Albistea entzun

GERRA UKRAINAN

Europako herrialdeek %47 arma gehiago inportatu dituzte azken bost urteotan

SIPRI institutuaren txostenaren arabera, Errusiak iaz Ukrainan hasitako inbasioaren ondoren Ukraina bilakatu da munduko hirugarren arma inportatzailea. Washingtonek Kievi baino arma garatuagoak eman zizkien Kuwaiti, Saudi Arabiari, Qatarri eta Japoniari.

Alemaniako armadaren Leopard tanke bat, duela hiru aste, Munsterren (Alemania).
Alemaniako armadaren Leopard tanke bat, duela hiru aste, Munsterren (Alemania). EFE

Igor Susaeta -

2023ko martxoak 13 09:13

Errusiarekin areagotu diren tentsioen ondorioz, Europako herrialdeek nabarmen handitu dituzte arma inportazioak: %47 azkeneko bost urteotan. Hori azpimarratu du SIPRI Stockholmgo Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak, gaur kaleratu duen txostenean, eta kontinentearen militarizazioaren berri ematen du. Eta Errusiak iaz Ukrainan hasitako inbasioaren ondoren, Ukraina bilakatu da munduko hirugarren arma inportatzailea. Aldiz, mundu osoa kontuan hartuta, armen salerosketa %5,1 apaldu da 2018tik 2022ra.

«Are salerosketek munduan behera egin dutenean ere, Europara bidalitako arma kopuruak nabarmen egin du gora Errusiaren eta Europako ia gainontzeko estatu gehienen arteko tentsioengatik», adierazi du txostenean Pieter Wezeman SIPRIren Armak Transferitzeko Programaren ikerlari nagusiak. «Inbasioaren ondoren, Europako estatuek arma gehiago inportatu nahi dituzte, eta azkarrago». Beste datu bat horrekin lotuta: NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren Europako herrialdeen arma inportazioa %67 handitu da denbora tarte berean.

Arma hornitzaileei dagokienez, AEBak, Frantzia eta Hego Korea izan dira Mendebaldeko aliantza militarrean dauden Europako estatuei arma gehien saldu dietenak azken bost urteetan; eta Ukrainaren hornitzaile nagusiak, bestalde, AEBak, Polonia, Alemania eta Erresuma Batua izan dira.

AEBak dira material militar gehien esportatzen dutenak, eta merkatuko kuota %33tik %40ra handitu dute 2018tik 2022ra. Ukrainara bidalitakoari dagokionez, kopurua asko handitu zen iaz, baina Washingtonek Kievi baino material gehiago bidali zien Kuwaiti, Saudi Arabiari, Qatarri eta Japoniari. Txostenean jaso dutenez, hori gertatu da Ukrainari emandako ekipamendu militarra ez dagoelako hain garatua, nagusiki bigarren eskukoa delako, eta beste laurek arma berriak jaso zituztelako; tartean, gerra hegazkinak eta aireko defentsa sistemak.

Bestalde, Errusia da oraindik ere bigarren arma hornitzailea, baina merkatu kuota %22tik %16ra murriztu du azkeneko bost urteotan. «Litekeena da Ukrainako inbasioak are gehiago txikitzea Errusiaren arma esportazioak. Izan ere, Errusiak lehentasuna emango dio bere indar armatuen hornikuntzari», azaldu du SIPRIko Wezemanek. Frantziak, munduko hirugarren hornitzaileak, duela bost urte baino gehiago esportatzen du: %7,1etik %11rakoa izan da gorakada.

Gerra frontean, bestalde, bi aldeek Bakhmuten jarraitzen dute borrokan. Wagner mertzenario taldearekin ari da Errusia han erasoa egiten joan den abuztutik, eta Jevgueni Prigozhin paramilitarren buruak adierazi du, bere prentsa zerbitzuak kaleratu duenez, Donetskeko hiriko egoera «oso zaila» dela. «Kontrarioa metro bakoitzarengatik ari da borrokan, eta zenbat eta gehiago gerturatu erdialdera, orduan eta gogorragoak dira batailak». Nabarmendu du, dena den, «aurrerapausoak» ematen jarraitzen dutela, eta hala segituko dutela. Duela astebete pasa iragarri zuen hiria «ia guztiz inguratuta» zeukatela.

Oleksandr Sirski Ukrainako armadaren lurreko indarren komandanteak ere esan du egoera «zaila» dela, baina Wagnerrekoak «galera handiak» jasaten ari direla erdigunera heldu eta hiria konkistatzeko ahaleginean. Leku estrategikoa da Bakhmut, handik Kramatorsk eta Sloviansk hirietara hedatu ahal izango bailuke erasoaldia Errusiak, eta Donetsk eskualdea osorik konkistatzeko moduan egongo bailitzateke.

