Hizkuntza eskubideak jomugan

Felix Zubia: «Bere hizkuntzan ez bada, ezinezkoa da pertsona bati kalitatezko osasun arreta eskaintzea»

Medikuak Uliazpiren oposizioaren aurkako ebazpena izan du hizpide Euskadi Irratian: «Han daudenak egoki artatzeko, ezinbestekoa da euskaraz ere aritzea». Afasia kasu baten diagnostiko okerra jarri du adibide.

Uliazpi fundazioko langileen elkarretaratzea epaia salatzeko, martxoaren 7an. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 13a
15:32
Entzun

«Osasun profesionala izanik, eta osasun gaietako irakasle, honi buruz oso argi hitz egin beharra daukat, eta, gainera, haserre: iruditzen zait nahikoa dela, eta ez hizkuntz eskubideen aldetik bakarrik». Felix Zubia medikuak Uliazpiren oposizioaren aurkako ebazpena izan zuen hizpide atzo Euskadi Irratiko Osasun etxea saioan. Gaia medikuntzaren ikuspegitik aztertzeko eskatu zion entzule batek, eta horixe egin zuen zarauztarrak.

Izan ere, gaiari hizkuntz eskubideen ikuspegitik begiratzea «oso ondo» dago Zubiaren arabera, baina «osasuna eta hizkuntza nahasten direnean» bada beste ikuspegi bat, «askotan lantzen ez dena»: «Sarri, gainera, gaiztakeriaz gutxiesten dena: kalitatezko osasun arreta bat izateko dugun eskubidearena. Hau da: nik kalitatezko arreta bat jasotzeko eskubidea dut, eta horrek, ezinbestean, nire hizkuntza erabiltzea dakar», azaldu du. «Hori egiten ez bada, osasun arretaren kalitatea okertu egiten da».

Medikuak argi utzi du hori ez dela bere uste bat: «Pertsona bat bere hizkuntzan ez artatzeak arreta arriskuan jartzen du: hilkortasuna handitzen du, akatsak izateko arriskua handitzen du, ziurtasuna arriskuan jartzen du, eta haren bizipenak arriskuan jartzen ditu». Eta ez Euskal Herrian soilik: «Hori horrela da mundu guztian, eta literatura zientifikoan idatzia dago, onartua dago. Nahi duenak milaka artikulu topa ditzake», azpimarratu du.

Afasia kasua

Adibideetara jo du. Bere begiekin ikusitako «hanka sartze handi bat» kontatu du, zehazki. Iktus bat izan zuen pertsona baten kasua da: «Medikua, gazteleraz, harekin hizketan saiatu zen, eta gazteleraz ondo erantzuten ez zionez, esan zuen afasia bat zuela». Afasia da burmuinean gertatutako traumatismo baten ondorioz mintzaira edota hizkuntza idatzia galtzea.

Paziente hark, ordea, ez zuen afasiarik. «Zuena zen gazteleraz ez zekiela horren ondo egiten. Medikuak ez zekien euskaraz, eta gero neu joan eta euskaraz bizi-bizi aritu zenean, ikustekoa zen medikuaren aurpegia. Hizkuntza arazo bat zen. Eta horrelakoak milaka esan genitzake», azaldu du.

Gehitu du hizkuntzaren kontua bereziki larria dela buru osasuneko gaitzei buruz aritzean, medikuek kasu horietan duten tresna nagusia delako. «Neurtua eta ikusia dago: pertsona bati hizkuntza aldatzen bazaio galderak egitean, diagnostikoak ez dira ondo egiten».

BAMEen azterketa

«Urrutira joan gabe», Zubiak eskakizunen inguruko adibide bat ere jarri du: «Egin berri den BAMEen azterketan, adibidez [barruko mediku egoiliar izateko azterketa], Espainiako Estatuak gaztelerazko C1 maila eskatzen die kanpotarrei, eta hori mundu guztiak onartzen du, hala delako eta behar duelako. Baina alderantziz ez da onartzen. Eta ez dut inor ikusi galdezka ea zer nahi duzun, mediku ona ala gazteleraz dakiena, ez? Zergatik ez azterketa ingelesez egin eta libre utzi, eta gazteleraz ez dakien jendea onartu?», galdetu du medikuak.

Eta erantzun ere bai: «Bada, oso argiak izango direlako eta asko jakingo dutelako, baina medikuntzako arreta, erizaintzako arreta, fisioterapiako arreta, logopediako arreta, azkenean, pertsonen arteko elkarrizketak direlako, eta hor hizkuntza sartzen delako. Eta hori, norberaren hizkuntzan egiten ez bada, gaizki egiten da».

Nabarmendu du ez duela inor ikusi horren aurka egiten: «Gauza batean hain sutsu ari direnak ez ditut ikusi BAMEen azterketatik C1 maila kentzeko eskatzen». AEB Ameriketako Estatu Batuetara lanera joan nahiko balu ere, adibidez, ingelesezko C1 maila edo parekidea beharko luke Zubiak. «Eta gurean zergatik ez?», galdetu du: «Erantzunak norberak bila ditzala, baina ez dute zerikusik osasungintzarekin eta kalitatearekin».

Uliazpi adibide

Amaitzeko, kontatutako hori guztia Uliazpiko kasura eraman du: «Han dauden pertsonei arreta egoki bat emateko, ezinbestekoa da euskaraz ere aritzea. Hau da, bi hizkuntzak ondo menperatzea, eta balorazio horiek ondo egitea. Horri kontra egitea kalitatezko osasungitzari kontra egitea da».

Martxoaren 1ean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiak erreakzio soka luzea ekarri du. Auzitegiak ebatzi zuen legez kanpokoa dela euskararen jakintza aintzat hartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan. 2021eko uztailean onartu zuen Uliazpik 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua; euskararen jakintza —B2 titulua— baldintza zen 32 postutarako, eta meritua beste bitarako. Betekizun hori, ordea, bertan behera utzi zuen auzitegiak. «Euskara normalizatzeko plana ezin da lehenetsi oinarrizko eskubideen aurrean», zioen sententziak.

Uliazpi fundazioak desgaitasunen bat dutenekin egiten du lan. Epaia txarretsi zuen, besteak beste, Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Uliazpiko langileek ere esan zuten epaia «akats larria» izan dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.