Erretretaren erreforma

Frantziako Parlamentuko batzorde paritarioak erreformaren testu bateratu bat onartu du

Erreformaren aurkako zortzigarren protesta egunean 5.000 lagun inguru bildu dira Baionan.

Erretretaren erreformaren aurkako manifestazioa, gaur, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Iker Aranburu - Ekhi Erremundegi Beloki
2023ko martxoaren 15a
11:34
Entzun

Bere lana amaitu ahal izan du erretretaren erreformaren azken testua landu behar duen Frantziako Parlamentuko CMP batzorde misto paritarioak. Asanbleako zazpi kide eta Senatuko zazpi kide daude batzorde horretan, eta haien lana da testu bateratu bat jostea bi ganberek proiektu beraren moldaera desberdinak onartzen dituztenean. Goizeko bederatzietan hasi dute bilera, eta 17:30 aldera amaitu dute, akordioarekin.

Emmanuel Macron sustengatzen duten zentro-eskuineko alderdien bost kideen eta LR Errepublikanoak eskuineko alderdikoen bosten arteko negoziazioa izan da nagusiki, erreformaren erabat aurka daudelako beste lau ordezkariak: PSko bi, LFI Frantzia Intsumisoko bat, eta RN Batasun Nazionaleko beste bat.

Testua gaur bukatu ahal izan dutenez, bihar iritsiko da parlamentuko bi ganberetako osoko bilkuretara: goizean Senatuan (09:00) eta arratsaldean Asanblea Nazionalean (15:00).

Baina oraindik ez dago guztiz garbi saio horiek egingo ote diren. Izan ere, Frantziako Gobernuak badu aukera bat bozketa eragozteko, galdu egingo duela uste badu: konstituzioaren 49.3 artikulua. Artikulu horrek aukera ematen dio gobernuari aurrekontuekin lotura duen legegai bat bozketarik gabe onartzeko, betiere trukean zentsura mozio bat jasotzeko prest badago.

Legealdi honetan jada hamar aldiz erabili du prozedura hori Elisabeth Borne lehen ministroak, eta kosta ahala kosta eragotzi nahi du oraingoan, uste duelako erreformak legitimitate handiagoa izango duela parlamentariek onartuko balute. Iritzi publikoaren legitimitatea galdua du gobernuak, kaleko mobilizazioetan eta inkestetan ikusten denez.

«Gehiengoa badago»

Goizean, Europe 1 irratian, Olivier Veran gobernuko eledunak esan du azkenera arte itxarongo dutela artikulu hori berriro erabili ala ez erabakitzeko. Bitartean, erreformaren aldeko nahiko boto dituela ziurtatu nahi du gobernuak. Ez luke arazo handirik izango Senatuan —dagoeneko onartu zuen erreforma, joan den igande goizaldean—, baina gauza ez dago hain garbi Frantziako Asanblean. Gehiengo macronistari (250 diputatu) boto batzuek ihes egin diezaiokete, baina arazo nagusia LR taldearen barruan dago. 61 diputatu ditu, eta horietatik berrogei ingururen botoa beharko luke erreformak. Gehiengo osoa 286 boto dira, baina kopuru hori apaldu egiten da abstentzioak handitu ahala.

Astearte arratsean, Asanblean ari zela, «gehiengoa badago» azaldu zuen Bornek, eta hori bera esan zuen Olivier Dussopt Lan ministroak. Zalantzak izan ditzaketen LRko diputatuak limurtu nahian, lehen ministroak argitu zuen botoa ez zela gobernuaren aldekoa, erreformaren aldekoa baizik.

Hori bezain garrantzitsua izango da azken testuan eskuinak nahi dituen aldaketa batzuk onartzea, hala nola, lan ibilbide luzeak dituzten guztiek 43 urte kotizatu ondoren erretreta hartu ahal izatea, eta adineko langileentzat kontratu bereziak sortzea (CDI senior deitutakoak).

Baionan, beste aldietan baino gutxiago

Erreformaren aurka, sindikatuek manifestazioa egin dute gaur ere Baionan. Jende andana bildu da, baina beste aldietan baina gutxiago: 5.000 inguru. Protesten ondotik batzarra egingo dute, datozen egunetarako blokeatze ekintzak antolatzeko.

Manifestazioaren amaieran, Frantziako Gobernuaren «mespretxua» salatu du intersindikalak, eta herri galdeketa bat egiteko eskatu diote Macroni. Izan ere, Florence Lasserre diputatuarekin baizik ez dira bildu ahal izan intersindikaleko kideak. Erreformaren alde bozkatuko duela erran die. Max Brisson eta Denise Saint-Pe senatariek ere erreformaren alde bozkatu dute.

LAB sindikatuko Eñaut Aramendik esan du Frantzian borroka galtzeko arriskua «begi bistakoa» dela. Gertatuko balitz borrokan segitu beharko litzatekeela erran du: «64 ez dugu onartu nahi; 62 ere ez dugu onartu nahi. Guk pentsatzen dugu atzera egin behar dugula eta 60 urte eskatu behar dugula». Euskal Herritik alternatibak sortzera deitu du: «Hemen borrokatu eta erabaki nahi dugu».

Manifestazioan, Frantziako Poliziak hurbiletik segitu du gazte blokea. Uniformez eta zibilez jantzitako agentez inguratuta joan dira protesta abiatu denetik.

Aurrez, goizean, energia sektoreko grebalariek Baionako herriko etxeko elektrizitatea eten dute. Halako ekintzak ugarituko dituztela erran dute: «Bururaino joanen gira!», oihukatu dute.

Mugerren ere (Lapurdi) pleita gunea blokeatu dute hainbat grebalarik. FSU, Solidaires eta Tarnose-Bokaleko CGTk ere parte hartu dute protesta horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.