Albistea entzun

Desberdintasun sozialak «eraikiak» direla azaldu du Ikuspegik txosten batean

Aniztasunaren inguruko monografiko sorta bat argitaratuko du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak, eta lehen zenbakia kaleratu dute. «Berdintasunik eza» izan dute hizpide, eta
ikuspuntu ezberdinetatik heldu diote gaiari.

Txostenaren aurkezpena, gaur goizean.
Txostenaren aurkezpena, gaur goizean. IKUSPEGI Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2023ko martxoak 14

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «aniztasunari buruzko hausnarketa soziologikoa egitea». Hori izan du helburu Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak, egin duen azken ikerketarekin. Azterlanaren emaitza argitaratu du gaur behatokiak Zabaldu #1 monografikoaren bidez, EHUk antolatu duen Dimentsioak desberdintasunetik jardunaldian. Monografiko sorta baten lehen atala da, eta «berdintasunik eza» landuko dute zenbaki horretan. Aniztasuna aztertzeko, «kolektibo, gizarte talde eta pertsona jakin batzuei eragiten dieten desberdintasun ardatzak» hartu dituzte mintzagai Ikuspegiko ikertzaileek.

Desberdintasunak, aniztasunak eta diskriminaziorik ezak gorroto delituekin daukan loturan sakondu dute ikuspegi ezberdinetatik: «Generoa, LGTBI, desberdintasun ekonomikoa, immigrazioa, ijitoak, erlijio aniztasuna, ezgaitasuna edo adina».

Luis Sanzo Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saileko Estatistika Organo Bereziaren arduradun ohiak ekarri du «desberdintasun ekonomikoa» edo pobreziak eragindako bereizkeria txostenera. Azaldu duenez, 2008-2012 aldiaz geroztik gora egin dute nabarmen desberdinkeria adierazleek arlo horretan. Aberatsenen eta pobreenen arteko desberdintasuna ere handitu dela dio txostenak, eta horrek, era berean, parte hartzearekin lotu du: «Desberdintasunaren hazkundea partaidetzaren beherakadarekin lotzen duen adierazleari dagokionez ere, emaitzak argigarriak dira: euskal gizartean guztira eskuragarri dauden diru sarreren kasuan, %3,88koa zen biztanleria %10 behartsuenaren ekarpena 2008an, eta, 2020an, % 3,18koa besterik ez». Txostenaren arabera, desberdinkeria adierazleak geroz eta handiagoak dira, gehiago direlako «atzerritar jatorriko pertsonak, seme alabak dituzten emakume bakarrak eta nukleorik gabeko pertsona anitzeko etxeak».

Askotarikoak edo desberdinak

Imanol Zubero soziologoak izan du aniztasunaren kontzeptuaren inguruan idazteko ardura. «Aniztasunak ez du per se desberdintasuna adierazten. Edozein desberdintasun sozialki eraikia da», azaldu du txostenean. Izan ere, azaldu du denborak aurrera egin ahala desberdintasuna gauza «natural» edo «normaltzat» hartzen dela, «gizartea sortu aurreko egitatetzat».

Andrea Ruiz de Balzola Begirune fundazioko kideak osatu ditu ondorioak txostenaren azken kapituluan: «Zer esan nahi dute, berez, orinek edo azalaren koloreak? Ezer ez. Baina espezie gisa forma ematen diguten eta garen hori bihurtzen gaituzten gizarte prozesuen bidez, halabeharrez, esanahi bat hartuko dute, eta sailkatzeko erabiliko ditugu». Era berean, azaldu du desberdintasun horietako batzuek azkenean desberdinkeria justifikatuko dutela.

Hain zuzen, desberdinkeria hori arlo juridikotik aztertu du txostenean Jon Mirena Landak, «berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako araudia» aztertu eta berrikusita. Ondorioztatu duenez, legeak jokabide jakin batzuk zigortzeko ez ezik «prebenitzeko» ere erabiltzen da, eta horrek diskriminazioaren aurkako araudi osoa «arriskuan» jar dezake.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, sexu eraso bat egitea egotzita

Berria

Emakume bati ukituak egitea leporatuta atzeman du Ertzaintzak.

Ganaltoko gurutzea, iazko ekanean eraitsi baino lehen ©Basotxerri (Wikipedia)

Olarizuko gurutzearen eraisketari buruzko ikerketa berriz irekitzeko agindu du Arabako Auzitegiak

Berria

Auzitegiak aintzat hartu du Abogados Cristianos elkarteak auzia artxibatzeari jarritako helegitea. Ezezagun batzuek eraitsi zuten gurutzea, iazko ekainean.

Gaur goizean egin dute aurkezpena Bilbon ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Ikastetxean ezkaratza eraikitzeko eskatu diote hamazazpi eskolak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Javi West Larrañaga

Sare publikoko eskolen herenek bakarrik daukate sukaldea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Justizia administrazioko letraduek togak eskegi zituzten Gasteizko epaitegian protesta gisa ©L. Rico / EFE

Letraduek bertan behera utzi dute greba, hileko 450 euroko soldata igoera onartuta

Berria

Espainiako Justizia Administrazioaren menpeko letraduak urtarrilaren 24tik ari ziren greban Hego Euskal Herrian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...