Politika

Txibite: «Egoeretara azkar egokitzen jakin dugu, eta herritarrak babesteko helburuari eutsi diogu»

Lehendakariak, bere gobernuko kontseilari eta zuzendariez inguraturik, legealdiaren inguruko balantzea egin du, eta konpromisoa hartu du datozen asteetan gobernuaren kontuen berri emateko Nafarroako eskualdeetan.

Txibite, bere gobernuko kontseilari eta zuzendari nagusiez inguraturik, Nafarroako Jauregiko lorategian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2023ko martxoaren 13a
14:14
Entzun

«Denen ongizatearen legealdia izan da». Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren arabera, aurreko gobernuei egokitu ez zaizkien ezohiko bi gertakari larriren ondorioak kudeatu behar izan dituzte, baina ezohiko egoera horietan batasunak zer-nolako indarra duen nabarmendu du. «Alor publikoa ez dugu inoiz behar izan azken lau urteotan bezainbeste, eta inoiz ez da izan hain erabakigarria gizartearen osotasunarentzat».

Javier Remirez eta Jose Mari Aierdi presidenteordeak, gainerako hamar kontseilariak, eta gobernuko zuzendari nagusiak eta kabineteburuak alboan zituela, legealdiaren balorazioa egin du Txibitek, Nafarroako Jauregiko lorategian. Argazki horren bitartez, azken lau urteetako talde lan hori islatu nahi izan du. Nabarmendu du gobernuaren egungo osaerak zera adierazten duela, hain zuzen, gobernuak zerbitzatu nahi duen gizartearen aniztasuna.

PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k osatzen dute gobernua, eta 50 parlamentarietatik 21 dituzte. Txibiteren arabera, gutxiengoan egon behar izateak «elkarrizketa eta akordioak» sustatzera bultzatu ditu. Gobernuak proposatutako lege proiektuen %72 kontrako botorik gabe onartu direla eta beste %35ek gehiengo nahikoa eduki dutela azpimarratu du —suposatzen da, hortaz, %3 ez direla aurrera atera—.

Ikusi gehiago:Uemak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu dute «euskararen erabilera bultzatzeko»

Lege proiektuen artean, legealdiko lau aurrekontu proiektuek testuinguru zailean finantza egonkortasuna eman dutela azaldu du. Lau kasuetan, EH Bilduk eman dio bidea aurrekontuak onartzeari. Koalizio abertzalea «solaskide nagusi» izan denez, Txibiteri galdetu diote PSN prest ote legokeen datorren legealdian EH Bildu gobernu barruan sartzeko, eta izkin egin dio galderari: «Akordioaren eta elkarrizketaren legealdia izan da. Indar guztiekin hitzartzeko gai izan da gobernua. EH Bildurekin hitzartu diren aurrekontu akordioak herritar guztientzat baliagarri izan direlakoan nago, zerbitzu publikoak sendotzeko balio izan baitute batik bat».

Legealdiaren hasieran Ezkerrarekin batera sinatutako akordio programatikoaren %88 bete dela aurreratu du, halaber.

Komunikabideen aurrean egindako agerraldia herriz herri egingo duela aurreratu du. Datozen asteetan Nafarroan zeharkatzeko eta «272 udaletako alkateekin» biltzeko asmoa azaldu du. «Udaletako ordezkari guztiak deitu dituen lehen presidentea izan naiz, eta orain, legealdi amaieran, uste dut egindakoaren eta abian jarritakoaren kontu ematea dagokidala».

Datorren legealdian, AHTa «abian»

Hauteskundeak daude tarteko, baina tinko mintzatu da datorren legealdia dela eta. Legealdi honetan Nafarroako ubidearen lehen fasearen zabaltzea amaituta, hurrengoan «ura Erriberara» helduko dela promes egin du, bigarren fasearen bidez. Abiadura handiko trenari dagokionez, anbizio handiagoa adierazi du: «Inoiz ez bezala aurreratu dugu, eta hurrengoan AHTa martxan ikusiko dugu». N-121 errepidearen harira, berriz, 2+1 bideak eta Belateko eta Almandozko tunelen bikoiztea amaituko direla ziurtatu du.

Egindakoari begira, ezinbestean pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioak aipatu ditu Txibitek. Haren irudiko, halako ziurgabetasunaren erdian, inoiz ez bezala geratu da agerian «osotasunaren indarra, komunitatearen batasuna». Horren adierazletzat jo ditu COVID-19aren txertoak, Europako funtsen banaketa, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen babesa, eraldaketa energetikoa...

Inbertsioaren arloan, azken asteetan jakin da VWek 1.000 milioi euro inbertituko dituela Landabenen, fabrika auto elektrikoak ekoizteko egokitu dadin. «Inoizko inbertsiorik handienaz gain», bestelako proiektuak bultzatu dira elikagai industrian, farmazia eta osasun sektorean, eta ekonomia zirkularrean: «Sektore guztietatik heltzen dira inbertsio horiek, eta baieztatzen dute Nafarroa lurralde erakargarria dela inbertitzeko, bai erakundeek emandako konfiantzaren ondorioz eta bai elikatzeko gai garen talentuaren eraginez».

Autogobernuaren arloan, hogei urte pasatu behar izan dira beste transferentzia bat hitzartzeko Madrilekin. Zehazki, legealdi honetan hiru eskumen lekualdatu dira Nafarroara: espetxeko osasun zerbitzuak, bizitzeko gutxieneko diru sarrerarena eta trafikorena. Azken hori uztailaren 1ean eskualdatuko dela iragarri zuen iragan astean —berez, prozesuak bi urte inguru iraungo du—.

Txibitek iragarri du funtzio publikoan 3.000 postu finko atera dituela gobernuak, administrazioan den behin-behinekotasun handiari aurre egiteko asmoz.

Pandemia tartean izanik, «osasunaren legealdia» izan da hau, Txibiteren irudiko. Haren esanetan, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak «azken mende laurdeneko berrikuntza teknologiko handiena» izan du. Adierazpen horietan, ez du hizpide izan LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek datorren martxoaren 23rako antolatutako greba, ezta otsailaren 15ean egin zuten funtzio publikoko lanuztea ere.

Jardunaren laburpena egin ondoren, goraipamenen erdian, ezer txarrik edo ñabardura negatiborik ikusten ote duen galdetuta, Txibitek erantzun du txarrena bizitako ezohikoa testuingurua izan dela. «Legealdia pandemiak baldintzatu du, eta, gerora, Ukrainako gerrak. Gobernua sostengatzen dugun lau indarren arteko akordio programatikoan zetozen kontu batzuk ezin izan ditugu gauzatu, nahiz eta gehiena bete dugun. Hori da zorretan utzi duguna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.