Bestalde, Reuters berri agentziak argitaratu du, gaur, Xi Jinping Txinako presidentearen asmoa dela datorren astean bidaia ofizial bat egitea Errusiara. Eta The Wall Street Journal AEBetako egunkariak auziaren gertuko iturriak aipatuz jaso duenez, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin telematikoki hitz egitekoa da Xi datorren astean.

Kremlineko eta NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak Genevan (Suitza) batzartu dira gaur, zerealen itunari buruz negoziatzeko, eta Errusiako Atzerri ministrorde Sergei Verxininek esan du akordioa luzatzeko prest daudela, baina «soilik» 60 egunez. Iazko uztailean Errusiak, Ukrainak, Turkiak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak martxan jarritako akordioaren bigarren epemuga hilaren 18a amaitzen da.

Haurren deportazio behartua

Inbasioa hasi aurretik Ukrainako instituzioen kargu zeuden milaka adingabe Errusiara deportatu dituzte, behartuta. Horretaz ohartarazi du gaur HRW Human Rights Watchek. GKE gobernuz kanpoko erakunde horrek Ukrainako Gobernuaren datuak hartuz jakinarazi duenez, iazko otsailean 105.000 adingabe inguru zeuden estatuaren kargu —horien erdiek desgaitasunen bat dute, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera—. Inbasioaren ondoren, gutxi gorabehera 32.000 adingabe hartzen zituzten ehun instituzio inguru Errusiaren kontrolpean geratu ziren. «Aktibista eta abokatu ukrainarren esanetan, haur horietako milaka Errusiara edo okupatutako beste lurralde batzuetara deportatu dituzte, behartuta», nabarmendu du HRWek.

Aintzat hartu behar da Errusiako Parlamentuak aldaketak egin zituela legedian iazko maiatzean, modu horretan agintariek aukera eduki dezaten adingabe ukrainarrei errusiar herritartasuna emateko, eta, hala, haien jagoletza eta adopzioa errazteko. Errusiak berak onartu du Ukrainako ehunka haur adoptatu direla inbasioaz geroztik.

Ukrainako Gobernuak aitortu izan du inbasioaren aurretik ere larria zela estatuaren kargupeko instituzioetan zeuden haurren egoera. GKEak azpimarratu duenez, kargupean dauden haurren artean, hamarretik bederatzik dituzte haiekiko eskumen osoak dituzten gurasoak, baina horiek nahiago zuten umeak estatuaren esku utzi, ez zutelako dirurik zaintzarako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Clara Ponsati Europako diputatu agiria erakusten atxilotu duten eskuadrako mossoei, gaur, Bartzelonan . ©Quique Garcia / EFE

Clara Ponsati Bartzelonara bueltatu da, eta atxilotu egin dute

Edu Lartzanguren - Igor Susaeta

«Pablo Llarena epaileak eurodiputatua atxilotzeko agindua emana du, desobedientziarengatik epai dezaten Espainiako Auzitegi Gorenean. «Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuleraren inguruan». Defentsak 'habeas corpus' eskaera bat egin du

Humza Yousaf, atzo. ©EFE

Yousaf SNPko lider berria Eskoziako lehen ministro aukeratu dute

Igor Susaeta

Adierazi du SNPk egindako «promesei» eutsiko diela, eta «nekaezin» jarraituko duela independentziaren alde borrokatzen.

Protesta bat Manilan, iazko Giza Eskubideen Nazioartko Egunean. / ©FRANCIS R. MALASIG, EFE

Azken urtean giza eskubideen urraketak ugaritu egin direla salatu du AIk

Arantxa Elizegi Egilegor

Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak urteroko txostena plazaratu du. Bertan salatu du nazioarteak oso jarrera desberdina hartzen duela gatazka gertatzen den tokiaren arabera, eta Ukraina eta Palestina jartzen ditu adibide gisara.

Israelgo Gobernuaren erreforma judizialaren kontrako manifestazio bat, atzo, parlamentuaren parean. ©Abir Sultan, EFE

Israelgo presidenteak «berehalako elkarrizketa prozesu bat» galdegin du

Gorka Berasategi Otamendi - Mikel O. Iribar

Protesta gehiago izan dira gaur goizean, lehen ministroak atzo iragarri arren erreforma judiziala etengo duela behin-behinean. Herzogen negoziazio taldea opozisioko Lapid zentristarekin eta Gantz liberalarekin biltzekoa da gaur. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.