Madrilgo gizarte mugimenduetan infiltratutako polizia bat identifikatu dute

Bere burua justizia klimatikoko ekintzailetzat aurkeztu, eta Madrilgo La Hortaleza auzoko La Animosa gizarte zentro okupatuan infiltratuta egon da hiru hilabetez.

La Animosa gizarte zentro okupatuaren lokala, La Hortaleza auzoan (Madril). @CSOLAANIMOSA / TWITTER
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 15a
13:38
Entzun

>Bartzelonako gizarte mugimenduetan infiltratutako poliziaren albisteak sortutako harrabotsetik denbora gutxira, gizarte mugimenduetan infiltratutako beste polizia bat identifikatu dute Madrilen. Bere burua justizia klimatikoaren ekintzaile gisa aurkeztu zuen Mavik, 2022ko azaroaren 5ean, lehenbizikoz Madrilgo La Hortaleza auzoko La Animosa gizarte zentro okupatura hurbildu zenean.

Lehen aldi hartan, justizia klimatikoaren aldeko ekintza bat proposatu zuen Mavik. Egitasmoak ez zuen aurrera egin. Hala ere, handik astebetera Hortaleza Fighters herri gimnasiora joaten hasi zen —La Animosak abian jarritako proiektu bat da gimnasioa—.

Gaur urte eta erdi ireki zuten La Animosa gizarte zentroa, 2021eko azaroan. Urteak hutsik zeramatzan Sareb enpresaren jabetzako merkataritza lokal bat okupatu zuten. Hasiera-hasieratik jarri zituzten martxan hainbat proiektu, hala nola herri gimnasio bat, liburutegi bat eta auzoko edo Madrilgo kolektiboek ekitaldiak eta jarduerak egiteko erabili zezaketen espazio bat.

El Salto egunkariari mugimenduko hainbat kidek esandakoaren arabera, poliziak beren proiektuen eta La Animosako antolaketaren inguruko interes handia erakutsi zuen hasieratik. Handiegia, akaso. Gimnasioan ematen zituen orduak baliatzen zituen mugimenduko kideekin harremanetan jartzeko. Ona zen kontaktu fisiko handiko kiroletan, nahiz eta hark esan «inoiz» ez zuela halakorik egin.

«Oso jarrera adeitsua» zuen La Animosako kideekin. Eta inguruan zituenen arabera, iritzi bat edo beste zuen. Horiek hala, mugimenduko kideek aitortu dute hasieratik izan dituztela «Maviren inguruko susmoak», eta hura inguruan zebilenerako abian jarri zituzten segurtasun protokoloak.

Hutsetik eraikitako nortasuna

La Animosako kideen begietan, Mavi Lopez zen: Alboloten (Granada) jaiotako teleoperadore bat. Hain justu, herri berekoa zela esan zuen Bartzelonako mugimenduetan infiltratutako poliziak. Baina Mavik ez zuen horrela izena, eta ez zen herri hartakoa.

Hiru hilabetez murgildu zen mugimenduan, eta Bartzelonan infiltratutako poliziaren kasua argitara atera ondoren, gutxiago hasi zen parte hartzen. Asmatutako izenarekin bat egiten zuen Instagrameko kontu bat ere sortu zuen, baina La Animosako kideek haren benetako izena zuten zenbait profil aurkitu zituzten sare sozial batzuetan. Eta zera deskubritu zuten: Espainiako Polizia izateko hautaketa prozesua gainditu zuen 2022ko maiatzaren 9an.

Atzo, Madrilgo Poliziaren prentsa sailak adierazi zuen ez zuela horren berri. Baina El Salto-ren arabera, La Animosan ez ezik, Madrilgo beste zenbait militantzia taldetan ere ibili da azken hilabeteotan: Extinction Rebellion eta Futuro Vegetal justizia klimatikoaren aldeko taldeetan.

La Animosa mugimenduko kideek kontzentraziora deitu dute gaurko, atzo Twitterren argitaratutako prentsa oharraren bidez. Gertatutakoa «langile klasearen antolaketaren aurkako eraso sistematikotzat» jo zuten, eta salatu zuten «ezarritako ordena mantentzea» dela Espainiako Gobernuaren helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.