Albistea entzun

Espazioaren esplorazioa

Emakume bat Ilargira lehen aldiz eramango duen jantzia aurkeztu du NASAk

Axiom Space konpainiak garatu du, Artemis III misiorako. Zuria izango da, baina diseinuaren patentea babesteko, kapa gris batekin estali dute aurkezpenean.

Ilargira joateko diseinatu dute jantzia. /
Ilargira joateko diseinatu dute jantzia. / Axiom Space Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez Garmendia -

2023ko martxoak 15 11:24

Ilargira joateko Artemis III misioan erabiliko dituzten jantziak aurkeztu ditu gaur NASAk, Houstongo Espazio Zentroan (AEB). 2025ean Ilargira emakume bat lehen aldiz bidaltzea du helburu misio horrek, eta, abenduan jaurtigailua eta Orion ontzia probatu ondoren, beste urrats bat izan da. Lehen emakumearekin batera, lehen pertsona beltza eta AEBetatik kanpoko lehen astronauta bidaltzea ere helburu du Artemisek. Aurkezpenean esan dutenez, AEBetako biztanleen %90ek jantzi ahal izango lukete beren neurrira egindako horrelako jantzi bat. 2019an, barregarri geratu zen NASA, espazio ibilaldi batean tamaina ertaineko bi jantzi ez zituelako ISS Nazioarteko Espazio Estazioan, Anne McClain eta Christina Koch astronautentzat.

Jantziaren lehen aurkezpena izan da gaurkoa. Zuria izango da, halabeharrez, astronautak tenperatura altuetatik babesteko. Orain, ordea, kapa gris batekin estali dute, diseinuaren patentea babesteko. Ilargia esploratzeko erremintak ere izango ditu, Artemis misioaren helburua ez baita joan-etorriko bidaia bat egitea, baizik eta Ilargia bertatik bertara ikertzea eta denborarekin Ilargian kolonia egonkor bat ezartzea, 2033. urtean Martera joan ahal izateko.

Axiom Space konpainiak sortu ditu jantziak, eta aurkezpenean azaldu dutenez, malguagoak izateko eta babes handiagoa izateko diseinatu dituzte. AxEMU ibilgailuz kanpoko unitate mugikorra izena jarri diote. Jantziaren lehen prototipoa 2019an aurkeztu zuten, eta xEMU zuen izena. Baina NASAk 2021ean egindako auditoria batek agerian utzi zuen ez zituztela garaiz bukatuko; jabetu ziren 2025erako izango zituztela prest azkarrenez (hasiera batean, Ilargira 2024. urtearen amaieran joatea zen helburua). xEMU prototipoaren esperientzia baliatuz garatu dute AxEMU.

AxEMU jantzia, goitik behera. / Axiom Space

Auditoriaren ondoren, jantziak NASAn bertan garatu beharrean, kontratatzea erabaki zuen AEBetako espazio agentziak. Iazko udaberrian Axiom eta Collins Aerospace konpainiak aukeratu zituen NASAk bere misioetarako azken belaunaldiko espaziorako jantziak garatzeko, 3.319 milioi euroren truke, eta azkenean Axiomek egingo ditu Artemis III misioarenak; ISS Nazioarteko Espazio Estazioan erabiltzeko jantziak esleitu zizkion Collins Aerospaceri.

Axiomek jantzi horiek diseinatu, garatu, baloratu, egiaztatu, produzitu eta erremintaz hornitu beharko ditu. NASAk astronautak jantzi horrekin astronautak entrenatzeko eskuduntza mantenduko du. «NASAren eta Axiomen arteko elkarlana ezinbestekoa da Ilargira astronautak eramateko eta espazioan aurrerantzean ere AEBak lider izateko», esan du aurkezpenean Bill Nelson NASAko buruak. NASAren eta Axiomen arteko akordioaren arabera, garapenean lortzen diren datuak erabiltzeko eskubidea izango du AEBetako espazio agentziak, eta Axiomek beste bezero batzuei ere eskaini ahal izango die.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Elebitasunaren kontrako iritziek ez dute zerikusirik zientziarekin»

Iker Tubia

Elebidun batek garun isuri bat duenean, hizkuntza bakarra erabili ohi da afasia tratatzeko. Hori aldatu nahi du Blanco-Elorrietak. Elebidunen burmuinaren funtzionamendua ikertzen dihardu.
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Denok dugu atera nahi duen artista bat barruan»

Itsaso Jauregi

Artista izatearen inguruan hitz egin du Intxustak, baita CG Arte dendaren bilakaeraz ere: «Arreta handia eskaini behar zaio egunerokoari, eboluzioan ez galtzeko; beti adi egon behar duzu».
Nahia Sillero eta Sua Enparantza. ©EITB

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.