Netanyahuk ez du onartu Herzogek aurkeztutako erreforma judizialaren alternatiba

Israelgo presidente Isaac Herzogek ohartarazi du «gerra zibil baten ertzean» dagoela herrialdea. Protestak piztu dira berriro gaur goizaldean Jerusalemen, eta hamar lagun atxilotu dituzte.

Koalizioaren botere judiziaaren erreformaren aurkako protesta, Tel Aviven, gaur goizaldean. ABIR SULTAN / EFE
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 16a
13:59
Entzun

«Israel amildegiaren ertzean dago». Horixe esan zuen atzo Israelgo presidente Isaac Herzogek, eta gerra zibil baten arriskuaz ohartarazi zuen. Agintean dagoen eskuin muturreko koalizioak aurkeztutako lege erreformak sortu du ika-mika; zeinak xede duen Israelgo Auzitegi Gorenaren eskumen judiziala mugatzea. Herzogek erreforma horren alternatiba bat aurkeztu zuen atzo, baina Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk esan du gaur koalizioko kideak ez datozela bat presidentearen planarekin.

Besteak beste, koalizioaren asmoa da Auzitegi Goreneko epaileak hautatzeko prozedura aldatzea. Proposatzen dute parlamentuan gehiengoa duen alderdiko bost politikarik eta oposizioko politikari bakarrak osatzea epaileak izendatzeko batzordea.

Herzogen proposamenaren arabera, ordea, hamaika kidek osatuko lukete batzorde hori: gobernuan indarrean dagoen alderdiko edo koalizioko lau ordezkarik, botere judizialeko hiru kidek, oposizioko bik eta Justizia ministroak eta Goreneko presidenteak hautatutako bik. Hamaikatik aldeko zazpi boto beharko lituzkete epaileak izendatzeko.

Sionistek, ultraortodoxoek eta Netanyahu buru duen Likud alderdiak osatutako koalizioaren beste helburuetako bat da Israelgo Parlamentuak eskumena izatea Auzitegi Gorenaren erabakiak baliogabetzeko. Zeresan handia piztu du horrek; izan ere, Netanyahuren intereseko neurritzat jo dute askok. Ustelkeriagatik auzipetuta dago lehen ministroa.

Herzogen alternatibak ez lioke Gorenaren erabakiak baliogabetzeko eskumena emango parlamentuari. Are, indartu egingo luke Knessetean legeak behin betiko onartzeko prozedura. Egun, lege proiektuek hiru bozketa gainditu behar dituzte onartuak izateko. Presidentearen proposamenaren arabera, lau beharko dituzte; lehen hiru bozketetan, aldeko 61 boto, eta azkenekoan, berriz, 80.

Aldekoak eta aurkakoak, bakoitza berearekin aurrera

Herzogen arabera, «herritarren parte handi baten iritzia islatzen du» aurkeztutako alternatibak, eta berretsi zuen «konpromisoa ezinbestekoa» izango dela Israelek bizirik irauteko. Koalizioko kideek, ordea, bereari eutsi, eta baztertu egin dute presidentearen dokumentua: «[Presidenteak] aurkeztu dituen proposamenek egungo egoera berera eramango gaituzte».

Bide beretik, Herzogen proposamena kritikatu dute koalizioko hainbat kidek. Finantza ministro Bezalel Smotrichek hauxe idatzi zuen bere Twitterreko kontuan: «Errespetu handia diot presidenteari. Baina hark aurkeztutako planak erreformaren aurkakoen asmo guztiak biltzen ditu. Beraz, ezin da konpromiso baterako oinarria izan». Knesseteko presidente Amir Ohanaren ustez ere, haren alternatibak ez dio irtenbiderik ematen botere judizialaren eta gobernuaren arteko «harreman txarrari».

Dena den, egon da haren plana txalotu duenik ere. Oposizioko lider eta Israelgo presidente ohi Yair Lapidek Herzog zoriondu zuen «herrialdeari kalte egin diezaiokeen krisi ekonomiko eta sozial bat saihesteko» egindako ahaleginagatik. Eta mezu hau plazaratu zien herritarrei: «Borrokan jarraituko dugu Israel judu, demokratiko, liberal eta sendo baten alde».

Koalizioaren eta presidentearen arteko tirabirek herrialdeko mugak gainditu dituzte. Atzo goizean Ipar Amerikako Federazio Juduko 30 lider iritsi ziren Israelera. Erreformaren kontuak «kezka larria» eragin du Amerikan bizi diren juduen artean, eta horren inguruan Israelgo agintariekin eztabaidatzeko egin zuten bisita.

Protestek ez dute etenik

Gobernuak euren asmoak iragarri eta gutxira piztu ziren protestak. Gaur bi aste, manifestariek herrialdeko errepide nagusiak blokeatu zituzten, eta Knessetera hurbildu ziren bozketa blokeatu nahian. Bada, gaur goizaldean ere kalera irten dira milaka lagun, eta hamar lagun atxilotu dituzte protestetan.

Jerusalemen bildu dira, eta kaleetan barrena marra gorriak margotu dituzte, norabide argi batekin: Auzitegi Gorenaren eraikina. Iparraldeko Haifa herrian, berriz, kostaldea blokeatu dute. Manifestariek salatzen dute koalizioaren lege erreformak helburu duela «demokrazia eta botere judizialaren eskumenak ahultzea».

Mobilizazioei negar gasarekin erantzun diete Israelgo segurtasun indarrek. Atxiloketen harira, Lapidek salatu du «areagotzen» ari dela manifestarien aurkako indarkeria, eta horren erantzuletzat jo du Israelgo Gobernua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.