AEBek salatu dute Errusiako hegazkin batek bere drone bat suntsitu duela Itsaso Beltzean

Etxe Zuriak adierazi du Moskuk «zuhurtziagabekeriaz» jokatu duela. Errusiako Gobernuak ukatu egin du dronea jo duenik.

MQ-9 drone bat, airean. WIKIMEDIA COMMONS
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko martxoaren 14a
20:04
Entzun

Errusiaren gerra hegazkin batek AEBen drone bat suntsitu du, AEBetako armadaren Europako komandantziak gaur arratsaldean adierazi duenez. Haren esanetan, Itsaso Beltzaren gainean atzeman du Errusiaren hegazkinak MQ-9 dronea, nazioarteko aire espazioan.

«Gure MQ-9 aireontzia ohiko operazioetan ari zen, nazioarteko aire espazioan, Errusiako aireontzi batek hura atzeman eta jo duenean, hura suntsituz», esan du James Hecker AEBetako aire armadaren Europarako eta Afrikarako komandanteak. Armada estatubatuarrak azaldu du Errusiaren hegazkinak erregaia isuri duela dronearen gainean, eta ondoren jo egin duela.

AEBen arabera, gertaera horren aurretik Errusiako armadako pilotuek portaera «arriskutsuak» izan dituzte, AEBen eta haren aliatuen hegazkinetatik gertu jardunez. Etxe Zuriak adierazi du Errusiako hegazkinek AEBen droneen hegaldiak oztopatu dituztela iraganean, baina gaurko gertakaria «arriskutsua eta profesionaltasun gabea» izan dela. Modu horretara, istripu bat izan dela eman du aditzera.

Washingtonek Errusiak AEBetan duen enbaxadorea deitu du bilera batera, gertaeraren gaineko kexak helarazteko.

AEBek «nazioarteko aire espazioan» hegaldiak egiten jarraituko duela ohartarazi du John Kirby AEBen Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaileak. «Ez dugu behar errusiarren baimenik».

Errusiako Defentsa Ministerioak ukatu egin du haren hegazkin batek AEBetako drone bat suntsitu duenik. Aldiz, adierazi du identifikatu gabeko aire ibilgailu bat itsasora erori dela ausarkeriazko maniobrengatik. «Hegazkin errusiarrek ez dituzte beren armak erabili, ez dute identifikatu gabeko aire ibilgailuarekin kontakturik izan eta modu segurua itzuli dira beren aire basera», esan du ministerioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.