AEB-ak

Abortatzeko pilulak debekatu ditu Wyomingeko gobernadoreak

Legea uztailean sartuko da indarrean, eta sei hilabete arteko espetxe zigorra jaso dezake hura urratzen duenak.

Abortatzeko eskubidearen aldeko martxa bat, iazko uztailean, Washingtonen. WILL OLIVIER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko martxoaren 18a
15:43
Entzun

Wyoming ez da AEBetako lehen estatua abortatzeko pilulak debekatzen dituena, baina bai debeku hori lege batean jasotzen duena, etorkizun batean erabaki hori indargabetzea zailduz. Atzo berretsi zuen neurria estatuko gobernadore Mark Gordonek, baita erabakia defendatu ere: «Uste dut bizitza oro sakratua dela eta guztiekin jokatu behar dugula duintasun eta errukiz, baita jaio ez direnekin ere». Wyomingen soilik bortxaketa kasuetan, intzestua gertatzen denean edota amaren bizitza arriskuan denean da legezkoa abortua. Orain arte, gainera, estatu osoan erietxe bakarrak egin izan ditu abortuak, eta horiek soilik pilulen bidezko tratamenduarekin.

AEBetan, beste hamahiru estatutan daude debekatuta abortatzeko pilulak, eta beste hamabostek baldintza jakin batzuen arabera onesten dute tratamendua jaso ahal izatea; horietatik seitan emakumeek mediku azterketa bat igaro behar dute pilulak eskuratu ahal izateko. Wyomingen kasuan, helegiteek prozedura atzeratu ezean, uztailean sartuko litzateke indarrean debekua eta sei hilabete arteko kartzela zigorra jaso dezake hura urratzen duenak. Neurria gaitzetsi du Ameriketako Askatasun Zibilen Batasuneko ordezkari Antonio Serranok nabarmenduz pertsonen osasuna hartu beharko litzatekeela oinarri gisa «osasun erabaki garrantzitsuak» hartzeko, eta ez «helburu politikoak».

Gordonen erabakia heldu da, Texasen abortuak egiteko botikak auzitara eraman dituzten garai berean. Askatasunaren Defentsarako Aliantza erakunde katolikoak jarri du salaketa. Haren arabera, estatuetako gobernuen eskumena behar du abortatzeko baliatzen den osagai aktiboaren kontsumoak bertako legedia betetzen duela bermatzeak. Osagai aktibo hori mifepristona da, zeina abortatzeko piluletan erabiltzen den eta legezkoa den duela hogei urtetik hona. Gainera, iazko udan AEBetako Gorenak abortua eskubide gisa aitortzen zuen legea indargabetuz geroztik, gorantz egin du pilulen bidezko tratamenduen eskariak.

Abortuaren aldeko erakundeek iruzurtzat jo dute salaketa, izan ere, erakunde katolikoak Elikagai eta Botiken Agentziaren aurka jo badu ere, salaketa ez du hark egoitza duen estatuan jarri, Texasko Amarillo barrutian, eta han epaile kontserbadore batek ebatzi ohi ditu halako auzien %95. Donald Trumpek berak izendatu zuen Matthew Kacsmaryk epaile lanetarako; aurrez, erlijioarekin zerikusia duten auziak eramaten dituen abokatu bulego batean egin zuen lan.

AEBetako Justizia Departamenduak iragarri du helegitea jarriko duela, Kacsmaryk erakunde katolikoaren alde egiten badu. Horrek esan nahiko luke auzia goragoko auzitegietara bideratuko luketela, eta handik Gorenean amaitu dezakeela. Gorenean, baina, kontserbadoreak dira oraindik ere epaileetatik gehienak.

Bi piluletan lehena

Abortua legez kanpo utzi ondoren abortatu ahal izateko pilula bidezko tratamenduak debekatzea izan dute helburu mugimendu kontserbadoreek. Hori du xede Askatasunaren Defentsarako Aliantzak ere, haien eskaria onartuko balitz herrialde osoan debekatuko litzatekeelako mifepristona. Osagai hori baliatzen dute abortatzeko tratamenduetan. Horietan bi pilula hartu behar izaten dituzte emakumeek: lehenak haurdunaldiak aurrera jarraitzea eragozten du, eta bigarrenak odol isuria eragiten du eta umetokia husten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.