Albistea entzun

Finantzak

Credit Suisse bankuak hondoa jo du, eta izua zabaldu da sektorean

Suitzako finantza erakunde horren akzioek %24 galdu dute asteazken honetan, eta Europako banku nagusiek %8 inguru. Suitzako Banku Nazionalari laguntza eskatu dio.

Aste honetan porrot egin duen AEBetako Silicon Valley Banken lootipoa Credit Suissenarekin batera
Aste honetan porrot egin duen AEBetako Silicon Valley Banken lootipoa Credit Suissenarekin batera JIM LO SCALZO (Efe) Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2023ko martxoak 15

Beldurra itzuli da bankuen sektorera, eta, oraingoan, Europaren bihotzetik. Credit Suisseren akzioak %24 hondoratu dira asteazken honetan, bere finantza arazoak konpontzeko duen gaitasunari buruzko zalantzengatik, eta horrek sektore osoari eragin dio. Credit Suisse erori izanaren atzean dago Suitzako bankuko lehen akziodunak, Saudi Arabiako SNBk, uko egin diola kapital gehiago jartzeari. Argudiatu du akzioen %10eko mugara iritsi dela, eta legez ezin duela gehiago jarri.

Credit Suisseren arazoak aste honetan hondoa jo duen AEBetako Silicon Valley Bankenarenak (SVB) baino lehenagokoak dira, arrazoiak ere oso bestelakoak dira, eta eragina ere ezberdina izan daiteke. Izan ere, Credit Suissek 538.000 milioi liberaren aktiboak ditu (538.000 milioi euro), AEBetako bankuak halako bi baino gehiago.

Asteazken honetan gertatutakoa, hala ere, ez da ezustekoa izan. Credit Suisseren akzioen kotizazioa %70etik gora jaitsi da urtebetean, zazpi libera suitzarretik bi ingurura —1,7 gaur—. Eta bonuak ez ordaintzeko bere aseguruen (credit default swap, CDS) balioa maximo historikoetan dago, 800 puntuan. Bankuek bezeroekin dituzten zorrak ordaintzeko aseguru mota bat dira CDSak. Credit Suisserenak hain altu egoteak esan nahi du merkatuek gero eta posibleago ikusten dutela bankuak porrot egiteko aukera. 2009ko euroaren krisian Greziako bankuek zituztenen antzeko mailan daude.

Horrek guztiak Europako finantza sektore osoari eragin dio. Galera handiak izan dituzte asteazkenean: Frantziako Societe Generaleren akzioen balioa %12,2 jaitsi da, eta BNP Paribasenak %10,1. Espainian, Sabadellek galdu du gehien,%10,5. BBVAren akzioak %9,6 jaitsi dira, Santanderrenak %6,9 eta CaixaBankenak %6,7. Alemaniako Commerzbankek eta Deutsche Bankek %9 inguru galdu dute. Europako burtsek %4 inguruko galerekin itxi dute eguna.

Erabaki okerrak

Credit Suisse berregituraketa prozesuan dago, aspalditik duen krisi batetik ateratzeko. Kapital zabalkuntzak egin ditu azken urteetan; duela hiru hilabete egin zuen azkena eta 2.200 milioi libera suitzar (2.220 milioi euro) jarri zituen Saudi Arabiako SNBk, baina ez zen aski izan merkatuen konfiantza irabazteko.

Suitzako bigarren bankuaren arazoak aspalditik datoz. 2000ko hamarkadan jauzi handi bat egin zuen, eta banka pribatuko erakunde handienetako bat bihurtzeko pausoa eman zuen, mundu osora zabalduta, baina ez du lortu. Negozio eredu konplexu bat jarri zuen martxan, hainbat dibisiorekin, eta batez ere inbertsiogile eta korporazio handiei bideratutakoa. Porrot handi eta polemika iturri izan diren inbertsio funts batzuetan —Archegosen eta Greensillen, adibidez— parte hartu izanak galera handiak eragin dizkio, eta bezeroen konfiantza murriztuz joan da: azken urtean 123.200 milioi libera suitzar atera dituzte bankutik.

Iaz, plan estrategiko bat aurkeztu zuen, aktiboen zati bat saltzea eta egitura sinplifikatzea aurreikusten zuena. Kapital zabalkuntzan Saudi Arabiako SNBk parte hartu zuen, akziodun nagusi bihurtuz.

Erreskatea

Asteazken gauean Suitzako Banku Nazionala Credit Suisse laguntzeko prest azaldu da. Ostegun honetan igorritako ohar batean, bankuak iragarri du 50.000 milioi libera suitzar maileguan hartuko dituela. Erabakiak lasaitua eragin du burtsetan, eta igoera handiak izaten ari lehen orduetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Macronen aurka.</b> Frantziako presidentearen aurkako afixak ugaritzen ari dira. ©PATXI BELTZAIZ
<b>Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea eta Pello Otxandiano programa zuzendaria, atzo, Bilbon.</b> ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Sustraidun» industriaren bila

Imanol Magro Eizmendi

Baldintzapeko babes publikoa ematea eta langileek erabakiguneetan eragina izatea dira EH Bilduren industria planeko ardatzetako bi. Kooperatiba munduko izen ezagunak izan dira aurkezpenean.
Volkswagenen fabrika  Iruñean ©Jesus Diges  / Efe

Landabenen Poloak egiteari utziko dio VWek, elektrikoranzko obrek behartuta

Berria

Zuzendaritzak iragarri du 2025etik aurrera, urte eta erdiz, produkzioa erdira jaitsi beharko dela. Sindikatuek «kezka» azaldu dute trantsizioak eragingo dituen ondorioen aurrean.

Erretreten erreformaren aurkako manifa, gaur, Baionan. ©Patxi Beltzaiz

Sindikatuen arabera, 13.000 lagun mobilizatu dira Baionan erretreten erreformaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Apirilaren 6rako deitu dute hamaikagarren protesta eguna. Horren aurretik bilera batera deitu ditu Elisabeth Borne lehen ministroak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...