Kenyako Gobernuak hazi transgenikoen alde egin izana salatu dute nekazariek

Gobernuaren asmoa da orain arte debekatuta zeuden hazi transgenikoak elkartu eta banatzea. Nekazariek kritikatu dute «hazien merkatua kontrolatzea» dela helburua.

2023ko martxoaren 15a
12:10
Entzun

«Genetikoki eraldatutako organismoetan oinarritutako nekazaritza baztertu beharko litzateke, eta, horren ordez, nekazaritza ekologikoaren alde egin; izan ere, purua eta osasuntsua da, ingurumena errespetatzen du, eta segurua da elikagaien segurtasunari dagokionez». Hala azpimarratu du Dick Olela KPL Kenyako Nekazarien Ligako koordinatzaile nazionalak. Kenyako Gobernuak hazi transgenikoen inportazioa baimendu du, eta erabaki horren aurka agertu dira nekazariak, baita kezkatuta ere.

Olelak ez du ulertzen gobernuaren jokabidea: «Nola aldatuko dute goitik behera nekazaritza, gai kimikoak jendea hiltzen ari badira, eta ingurumenari kalte egiten? Erle guztiak hiltzen ari bazaizkigu? Nola liteke?». Salatu du nekazarien etorkizuna haziak dituztenen eskuetan egongo dela, eta haiek aginduko dietela nekazariei zer ongarri erabili etxaldeetan: «Hori esklabotza da».

Cidi Otieno KPLko idazkari nagusiaren arabera, hazien eta elikagaien merkatua kontrolatzea da asmoa: «Jendea ohartzen hasia da elikagai ekoizpena monopolizatzea eta kontrolatzea dela genetikoki eraldatutako organismoetan oinarritutako nekazaritzaren helburua. Kontua ez da produktibitatea handitzea».

Ados dago Olela, eta adierazi du gobernuak ez duela interesik nekazari indigenak ezagutu eta babesteko. Ondorioak larriak izan litezkeela uste du: «Genetikoki eraldatutako haziak ekarri eta gutarrek erabiltzen badituzte, gure kultura hil egingo da, poliki-poliki». Orain artean, tokian tokiko sarean euren haziak zaindu eta trukatzen dituzte nekazariek.

Hazi transgenikoak Kenyan

Mwai Kibakik, orduan Kenyako presidente zenak, 2012an debekatu zituen hazi transgenikoak, Osasun Ministerioak egindako txosten bat oinarri hartuta. Haren arabera, Kenya ez zegoen transgenikoak onartzeko prestatuta. Urriaren 3an, William Ruto presidente hautatua izan eta berehala, ordea, haren kabineteak debekua kentzea erabaki zuen. Nekazari talde batek helegitea jarri zion erabakiari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.