Alderdiak
Nafarroan aldaketak «beste bultzada bat» behar duela aldarrikatu du Aznalek
Baluarten egindako ekitaldian, EH Bilduk foru hauteskundeetarako egitarauaren oinarriak aurkeztu ditu

Hurrengo legealdiari begirako lehentasunak eta oinarriak plazaratu ditu EH Bilduk, Iruñeko Baluarte jauregian. Koalizioko ordezkariek, atalka, hauteskunde programaren ideiak laburbildu dituzte.
Ekitaldian, halaber, Laura Aznal Nafarroako lehendakarigaiak hartu du hitza.
Aznalek nabarmendu duenez «premiazkoa da egoerak eskatzen duen mailako proposamen politikoak egitea», benetako eraldaketa bat bultzatu asmoz, Bere irudiko, azken bi legealdietan Nafarroan izan den aldaketa, «bere zailtasunekin eta gorabeherekin», bestelako paradigma politiko bat eraikitzeko aukera bat da.
Argi utzi du, Nafarroan akordio politikoetan EH Bildu tartean denean, «herritarrek eskubideak irabazten» dituztela.
Dena den, ondorengo lau urteetan aldaketak «beste bultzada bat» behar duela uste du. «Orain, etorkizuneko Nafarroa bidezkoagoa, demokratikoagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzeko jauzia egin behar dugu, eta hurrengo legealdia funtsezkoa izanen da aurrean ditugun etorkizuneko erronkei berme osoz aurre egiteko», aipatu du.
Lehentasunei begira, koalizioak hiru ardatz nagusi dituela azpimarratu ditu. Batetik, kalitatezko zerbitzu publiko eta komunitarioak bermatzea proposatu du, batik bat osasungintza, zaintzan eta hezkuntzan. Bigarrenik, eskubideak zabaltzeko beharra aldarrikatu du eta gizarte eta lurralde kohesioaren aldeko apustu garbia egitea —hala nola, etxebizitza duina izateko eskubidea, hizkuntz eta kultura aniztasunaren defentsa, politika feminista erreala eta mugikortasun jasangarria—.
Azkenik, beharrezkotzat jo du «bidezko irizpide demokratikoen gainean» eraikitako trantsizio energetikoaren eta ekologikoaren alde egitea, «espekulazioari aurre eginez eta autokontsumorako eta herritarren partaidetzarako ereduak sustatuz».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.