Albistea entzun

Pentsioak

Pentsioen erreforma motz gelditzen dela aldarrikatu du pentsiodunen mugimenduak

Milaka pertsona bildu dira Bilboko kaleetan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko

Pentsiodunek Bilbon egin duten manifestazioko pankarta nagusia.
Pentsiodunek Bilbon egin duten manifestazioko pankarta nagusia. Oskar Matxin Edesa Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2023ko martxoak 18 17:01

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak ozen esan du Bilboko kaleetan Espainiako Gobernuak pentsioak erreformatzeko diseinaturiko lege dekretuko berrikuntzak ez direla aski berientzat. «Erreforma hau ez da duela bost urte mugimendu bezala sortu ginenetik eskatzen eta defendatzen ari garena», aldarrikatu du Ana Agirre bozeramaileak Bilboko udaletxeko eskaileretan. Hiriko erdi aldeko kaleak gurutzatu dituen manifestazio jendetsuaren amaieran. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko deialdia izan da, astean zehar 150 pentsiodunek eginiko itxialdi eta baraualdiari amaiera eman diona.

Milaka lagun bildu dira Bilbon, eta deitzaileen arabera, horrek erakusten du pentsiodunen mugimendua «bizi eta osasuntsu» dagoela. Giharra erakutsi du mugimenduak, mobilizazio jendetsua izan baita. Moyua plazatik abiatuta ia Kale Nagusia hartu baitute. Pankartaren atzean baraualdian parte harturiko pentsiodunen taldea zegoen, eta ur botila hutsak eskuan hartuta mobilizatu dira. Aste osoa egin dutenek gaur goizean amaitu dute eta mediku baten onespenarekin hartu dute parte manifestazioan. Txalo ugari entzun dituzte.

Pentsiodunak kritiko izan dira aste honetan aurkezturiko dekretuarekin, oraindik Espainiako Gorteetan onartu beharko dena. «Pentsioak eta eskubideak murrizten dituen» prozesu baten parte dela kritikatu du Agirrek, eta alderdi positiboak izan arren, ez duela 2011koa indargabetzen. Gai berean, gehitu du «betirako» erreforma bat dela, eta pentsiodunek ikusten dutela, «erreformaz erreforma» gero eta zailagoa dela bizi mailari eustea.

Kritika EH Bilduri

Kritikak ez dira hor bukatu, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari leporatu diote 1.080 eurotik beherako pentsioak hobetzeko mekanismoak ez aktibatzea, eta gogoratu diote hori egiteko eskuduntza badutela. EH Bilduri ere egin diote kritika Espainiako Gobernuaren erreformari babesa emateagatik. Kasu horretan Jon Fano mugimenduko bozeramaileetako bat izan da mintzatu dena: «Alargunen laguntzak hobetzeko lorturiko akordioa ondo dago, baina ez da nahikoa babesa justifikatzeko».

Manifestazioa giro onean garatu da, eta oihu errepikatuenak «1.080 euroko pentsioa, posible da”, «Emakume zein gizon, pentsio berdina» eta «Agintzen duenak agintzen duela, pentsioak defendatu egin behar dira». Irten eta gutxira Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusiaren aurrean etenaldia egin du martxak, eta zahar etxetako egoera hobetzearen aldeko oihuak egin dituzte.

Martxa udaletxeko plazan amaitu da, «pentsiodunen plaza», deitzaileen ahotan. Genero arrakalaren aurkako oihuak entzun dira, eta Agirrek gogoratu du Euskal Herrian emakumezkoen pentsioak gizonezkoena baino %36 txikiagoak direla batez beste. Era berean, gogoratu dute kostuen garestitzea pentsioen eboluzioa baino handiagoa izan dela urte luzez, eta «gero eta zailago» dute hilabete bukaerara iristea. Hori dela, nabarmendu du kalera irteteko arrazoi asko daudela oraindik, eta mugimenduak «borrokan» jarraituko duela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tentsio uneak erretreten erreformaren aurkako mobilizazioetan

Hainbat lagun bildu dira Baionako komisaria aitzinean, lau atxilotuak askatzea galdegiteko

Ekhi Erremundegi

Frantziako Polizia oldartu egin zaie protestariei, sindikatuek deituriko erreformaren aurkako mobilizazioan. Baionako autobus geltokia blokeatu dute manifestariek, eta Txik Txak autobus zerbitzua gelditzea lortu.

Emakumezko garbitzaile bat, enpresa bat garbitzen. ©Gorka Rubio / Foku

Gutxieneko soldataren igoera bultzatzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari

Isabel Jaurena - Iñaut Matauko Rada

Gutxieneko soldata «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitate sozioekonomikoarekin bat etortzea» nahi dute. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute mozioa.

Itsasontz bat, Mahongo portuan (Herrialde Katalanak) ©David Arquimbau Sintes / EFE

Itsasoko kutsadura are gehiago murriztea adostu dute Europako Parlamentuak eta Kontseiluak

Iñaut Matauko Rada

2050erako itsasontzien isurien murrizketa helburua %75etik %80ra handitu dute. Salbuespenak izango dituzte uharte txikietako eta periferiako uhartediek.

Etxebizitza batzuen eraikuntza, Bilbon. ©LUIS TEJIDO / EFE

Babes ofizialeko prezioak igotzeak etxebizitzen eraikuntza suspertu du

Olatz Silva Rodrigo

Ascobi Bizkaiko eraikuntza patronalaren arabera, ekoizpena areagotu dute, baina ez da nahikoa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.