Gerra Ukrainan

Errusiak AEBen dronea uretaratu zueneko bideoa argitaratu dute

Birritan gerturatu zitzaion Errusiaren aireontzia AEBen droneari; bigarrengo aldian erorarazi zuen, helizea jota.

Errusiaren gerra hegazkina droneari hurbiltzen zaion unea. BERRIA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 16a
14:37
Entzun

Herenegun, Washingtonek egotzi zion Errusiari Itsaso Beltzean bere MQ-9 drone bat suntsitzea. Kremlinek hasieratik ukatu zuen halakorik egin izana; esan zuen «maniobra txar baten ondorioz» erori zela aireontzia uretara. «Probokazio gisa» ere hartu zuen Anatoli Antonov Errusiak Washingtonen duen enbaxadoreak dronea Errusiatik hain gertu pasatu izana. Kremlinen hitzok gezurtatu dituzte, ordea, AEBek: bideo bat argitaratu dute, non ikusten den gerra hegazkin batek nola erorarazten duen drone estatubatuarra.

Ikusten denez, birritan gerturatu zitzaion Errusiaren Su-27 aireontzia. Lehenengo aldian, erregaia isuri zion, eta gertutik pasatu zen; bigarrenean, berriz, erregaia isuri eta kolpea eman zion droneari helizean. Kolpearen unean, bideoaren seinalea galtzen da.

John Kirby AEBen Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaileak adierazi du saiatuko direla dronearen hondakinak bilatzen eta berreskuratzen, nahiz eta uste duen ez direla «gai» izango.

AEBen arabera, «errutinazko zaintza lanak» egiten ari zen uretara erori zen dronea; Ukrainako gerra hasiz geroztik, ohikoa da bi herrialdeen aireontziak Itsaso Beltzean ibiltzea. Herenegun, ordea, Krimeako penintsulatik gertu detektatu zuten dronea, eta AEBei leporatu zien hura sartzea beretzat daukan aire eremuan eta hura «urratzea». Baina beren horretan jarraituko dute AEBek: Kirby bozeramaileak azaldu zuen aurrerantzean ere egingo dituztela hegaldiak «nazioarteko aire eremuan», eta horretarako ez dutela behar «errusiarren baimenik».

MQ-9 droneak zaintza lanetarako diseinatuta daude —30 bat orduko autonomia dute—, baina borrokarako gaitasuna ere badute. AEBetako indar armatuen webgunean zehaztuta dagoenez, orduko 480 kilometroko abiadura har dezakete gehienez, eta 2.200 kilo pisatzen dituzte. Antovoven hitzetan, 1.700 kilo lehergai garraia ditzake; Washingtonen arabera, zortzi misilentzako lekua dute. Drone bakoitza 52 milioi euro kostatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.