideragarri» bilakatzea, aurrez saiakerak egin diren arren, kanala gurutzatzeko saiakerak «areagotu» egin baitira. Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak esan du «konfiantza» duela «[Mantxako kanaleko migrazio] kopuruak txikitu egingo direla».

Sandhurst Akordioaren eguneraketaren aurrekari garrantzitsuena iazko azaroaren 24a da, egun horretan 27 lagun hil baitziren itota Mantxako kanalean, haien ontzi puzgarria hondoratu zenean. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak nazioarteko lankidetza eskatu zuen orduan egoerari aurre egiteko, eta Londresek teknologia eta agenteak eskainiz erantzun zion; itunak bi proposamen horiek hartu ditu kontuan, baita bi herrialdeen informazioa are gehiago trukatzea eta komunikazioa hobetzea ere.

Suella Braverman Erresuma Batuko Barne ministroa Parisen izan da hitzarmena sinatzeko, Gerald Darmanin Frantziako homologoarekin batera, eta jakinarazi dute dokumentuan islatu dutela lankidetzaren beste helburuetako bat: «kriminalitate antolatua eta errazte sareak desegitea».

Londresek kritika asko jaso ditu asteotan, Manston migrazio zentroa (Kent, Ingalaterra) gainezka baitago, eta asilo eskariak betetzeko denbora asko behar baitute —iragan ekaineko datuen arabera, 103.000 eskari erabaki baten zain zeuden—; kritikoen arabera, horrek kostu handia dakar berekin, bien bitartean eskatzaileei ostatu eman behar baitzaie. Hain justu, parlamentuko Barne Aferen Batzordeak iragan hilabetean jakinarazi zuen Erresuma Batua zortzi milioi euro ari dela gastatzen egunero horientzako hoteletan.

Horri begirako beste erabaki baten berri iragan urri hasieran eman zuen Bravermanek, Alderdi Kontserbadorearen konferentzian, han azaldu baitzuen asiloa debekatu nahi diela Mantxako kanala igarotzen duten etorkinei —garai hartan Liz Truss zen gobernuburua—.

Boris Johnson lehen ministro zela, Erresuma Batuko Gobernuak beste erabaki gatazkatsu bat hartu zuen migrazioaren aferan: asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzea. Azkenean, iragan ekain hasieran, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bertan behera utzi zuen plan hori, eta ez da atera aurrez ikusitako hegazkinik. Politika horrek bere horretan jarraitzen du, eta Sunakek ez du zehaztu zer egingo duen horrekin.

Macronek eta Mattarellak «erabateko lankidetza» nahi dute

Iparraldeko mugarako erabaki hori hartu aurretik, hegoaldekoan, Frantziak baimena eman zuen, joan den ostiralean, Ocean Viking-eko 234 migratzaileak porturatzeko. Paris kritiko agertu zen Giorgia Meloni lehen ministroa buru duen Italiako Gobernuarekin, ontzi horri ezezkoa eman ziolako, eta adierazi zuen erabakiak «ondorio oso larriak» izango dituela Erromarekiko harremanetan. Gaur, berriz, Macronek eta Sergio Mattarella Italiako presidenteak «erabateko lankidetza» aldarrikatu dute migrazio gaietarako.

Italiako estatuburuaren bulegoak azaldu duenaren arabera, bi buruzagiek esan dute Frantziaren eta Italiaren arteko harremana garrantzi handikoa dela, eta bien arteko koordinazioa eta lankidetza ezinbestekoa dela. Ikusteko dago zein den Meloniren iritzia, iragan astean adierazi baitzuen Parisen erreakzioa «justifikaziorik gabea, erasotzailea eta ulertezina» izan zela.

Europako Batasuneko estatu kideetako Atzerri ministroak gaur dira biltzekoak, eta, saio horren aurretik, Antonio Tajani Italiakoak azaldu du ez dutela «polemikarik» nahi Frantziarekin, baina «Italiaren arrazoiak defendatu behar» dituela.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Armeniako Gobernuaren kontrako manifestariak, gaur, Erevanen. ©ANATOLI MALTSEV, EFE

Paxinianen dimisioa eskatu dute milaka herritarrek, «traidore» oihu artean

Gorka Berasategi Otamendi

Armeniako hiriburuan egin duten protestan, manifestariek lehen ministroari egotzi diote ez esku hartzea Azerbaijanek Karabakh Garaiari egindako erasoaren aurrean.

 ©OSKAR EPELDE

«Afrikaren menpekotasun aroa amaitzen ari da»

Oskar Epelde Juldain

Touoyemen arabera, kontinenteko liderren belaunaldi berri batek «forma eman nahi dio bere patuari». Eta sistemaz gogoeta bat plazaratu du: «Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu?».
ERCko eta JxCko ordezkariak txaloka, atzo, Kataluniako Parlamentuan ebazpen bateratu bat onartu ondoren. ©Q. GARCIA / EFE

Erreferenduma, negoziaziora

Gorka Berasategi Otamendi

ERCk eta JxCk Sanchezen inbestidurarako baldintza ezarri dute: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. PSCk gaitzetsi egin du, eta bozak errepikatzeko aukera aipatu du

Alberto Nuñez Feijoo gaurko inbestidura saioan. ©Sergio Pérez / EFE

Feijook ez du gehiengo soila lortu

Berria

Lehenbiziko bozketan bezala, aldeko 172 boto, kontrako 177 eta baliogabe bat jaso ditu PPko presidentegaiak. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.