Kultur politika

Eusko Jaurlaritzak 293 milioi euro jarriko ditu 2025era bitartean Kultura 2028 Plan Estrategikorako

Gasteizko gobernuak gaur onartu du datozen sei urteetan kultur politikaren lehentasunak markatuko dituen plana. Zeharkako bi konpromiso ezartzen ditu: euskararen normalizazioa eta sustapena, nahiz emakume eta gizonen arteko berdintasuna. Guggenheim Urdaibai proiektuaren oinarriak finkatzea ere aurreikusten du.

Bingen Zupiria, gaurko aurkepenean. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA
mikel lizarralde
2023ko martxoaren 14a
17:48
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Kultura 2028 Plan Estrategikoa onartu du Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran. Plan horrek hurrengo sei urteetarako markoa finkatzen du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultura politika publikoei dagokienean. Plan horrek aurreikuspen ekonomiko bat egiten du 2023-2025eko aldirako —293 milioi eurokoa—, baina 2025ean berrikusi eta osatu egingo dute 2026-2028ko aldirako. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu du plana, bileraren ostean.

Planak hiru ardatz orokor finkatzen ditu. Batetik, sorkuntza sustatu nahi du. «Sorkuntzarako aukerak handitzea eta talentu sortzailea sustatzea da lehen ardatza». Planaren arabera, «kultura bizia» izan nahi duen herriak eta «bizirik iraun nahi duen herriak» kultura sortzea «ezinbestekoa» da. Bestetik, euskal sortzaileen ekarpena euskal gizartearentzat eskuragarri jartzea eta kulturaren eta kultur ondarearen transmisioa bermatzea ere helburu nagusiak izango ditu planak: «Alegia, herri batek, bere iraganaz gorde nahi duen eta hurrengo belaunaldiei transmititu nahi dien hori babestu, zaindu eta gizarteratzea».

Plan estrategikoak zeharkako bi konpromiso ere ezartzen ditu: euskararen normalizazioa eta sustapena, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. «Euskadin kultura ezin da ulertu euskaraz sortu, euskaraz eskaini eta euskaraz gozatzen den kulturarik gabe. Halaber, euskararen biziberritzea ezin da ulertu euskarazko kultura sorkuntza eta eskaintzarik gabe». Gizon eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionean, planak aitortzen du emakumeek kulturan ere «bazterkeria» pairatu dutela. «Egoera horrekin amaitu eta aukera berdintasunean aurrera egitea, emakume sortzaileen lana ikusaraztea eta emakumeek utzi duten kultura ondarea aitortzea» izango du planak helburu.

Xede horiekin, lau helburu estrategiko zehaztu ditu Jaurlaritzak. Lehenengoa talentua garatzeko aukerak ugaltzea izango litzateke, eta hori lortzeko proposamen zehatzak egiten ditu planak: trebakuntza eta erresidentzia programak indartu eta horien nazioartekotzea areagotzea, sortzaileen lan baldintzak hobetzea (fiskalitatea, kontrataziorako gida eta errolda), euskarazko idazleentzako beka programa, pizgarri fiskalak eta mezenasgoa sustatzea, aldebiko nazioarteko programak garatzea Quebec, Flandria eta Japoniarekin eta ikus-entzunezkoen sistema garatzea, beste batzuen artean.

Bigarren helburua kultura eskaintza aberastu eta gizarteratzea izango du planak, eta lau jardun lerro zehazten ditu: euskal kulturaren ikusgaitasuna eta hedapena areagotzea, irakurzaletasuna bultzatzea, artearen sistema garatu eta sendotzea eta eskaintza sendotzea euskal gizarteari eta nazioarteari begira. Helburu horiek lortzeko neurrien artean egongo lirateke, besteak beste, Guggenheim Urdaibai proiektuaren oinarriak finkatzea, Liburutegien Aholku Batzordea bultzatzea, Bilboko Arte Ederren Museoaren zabalpena, Arteder proiektu berria, Euskal Artista Emakumeen Dokumentazio Zentroa, museoetan eta arte zentroetan genero ikuspegia txertatzea (hezkuntza programetan, obren erosketan, erakusketetan, egituren osaeran...) eta Gasteizko Principal antzokia berritzea.

Eusko Jaurlaritzaren planaren hirugarren lerro estrategikoa kultura ondarea eta komunitateen garapena uztartzea izango litzateke, eta horretarako hainbat proposamen egiten ditu: Dokumentu Kudeaketa Integralaren eta Dokumentu Ondarearen Legea garatzea, Bizkaiko Labe Garaien ondare izendapena eta gizarteratzea, inbertsio bereziak egitea, besteak beste, Albaolan, Urduñako (Bizkaia) harresian, Iruña-Veleian eta Donostiako Miramar jauregian, Elkanoren memoria zentroa sortzea Getariako Zarautz jauregian eta klima larrialdiaren aurrean ondarea zaintzeko planak eta neurriak ezartzea.

Laugarren helburua jauzi digitala sustatu eta ahalbidetzea izango da, eta horretarako, eLiburutegia hobetuko da, Euskariana gizarteratuko da, eta Taula arte eszenikoen ondarearen bilgune digitala nahiz Museotik plataforma sortuko dira.

Kultura 2028 Plan Estrategikoak «auzolanean jarduteko konpromiso eta egiteko moduaren printzipioari jarraiki», gobernantzari lotutako mugarriak ere identifikatzen ditu. Hain zuzen ere, arlo horri lotutako helburu batzuk ere finkatzen ditu: Kulturaren Euskal Kontseilua berrantolatzea eta indartzea, kultur sektorearekin etengabeko harremanean sakontzea, sektoreak sistema modura antolatu eta lan egitea, Kulturaren Euskal Behatokia indartzea eta beste behatoki batzuekin parekatzea, kulturaren balioaren eta eraginaren neurketa sistematizatzea eta kulturako adierazleen neurketarako tresna informatiko bat sortzea.

Gobernu Kontseiluak onartuta, Bingen Zupiria Kultura sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko du plana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.