AHT-a
Macronek dio Frantziarekin AHTaren lotura egitea «mahaiaren gainean» dagoela
Frantziako presidenteak ez du «konpromiso zehatzik» hartu nahi izan. Aste honen hasieran eskatu diote EAEko, Galiziako, Kantabriako eta Asturiasko presidenteek Macroni ahalegintzeko lotura 2030erako prest egon dadin.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Iñigo Urkullu lehendakariari esan dio Euskal Herria eta Frantziaren artean AHTaren lotura egiteko proiektua «mahaiaren gainean» dagoela eta «aztertzekoa» dela, baina ez du horren gaineko «konpromiso zehatzik» hartu nahi izan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez. Urkulluk Frantziako eta Espainiako presidenteei bidalitako gutunari erantzun dio, hain zuzen, Macronek. Gutun horretan, lehendakariak eskatu die euskal Y-aren lotura arintzeko. Lehendakariak Espainia eta Frantziaren «konpromiso falta» salatu du.
Berez, 2030erako zegoen aurreikusita AHTaren lotura egitea Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean, baina Frantziako Gobernuak iragarri du goizenik 2042rako egingo dutela lotura euskal Y-arekin. Horrek ezinegona sortu du Eusko Jaurlaritzan, eta Iñaki Arriola Garraioko sailburuak Europako Batasunari eskatu dio Frantziari «azalpenak» exijitzeko atzerapenaren inguruan.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere Galiziako presidente Alfonso Rueda, Kantabriako presidente Miguel Angel Revilla eta Asturiasko presidente Adrian Barbonekin bildu da aste honetan Gasteizen, eta lau presidenteek Espainiako Gobernuari eskatu zioten AHTak 2030erako Frantziarekin lotura izateko «ahalegin guztiak» egiteko.
Espainiak hartuko du Europako Batasunaren zuzendaritza aurtengo bigarren hiruhilekoan, eta Zupiriak zehaztu du kargu hori baliatzeko aukera daukala Espainiako Gobernuak AHTaren gaia hizpidera jartzeko, eta «posible den heinean» Frantziari presioa egiteko. Hain zuzen, Espainiako Presidente Pedro Sanchezek Urkulluren gutunari emandako erantzunean baieztatu du konpromiso hori hartuko duela.
Konpromiso falta
Gaur, Gobernuko kontrol saioan, Podemos-IUko Iñigo Martinez legebiltzarkideak Urkulluri galdetu dio Galiziako, Kantabriako eta Asturiasko presidenteekin batera egin duen bilkurari buruz. Lehendakariak esan du Europako «grabitate zentroa» ekialderantz mugitzen ari dela, eta horrek kezka eragiten diela presidenteei: «Ardatz atlantikoak Europari lotuta jarraitu behar du».
Horren harira, AHTaren loturak daukan garrantzia azpimarratu du, eta salatu Espainia eta Frantzia ez dabiltzala dagozkien konpromisoak betetzen trenbide bidezko konexioari dagokionez: «Bordele eta Akize arteko konexioa 2042. urtera atzeratzea eta Akize eta Hendaia arteko tartea prest egon dadin epe bat ez aurreikustea hartutako konpromisoak haustea da, eta horrek agerian uzten ditu Frantziako Gobernuaren kontraesanak». Gehitu du, gainera, Europak ezin duela onartu trenbide bidezko konexioa «estatu kide baten apeten araberakoa» izatea: «Hain gai delikatuak ezin ditu hainbeste aldaketa izan, ezin da modu inprobisatuan jokatu; ez da serioa».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.